Berriak

2D polimeroen formazio eta hazkundearen lehen argazkiak bereizmen submolekularrean

POLYMATen nahiz Euskal Herriko Unibertsitatean lanean diharduen Aurelio Mateo-Alonso Ikerbasqueko ikerketa-irakaslearen taldeak, KU Leuven-eko Unibertsitateko (Belgika) eta Aveiroko Unibertsitateko (Portugal) ikertzaileekin elkarlanean, 2D polimeroen formazio eta hazkundearen argazkiak bereizmen submolekularrean bildu dituen artikulua argitaratu du gaur Nature aldizkari ospetsuan.

Dagoeneko ezin dugu imajinatu bizitza polimerorik gabe. Polimeroz egindako produktuak gure inguruan daude, zuntz sintetikoz egindako arropatik hasi eta plastikozko lenteak dituzten betaurrekoetaraino. Polimeroak monomeroak deritzen molekula txikiak kate luzeak osatuz elkartzen direnean sortzen dira. Monomero batek bi monomero baino gehiagorekin erreakzionatzen badu, barne-egitura periodikoa duten xaflak sor daitezke, polimero bidimentsionalak (2D) delakoak. 2D polimero hauetako batzuk porotsuak dira eta mintza balira bezala erabil daitezke. Beste polimero mota batzuek etorkizun handia izan dezakete elektronika aurreratuan. Baina oraindik ez dakigu zehazki nola eratzen diren 2D polimero hauek. Garrantzi handikoa da hauen formazio-mekanismoa ezagutzea, material interesgarri hauen tamaina eta egituraren perfekzioa areagotzeko.

KU Leuven Unibertsitateko (Belgika), POLYMAT eta Euskal Herriko Unibertsitateko (Espainia) eta Aveiroko Unibertsitateko (Portugal) ikertzaileek indarrak batu dituzte 2D polimeroen sorrera dakarten erreakzio horien alderdi mekaniko eta zinetikoei buruzko informazioa lortzeko. Eskaner-tuneleko mikroskopia (mikroskopia ezoptikoaren mota aurreratu bat) erabili dute 2D polimero horien sorrera eta hazkundea denbora errealean egiaztatu ahal izateko, loturak sortu eta apurtu ahala, molekulaz molekula, soluzio erreaktibo batean murgildutako euskarri solido batean. Teoriaren laguntzaz, frogatuta utzi dute hainbat hazkunde-mekanismo daudela, eta horiek kontrolatuz gero, tamaina eta kalitate handiko polimero-xaflak sor daitezke.

Mateo Alonso irakaslea Kimika Organikoan lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan (1999), eta Master bat ere egin zuen bertan (2000). Ondoren, Kimikan doktoratu zen Londresko Unibertsitateko (Erresuma Batua) Queen Mary College delakoan (2004). 2004tik 2009ra bitartean, doktorego ondoko ikertzailetzat lan egin zuen Triesteko Unibertsitatean (Italia). 2009an, ikerketa-karrera independentea hasi zuen, taldeburu bezala, Friburgoko (Alemania) Ikasketa Aurreratuen Institutuan. 2012az geroztik, POLYMATeko eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Material Molekularren eta Supramolekularren taldeko burua da.

Mateo Alonso irakaslearen ikerketa-taldeak nanografenoen (tamaina nanometrikoa duten grafenoaren deribatuak) sintesian eta kimika supramolekularrean dihardu nagusiki, baita sistema hauek aplikazio elektronikoetan eta energian duten potentzialaren esplorazioan ere.

Haren ikerketa-lanak hainbat sari jaso ditu estatuan zein nazioartean: Triesteko Unibertsitateko Ikertzaile Gazteen Saria (Italia 2007); Friburgoko Unibertsitateko Eugen-Graetz Saria (Alemania, 2009); Espainiako Kimikako Errege Elkarteko Ikertzaile Gazteen Saria (Espainia, 2011); Estatu Batuetako Elektrokimika Elkarteko Nanokarbonoen Dibisioko Ikertzaile Gazteen Saria (AEB 2012) eta RSEQeko Ikerketa-Bikaintasunaren Saria (2021).

Artikuluari buruz informazio gehiago izateko: DOI: 10.1038/s41586-022-04409-6