Europako Batzordeak Europako Ikerketa Kontseilua (ERC, ingelesezko siglen arabera) sortu zuen 2007an, Europan bikaintasunezko oinarrizko zientzia sustatzeko asmoz, eta horretarako, laguntza ematen die ezagutzaren mugetan ikertzen jarraitu nahi duten edozein esparru eta nazionalitatetako ikertzailerik onenei. ERCk arrisku handiko ikerketa berritzaileak garatzea xede duten prestigio handiko proiektuak finantzatzen ditu. Sortu zenez geroztik, ERCk eragin nabarmena izan du Europako ikerketaren esparruan.
Urtarrilak 31ean, ezagutzera eman dute 7 eta 12 urte bitarteko esperientzia zientifikoa duten ikertzaile bikainei zuzendutako ERC Consolidator deritzon modalitateko deialdiaren emaitza, ezagutzaren mugan etorkizunik handiena duten ideiak finantzatzea helburu duena. Deialdi honetan, laguntzetako hiru Ikerbasquera etorri dira:
- Ainhoa Magrach Basque Centre for Climate Change (BC3) zentroan lanean diharduen Ikerbasqueko ikertzaileak 2 milioi euro (1.998.793€, zehazkiago esanda) jaso ditu GorBEEa proiektua garatzeko. Proiektu hau populazioaren ekologia, komunitatea, ekosistema eta kontserbazioa barne dituen asmo handiko ikerketa-programa da, biodibertsitate-mailen murrizketak ekosistema naturalaren dinamikan duen eragina ulertzen laguntzea xede duena. Gainera, GorBEEak ebidentzia zientifikoek egiaztatutako eremu babestuen inguruko maneiu-jardunbideak garatzeko ikuspegi aplikatua eskaintzen du, hainbat erabaki-hartzailerekin izandako lankidetzaren bitartez.
- Donostia International Physics Centerri (DIPC) atxikitako Miguel Moreno Ugeda Ikerbasqueko ikertzaileak ERC Consolidator Grant bat jaso du, 2.800.000 eurokoa. Europako Ikerketa Kontseiluaren laguntza honi esker, azken belaunaldiko ekipamendua erosi ahal izango da mKoiré proiekturako, oso tenperatura baxuak eta hutsaren baldintzak dituen grafenoan oinarritutako moiré motako materialen supereroankortasuna ikertu ahal izateko. Laguntzak azken belaunaldiko ekipamendua erosteko aukera erraztuko du material kuantikoen garapenean potentzial handia duen proiektu honetarako.
- Achucarro Basque Center for Neuroscience delakoan lan egiten duen Mariana Astiz Ikerbasqueko ikertzaileak 2 milioi euro jaso ditu (1.955.895 euro, zehazkiago esanda) StarTicking proiektua garatu eta data luzeko galdera honi erantzun ahal izateko: noiz eta nola abiarazten den erloju zirkadianoa. Honen bitartez, garuneko taupada-markagailu zentrala nola garatzen den eta amaren giroak saguengan zein gizakiengan duen eragina ikertu nahi du. StarTicking proiektuak mekanika arloko ezaguera baliotsuak emango ditu haurdunaldian gertatu eta bizitza osoko osasunaren gainean garrantzi handiko ondorioak dituen prozesu honi buruz.
Urtean biltzen diren milaka eskaerari bikaintasun zientifikoa irizpide bakarra duen nazioarteko ebaluazioa egin ondoren, proiektuen % 10-15ek baino ez dute lortzen finantzazio erakargarri hau. Aurten, 321 proiektu finantzatu dira, 657 milioi euroko aurrekontua tarteko.
Europako Ikerketa Kontseiluaren laguntza jaso duten ekimenek prestigio handia izan ohi dute nazioarteko komunitate zientifikoan, izan ere, esparru zientifiko guztiei zuzendutako laguntza hauek bikaintasunaren adierazletzat jotzen dira nazioartean. Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoaren esanetan, "ERC laguntzak lortzeak Euskadi nazioartean ikerketa aurreratuko eskualdetzat jotzea errazten du, bereziki han-hemenka dauden nazioarte mailako euskal ikerketa-taldeak eta bertan nazioarteko kategoriako ikerketa garatzeko eskaintzen diren baldintza egokiak kontuan hartuta".