Iñigo Urkullu Lehendakaria buru zela, Basque Quantum aliantzaren aurkezpen-ekitaldia izan da Donostian, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako diputatu nagusiak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua eta IBM-ko ordezkariak ere parte hartzaile zirela. Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta IBMk elkarrekin sustatutako proiektu honek teknologia kuantikoen ikerketarako zentro bat garatuko du Euskadin. Horrela, Euskadik “IBM Quantum System One” ordenagailua hartuko du, munduko seigarren superordenagailu kuantikoa, IBMk bultzatutako nazioarteko sare bati atxikia. Estatu Batuak, Alemania, Japonia, Kanada eta Hego Korearekin bat egiten du Euskadiko proiektuak. Ekitaldian izan dira, halaber, Pedro Azpiazu, Arantxa Tapia, Gotzone Sagardui eta Olatz Garamendi sailburuak ere.
Ekitaldian zehar, erakundeetako ordezkariek eta IBMko arduradunek balioa eman diote akordioari, zientzia-arlo estrategikoenetako bateko ikerketa mundu mailan gidatzeko aukera emango baitio Euskadiri.
Joan den astean IBMk eta Ikerbasque Fundazioak sinatutako akordioak 50,8 milioi euroko inbertsioa jasotzen du. Zenbateko hori Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren bitartez eman zaio Ikerbasqueri. Inbertsio horri, ikerketa-proiektuei laguntzeko foru-aldundiek bultzatutako beste ekarpen batzuk gehitu beharko zaizkio, bai eta azpiegitura batzuk eraikitzeko ere – dagoeneko garatzen ari dira –, ikerketa-beharrei erantzun ahal izateko. Guztira, Basque Quantum proiektuak 120 milioi eurotik gorako zuzeneko inbertsioa aurreikusten du 2028ra arte. Ekintzarik aipagarrienen artean, honako hauek daude:
- Ikerbasque eraikin berria;
- DIPC eraikin berria;
- Ikerketa-laborategi berriak;
- IBM-Euskadi Quantum Center;
- Nazioarteko ikerketa-proiektuak eta zentroak erakartzeko programa;
- Hezkuntza-programak eta talentua erakartzeko programak indartzea;
- Kuantikari lotutako berrikuntza publikoa eta pribatua bultzatzea Europa hegoaldean.
BasQuantum-en helburuak
Euskal erakundeen eta IBMren arteko aliantzaren helburua da gaur egun oraindik mugatzen zaila gertatzen den potentziala duten teknologia hauei bultzada ematea. Ikerbasqueren etorkizuneko eraikinean kokatuta, IBM-Euskadi Quantum Computational Center izango da proiektuaren ikerketa-ekintzaren epizentroa.
Oraindik funtzionamenduan hasi ere egin gabe dagoela, Euskadiren eta IBMren arteko aliantzak Euskadik nazioarteko panorama zientifikoan duen prestigioa sendotzea ekarri du. Europar Batasunaren Berrikuntza Handiko Eskualde eta Bikaintasun Polo izendatua, bertako zientzialarien kualifikazio altuak bazkide sendo eta balio berritzaile handiko gisa finkatu du Euskadi. Basque Quantum proiektuak ospe hori sendotzea du xede, eta nazioarteko panoramaren aurrean bazkide sendo eta fidagarri gisa agertzea. Gainera, teknologia kuantikoen bultzadari esker, ikerketa-profesionalen harrobi bat sortu ahal izango da, alor hori gidatuko duena.
Era berean, proiektu zientifikoak aberastasuna sortzea ere badu xede, bai ezagutzari dagokionez, bai Euskadin industriak sortu eta bultzatzeari dagokionez ere. Lehentasunezko helburua da sektore publiko eta pribatuen ahaleginak koordinatu ahal izatea, aukera-leiho berriak sortzeko, gizarte osoaren onerako.
Ekitaldiaren grabazioa ikusteko: