Berriak

“Kontaktu soziala” kontrolatzen duen zirkuito zerebralaren engrama bat aurkituta

Kontaktu soziala gizarte-harremanak eta afiliazioak eraikitzeko komunikabide indartsua da. Testuinguru egokian, kontaktu sozialak sentsazio eta sentimendu positiboak, afektibitate-loturak eta konfiantza eragiten dituzte, eskala handian harreman interpertsonalak, familiak, sare sozialak, komunitateak eta gizarteak eraikitzeko lagungarri izan daitezkenak. Kontaktu sozialaren bidezko interakzioak ongizate mentala zein fisikoa sustatzen ditu eta horrez gain epe luzerako ongizaterako onuragarria da. Hala ere, kontaktu sozialaren espazio-patroiak testuinguruaren menpe daude, sentimendu positiboetaz gain sentimendu negatiboak eraginez, gizartean onartuta dagoen kontaktu mota edo kantitatearen arabera, faktore batzuk kontuan izanda: genero, arraza, adin, estatus edo kultura.

Jokaera soziala nerbio-sisteman sustraituta dago, modu estereotipiko eta espezie-espezifikoan, baina aurretiko esperientziek modulatuta. Zirkuito neuralen azpian dauden interakzioak ulertzen hasi gara, periferiatik (azala) garunerarte, non kontaktu sozialari jarraitutako portaera-erantzunak sortzen diren.

2019. urtean, Achucarro Basque Center for Neuroscience (Bizkaia, Espainia) zentroko Mazahir T. Hasan Ikerbasque irakasleak vGATE (virus-delivered Genetic Activity-induced Tagging of cell Ensembles) puntako teknologia garatu zuen (Hasan et al., Neuron 2019;103(1):233-146.e8), aurretiko esperientzien bidez aktibatzen diren zirkuito zerebralak etengabe markatzen dituenak; gauza oso zaila. Teknologia honen balio erantsia, halaber, markatutako neuronak modu askotan manipula daitezkela da: honek haien propietateak modu zehatz batean ikertzeko aukera ematen du, horrela identifikatutako zirkuitoen zeregina zentzumen-esperientziekin, ikasketa eta memoria prozesuekin, eta jokaerarekin lotuz.

Hungariako Semmelweis Unibertsitateko Arpád Dobolyi eta Alemaniako Heidelberg Unibertsitateko Osasun Mentaleko Institutoko Valeri Grinevich irakasleen laguntzarekin, hiru ikerketa-taldeek sagua erabili dute modelo gisa. Saguak neurozientzia arloan hainbat motako jokaera soziala aztertzeko erabiltzen dira. Bi sagu elkartzean, haien arteko interakzioa hainbat fasetan bana daiteke: hautematea, hurreratzea, ikerketa eta ekintza. Ikertzaileek vGATE sistema erabili zuten, garuneko atal zehatz bat aztertuz: talamo atzeko nukleo intralaminarra. vGATE sistema erabiliz, “kontaktu soziala”-ren bidez aktibatutako zelula-multzoak (edo engramak) identifikatu eta markatu zituzten. Markatutako neuronetan, ikertzaileek neuronak denbora-kontrol zehatz batekin aktibatzeko gai den proteina bat kokatu zuten. Markatutako neuronen aktibazio kimiogenetikoak arratoi emeen arteko zuzeneko interakzio fisikoak areagotu zituen, beste jokaera-sozial desberdinetan eragin gabe. Beraz, identifikatutako “zelula-multzoak” ugaztunen jokaera soziala modulatzen dutela ondorioztatu zuten ikertzaileek.

Etorkizuneko ikerketetan, vGATE sistema erabili daiteke hainbeste jokaera sozialekin lotuta dauden zirkuito zerebralak manipulatzeko eta lokalizatzeko, kooperazioa barne. Horrez gain, vGATE sistemak zirkuito zerebral alteratu, anormal eta patologikoak identifika ditzake. Gehiago ikertu behar da kontaktuaren menpe dauden eta orden handiagoko zirkuito zerebraletara hedatzen diren azaleko fibren aktibazioarekiko lotura argitzeko, non ukimen-esperientzia aurkako jokaera-erantzunetan eraldatu daitekeen, garunaren egoera psikologikoaren arabera; kontaktu sozialak sentsazio positiboak eragin ditzake indibiduo batzuetan, baina beste batzuetan aurkakoa eragin dezake, AEN duten indibiduo askotan bezala. Kontaktu sozialaren arduradunak diren zirkuito zerebralek erabiltzen dituzten mekanismoak, baita aktibazio horri jarraitzen dion jokaera ulertzeak, aukera asko zabaldu ditzake zirkuito zerebralen terapeutika (Brain Circuits Therapeutics) arloan, AENak tratatzeko baita sendatzeko ere.

Lan hau Current Biology-n argitaratuta dago.

Erreferentziak:

Leire Martinez-ek itzulitako lana.