UPV/EHUri atxikitako Tom Broadhurst Ikerbasqueko ikertzailea partaide duen nazioarteko lantaldeak inoiz ikusi den banakako izarrik urrunena identifikatu du. Izar urdin erraldoi hau Ikaro izenaz bataiatu dute, eguzkitik gertuen hegan egin eta lumaz eta argizariz egindako hegoak urtu zitzaizkion pertsonaia mitologiko grekoaren oroimenez.
Normalean, munduan dauden teleskopiorik handienak erabilita ere, ezinezkoa izango zatekeen fenomeno hau hautematea, baina izarraren distira ahula izugarri biderkatzea ahalbidetu duen naturaren txiripa bati esker, NASAren Hubble Teleskopio Espaziala erabiltzen duten astronomoek izarra aurkitu eta distantzia errekor berri bat ezartzea lortu dute.
Era berean, Ikaroren identifikazioaz, bertan behera geratu da materia ilunari buruzko teorietako bat. Ikerketa honen emaitzek bazterrean utzi dute materia iluna unibertsoaren hasieran sortutako hainbat zulo beltzek osatutakoa dela dioen teoria, izan ere, 13 urtez Hubble-ren laguntzaz monitorizatu diren hondoko izarren fluktuazio arinak beste era batera ikusiko ziratekeen tarteko hainbat zulo beltz baleude.
Informazio gehiago izateko: Nature Astronomy volume 2 (2018), pages334–342. doi:10.1038/s41550-018-0430-3