Zer gertatzen da gure burmuinean norbaitek hitz egiten duenean, eta entzuten ez badiogu? Zerk eragiten du ezpainen irakurketa gure garuneko jardueran? 90eko hamarkadaren amaieran egindako ikerketa zientifikoen arabera isiltasunean ezpainen irakurtzeak garuneko entzumen kortexa aktibatzen omen du. Hala ere, orain arte zientzialariek ez zekiten zer suposatzen zuen aktibazio hori.
Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) institutuko Nicola Molinaro Ikerbasque ikertzaileak zuzendutako ikerketa batek urrats bat gehiago eman du arlo honetan. Bere lanaren emaitzak diotenez, burmuina aktibatzeaz gain, mintzamen soinu uhinekin ere sinkronizatzen da garuna. Ikerketa hau The Journal of Neuroscience aldizkari ospetsuan argitaratu da.
Aktibazioaren eta sinkronizazioaren arteko ñabardura txiki hau neurologoentzat aldaketa handia suposatzen du esparru teorikoan, garun aktibazioak ez baitu isladatu behar entzuten ari denak hiztunak esaten duena berreraiki dezakeenik. "Gure entzumen kortexek ezpainen mugimenduekin sinkronizatzen dira hizlariak igortzen duen soinua entzun gabe. Horrek esan nahi du entzumen-eskualdeek ezer entzun ez arren, jasotzen duten informazio bisualarekiko sentikorrak direla", dio Molinarok.
Aurkikuntza garrantzitsu hau Molinarok datozen urteetan ikertu nahi duen beste ezezagun batzuetarako bidea irekitzen du. Hasteko, ikerketa honek entzumen-eskualdeak informazio askoz gehiagorekiko sentikorrak direla baieztatzen du, parametro desberdinak garuneko jardueretan zein neurritan eragiten dituzten ezagutzen ez den arren.
"Ahozko informazioa belarriaren kanaleaz gain, informazio bisualarekiko ere sentikorra da. Ahozko komunikazioa, azken batean, komunikazio multi-modal aberatsagoa da. Kasu honetan ahoaren mugimendua soilik aztertu dugu, baina informazio bisual askoz ere gehiago dago, hala nola keinuak, eskuen mugimenduak, keinuka, buruko mugimenduak ... ", dio ikerlariak.
Halaber, Molinaroren ustez, musikarien gaitasunak aztertzea interesgarria izango litzateke bere ikerketarako, "kolektibo hau mugimenduaren eta soinuaren arteko sinkronizazioarekiko askoz ere sentikorragoa baita".