Berriak

Lehendakariak harrera egin die 2019an hasi diren ikerbasqueko ikertzaileei

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru, Euskadiko unibertsitateetan eta ikerketa-zentroetan lanean ari diren edo jardungo duten jakintza-arlo guztietako zientzialariei aitorpenak banatzeko ekitaldia egin da, Lehendakaritzaren egoitzan: horietatik 41, Ikerbasque Research Professor eta Researh Fellows programen bitartez sartu berri diren ikertzaileak dira; aitortutako beste 12 pertsonek kategoriaz aldatu eta ikerketa-karrera Euskadin finkatzeko aukera izango dute, Research Associate deialdiaren bitartez.

Ekitaldian, halaber, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Fernando Cossío Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak parte hartu dute, Euskadiko unibertsitate, ikerketa-zentro eta zentro teknologikoen arduradunak tarteko zirela.

Ikerbasqueren Research Fellows eta Research Professors programek, ikerketako talentua erakarri eta horri bertan eusteko helburu argia dute: alde batetik, atzerrian lanean diharduten zientzialariak erakartzea da helburua, arreta berezia eskainiz karrerako uneren batean kanpora joandako euskal ikertzaileak Euskadira itzultzeari; eta bestetik, Euskadin ikertzen dihardutenei ibilbidea finkatzeko aukerak eskaintzea. Gaur Lehendakariaren eskutik aitortza jaso duten 41 ikertzaileen artean, 13 (ia herena) euskal herritarrak dira, eta azken hauetatik zortzi, Euskadira itzuli dira.

Nazioarteko esperientzia luzea eta lidergo-gaitasuna duten ikertzaile kontsolidatuei zuzendutako Research Professors deialdiaren bitartez, 2019an 15 fitxaketa berri egin dira. Ikertzaile hauetako bat Rafael Yuste da, mundu mailan den neurozientifikorik onenetako bat. Yustek bideokonferentzia bidez hartu du parte, Amerikako Estatu Batuetan baitago une honetan.

Bestalde, Research Fellows programa, hainbat jakintza-arlotako 40 urtetik beherako adituak Euskadira ekarri eta bertan atxikitzeko eta zientzialari eta ikertzaileen “harrobi” bat sortzeko diseinatuta dagoen ekimena da. Research Fellow programari esker, 2019an 26 pertsona sartu dira Ikerbasquera, horietatik 14 –erdia baino gehiago- emakumeak.

Deialdi horien osagarri gisa, berriki Research Associate programa abiarazi da, aurreko bi kategorien arteko zubi-lana egin eta ikertzaile gazteei zein zientzialari kontsolidatuei egungo eskaintzak osatzea xede duena, ikertzaile-karrerako etapa desberdinak gainditzen laguntzeko asmoz. Deialdi honen bidez 12 ikertzaile hasi dira lanean aurten. Horietako batek, Asis Palazonek, Europako Ikerketa Kontseiluaren (ERC, European Reasearch Council) 2 milioi euroko ERC dirulaguntza entzutetsua eskuratu du.

Gaur egun, Ikerbasquek 270 ikertzaile ditu kontratatuak Research Professor, Research Associate eta Research Fellow deialdien bidez, eta guzti-guztiek Euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sisteman txertatuta dihardute lanean. Euskadiko unibertsitate eta I+G zentroak hainbat jakintza-arlotako adituen ekarpenez profitatzen ari dira dagoeneko, zientzia esperimentaletatik giza-zientzietaraino, medikuntza, ingeniaritza eta ikaskuntza teknikoak edota gizarte-zientziak barne.