Berriak

Zientzia Euskadin 2017 Txostena

Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako Sailburuordea eta Fernando Cossío IKERBASQUEko Zuzendari Zientifikoa aldean zituela, Zientzia Euskadin 2017 Txostenaren emaitzak aurkeztu zituen urriak 11an. Txostenak Euskadiko emaitza nagusiak bildu ditu, ikerketa arloko langileei, zientziaren finantzaketari, emaitza zientifikoei eta transferentzia teknologikoari dagokienez, Ikerboost Euskal Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak monitorizatutako adierazleen bitartez.

Munduko ekoizpen zientifikoa urtez urte gehituz joan da, baina gaur egun nolabaiteko geldialdia sumatzen zaio. Euskadik estatuan eta munduan duen pisua etengabe hazi da azken hamarkadan hazkunde-tasa handiagoei esker. Nolanahi ere, Euskadi ez dago joera globaletik kanpo, eta 2016an aurreko urtean baino argitalpen gehiago egin diren arren, ekoizpen zientifikoa egonkortzeko bidean dagoela esan liteke.

Azken 10 urteotako bilakaera kontuan izanda, 2007. urtean argitaratutako 2.100 dokumentuen aldean, 2016an 5.212 dokumentu plazaratu ziren guztira, hamarkada bakar batean % 148ko hazkundea lortuz. Euskadiren pisu erlatiboa etengabe hazi da azken hamar urteotan, eta 2016an Espainiako ekoizpen zientifikoaren % 6,61 izan da.

Euskadi bosgarren postuan dago ekoizpen absolutuari dagokionez, eta zazpigarren postuan per capita egindako argitalpen kopuruaren arabera. Argitalpenen kalitatean egindako gorakada da esparru honetako albisterik onena, eta bi alderditan islatu da gorakada hori: alde batetik, lehen kuartileko aldizkarietan argitaratutako ekoizpen zientifikoaren portzentajea etengabe hazi da Euskadin azken hamarkadan, % 42,6tik % 51,62ra igaroz 2015ean. Era berean, ikerketen emaitzak argitaratzerakoan, Euskadiko ikertzaileek lankidetzan jardun ohi dute mundu osoko eragile zientifiko nagusiekin: Estatu Batuak, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Italia. Nazioarteko lankidetza hauetan, Euskadiko ikertzaileek nagusitasunezko posizioa izan ohi dute, eta kasu askotan, argitalpenen egile nagusiak izaten dira. Lidergo hori kontuan izanda, "zientzia-sistema ikerketaren kalitatea zalantzan jarri gabe haziz doala” esan liteke, Fernando Cossio Ikerbasqueko Zuzendari Zientifikoaren hitzetan.

I+G arloko gastuak autonomia-erkidegoetako BPGan duen portzentajeari dagokionez, Euskadi dugu 2015eko zerrendaburu BPGaren % 1,93az, Madril, Nafarroa eta Kataluniaren aurretik. Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuaren esanetan, emaitza hauek goitik behera frogatzen dute "Eusko Jaurlaritzak ikerketa giltzarrizkotzat jotzen duela Euskadiren etorkizunerako, eta horrexen aldeko apustuari eusten diola”.

Era berean, Euskadi hirugarren autonomia-erkidegoa da H2020 esparru programari atxikitako finantzaketa lehiakorra erakartzeko gaitasunari dagokionez (303 milioi €), Kataluniaren eta Madrilen atzetik. Gainera, Euskadik lortutako finantzaketa ia-ia bikoiztu egin du laugarren autonomia-erkidegoak (Valentziar Komunitatea) eskuratutakoa. H2020 Esparru Programa giltzarrizko tresna bilakatu da Europar Batasuneko ikerketa eta berrikuntza jardueretarako. Tecnalia, UPV/EHU eta Tekniker dira honelako finantzaketa lehiakorra duten zentro nagusiak.

Sektorekako ekoizpenari begiratuta, Euskadiko zientzia-ekoizpen osoaren % 57 inguru unibertsitateei dagokie –UPV/EHU buru dela, indexatutako 2.741 argitalpeneko ekarpenaz–, eta jarraian osasun sektorea eta zentro teknologikoak daude. Azken urteotan, euskal zientzia-sisteman gero eta garrantzi handiagoa duten eragile berriak agertu dira (BERC zentroak eta IKZak). Berrikitan sortutako BERC zentro eta IKZ batzuek 100 argitalpen zientifiko baino gehiago indexatuak dituzte urtean, eta horiexek dira aipamen-kopururik handiena jaso dutenak dokumentu bakoitzeko.

Ikerboost, Euskal Zientzia eta Teknologiaren Behatokia

IKERBASQUEko Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak, EAEn, Estatuan eta nazioartean kontrastatutako informazio-iturrien araberako adierazleak bildu ditu, euskal komunitate zientifikoa karakterizatu eta beste herrialdeetakoekin kualitatiboki nahiz kuantitatiboki konparatzeko aukera errazteko asmoz. “Zientzialariek aldizkari espezializatuetan argitaratzen dituzte ikerketetako emaitzak, beste ikertzaileekin batera partekatzeko; Ikerbasqueko Behatokiak argitalpen horiek guztiak monitorizatzen ditu, ale-kopurua, nazioarteko eragina eta gaien araberako espezializazioa bezalako alderdiak aztertuz”, Fernando Cossío IKERBASQUEko zuzendari zientifikoak azaldu duenez.

DESKARGA EZAZU ZIENTZIA EUSKADIN 2017 TXOSTENA