Berriak

Maila globaleko ikerketak batek frogatu duenez, hiriek ez dute aprobetxatzen naturan oinarritutako soluzioek eskaintzen duten potentzial osoa

Naturan oinarritutako soluzioak (NoS) estrategia kritikotzat jo dira klima-aldaketa arindu eta horretara egokitzea xede duten asmo handiko helburu globalak lortzeko eta biodibertsitatearen galera gelditu eta buelta emateko. Soluzio hauen aldekoek beren-beregi nabarmetzen dute NoSek eremu horietako bakoitzean eragiteko duten gaitasuna, giza-ongizateari zein ekosistemaren osasunari dagozkien onurak turrustan sortuz. "Klima-bioaniztasuna-gizartea" (CBS) delako loturaren ideia hori Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Panelak (IPCC) eta Biodibertsitateari eta Ekosistemen Zerbitzuei buruzko Gobernuarteko Panelak (IPBES) argitaratu berri duten baterako txostenean jaso da.

Basque Centre for Climate Change zentroak (BC3), Ikerbasquek eta Almeriako Unibertsitateak egin, Nature Sustainability aldizkariak argitaratu eta Sean Goodwin BC3ko ikertzailea buru duen ikerketa batek frogatu duenez, NoSak mundu mailan aplikatzeak zuzeneko eragina du "klima-bioaniztasuna-gizartea" loturan eta epe luzeko egiazko aldaketa sustatzen ari dira hiriei klima-aldaketara egokitzen laguntzeko erabiltzen direnean.

 

Ikerketaren barruan aztertutako proiektuen banaketaren mapa, banaketarik baxuena urdin argian eta altuena urdin ilunean erakusten dituena (Artikuluko 1. Irudia; kreditua: Springer Nature Limited).

Ikerketa honetan zehaztutako lehen ondorioaren arabera, NoSak erabiltzen dituzten proiektuek arreta handiagoa eman behar diote testuinguru bakoitzean "klima-bioaniztasuna-gizartea" loturaren inguruko erronkei heltzeko baliatu den moduari. Ikerketak argi utzi du aztertutako NoSen % 2k baino ez dutela kontuan hartu klima-aldaketaren etorkizuneko inpaktuek NoSetan bertan izango duten eragina. BC3 zentroari atxikitako Marta Olazabal Ikerbasqueko ikertzaileak adierazi duenez, “prozesu naturaletan oinarritutako soluzioak izanik, NoSen inguruan erabilitako landare motak pertsonak bezain kalteberak dira klima-aldaketaren aurrean. Horregatik, etorkizunean onurak ekar ditzaten, NoSak klima-baldintza aldakorrekiko erresistentzia bermatuz diseinatu behar dira. Adibidez, espezieek tenperatura altuekiko erresistentzia izan behar dute zenbait lekutan, eta baldintza lehorragoekiko erresistentzia beste batzuetan”.

Klima-aldaketarekiko kalteberatasuna modu osagarri askotan murriztu daiteke, eta murriztu behar da, NoSen bitartez. Hala ere, ikerketa honetan, egileek egiaztatu dute egungo NoSak batez ere esposizioa murrizteko diseinatuta daudela eta ez dutela funtzionatzen klima-kalteberatasunaren beste ikuspegi batzutatik erabilita. Kasu gehienetan, NoSak klima-arriskuekiko esposizioa murrizten saiatzen dira, eurite handiak desbideratuz uholdeak saihesteko (uholde-parkeetara, adibidez). Etorkizunean, NOSek hirietako biztanleen beharrei heldu beharko diete, egokitze-estrategiak etxean eta hirian bertan garatzeko (adibidez, ura biltegiratzea eskasia dagoenerako) edota arriskuen inpaktua murrizten saiatzeko (adibidez, etxeak eta apartamendu-blokeak hozten laguntzea).

Ikerketa honetan egindako aurkikuntzek iradoki dutenez, pertsonak erdigunean kokatu behar dira NoSak diseinatzerakoan. Horren harira, ikerketaren egileek uste dute arazo sozialak ez direla berdin kontuan hartu NoSen inguruko proiektu guztietan, izan ere, NoS gehienek diseinuan justizia soziala nola edo hala aintzat hartzen duten arren, kasu gehienetan intereseko beste talde batzuei gaingiroki egindako kontsultak besterik ez dira. Proiektuen % 28k baino ez dute erakutsi NoSen inplementazioari lotutako balio anitzen (eta baztertuen) aldeko egiazko konpromisoa, eta % 20k besterik ez dute berariazko hausnarketarik egin, NoSetatik ateratako onurak (eta kargak) bidezkotasunez banatuko direla bermatzeko. Proiektuen gobernantzari dagokionez, proiektu guztien % 80 inguru erakunde publikoek finantzatu eta inplementatu dituzte, gehienak udal-gobernuek, eta datu honek are gehiago nabarmentzen du NoSen epe luzeko kalteberatasuna, gobernuen lehentasun eta aurrekontu aldakorrei lotuta dauden heinean.

NoSek hirietan epe luzeko egiazko aldaketa eraldatzailea sortzeko duen gaitasuna da ikerketa honetan aztertu den beste alderdi bat. Horretarako, NoS proiektuek sistema ekologikoan, gizartean zein hiriko azpiegituran duten eragina aztertu dute, eta proiektuen % 15ek baino gutxiagok esparru horietako edozeinetan gaitasun eraldatzailea dutela ondorioztatu dute. Egileen iritziz, joera horiek estu-estu lotuta daude gizarte-konpromisorik ezarekin (azaletik egindako kontsulta publikoetatik haratago), hiri-biodibertsitatearen baldintzak hobetzeko ikuspegi mailakatuarekin edota proiektuak hiri osoko hiri-plangintzarekin duen lotura mugatuarekin. Aipatzekoa da joera horiek ez direla berdinak eskualde guztietan, eta Latinoamerikako eta Afrikako hirietako NoSak direla nagusi eraldaketa ekologiko eta sozialarerako bidean.

Bigarren gomendioa magnitude honen azterketa sistematikoa egiteko erabil daitezkeen informazio-motekin lotuta dago. Analisi honetarako oinarritzat erabili den informazioa NoS proiektuei buruzko informazioa duten mundu osoko hainbat datu-basetatik jaso da. Ikerketako buru izan den Sean Goodwin ikertzailearen hitzetan, “gure lanean, garrantzitsua zen mundu mailako hainbat ikuspuntutako informazioa sartzea, ez bakarrik Ipar Globalekoa. Horregatik datu-base horiek izan dira eskualde mailan ordura arte baino aniztasun handiagoko informazioa lortzeko izan dugun aukerarik onena”. Hala ere, azpimarratzekoa da datu-base horietako proiektuen % 63 Europatik datorrela, eta ikerketa honen egileek adierazi duten bezalaxe, garrantzitsua da hainbat ikuspuntu bilduko dituen mundu mailako informazioa sartzea. Horregatik, etorkizunera begira, laguntza handiagoa beharko da tokiko baldintza eta esperientzia anitzak erakusten dituen testuinguruko informazio kritikoa gal ez dadin.

Erreferentzia bibliografikoa:

Goodwin, S., Olazabal, M., Castro, A. J., & Pascual, U. (2023). Global mapping of urban nature-based solutions for climate change adaptation. Nature Sustainability, 1–12. https://doi.org/10.1038/s41893-022-01036-x