Europako Batzordeak aintzakotzat hartu du, Euskadik nazioarte mailako ezagutza eta ikerketarako polotzat duen posizionamendua indartzeko Ikerbasquek 2007az geroztik egin duen lana, eta ikertzaileak erakartzea xede duen Ikerbasqueren programa hautatu du garapen zientifikorako Europako ekimenik onenen artean, izan ere, Ikerbasqueren proposamena Europa mailan ondoen baloratutako 10 proposamenen artean dago, zazpigarren postuan alegia.
Europako Batzordeak 4 milioi euro emango ditu datozen 5 urteotan 30 ikertzaileren kontratazioa finantzatzeko. Munduko edozein lekutatik etorri eta ikerketa-esperientzia zabala duten jakintza-arlo guztietako ikertzaileak izango dira, eta Euskadin garatuko dute etengabe beren ikerketa-jarduna. Ikerbasquek arreta berezia emango dio emakumeen kontratatzeari.
Hautatutako pertsonek Euskadiko unibertsitate eta ikerketa-zentroetan lan egingo dute, 24 erakundetan guztira. Den-denak medikuntzan, biozientzietan, zientzia kimikoetan, matematikan, fisikan, teknologian, ingurumen-zientzietan, ekonomian, hizkuntzalaritzan, psikologian eta bestelako jakintza-arloetan aditutako pertsonak izango dira.
Ikerbasquek aurkeztutako SmartBRAIN3 proposamenak ikerketa sustatu eta ikertzaileen jarduera profesionala finkatzeko programa bat zehaztu du, nazioartekotasuna, sektoreartekotasuna eta diziplinartekotasuna ardatz, Euskadiko RIS3 Espezializazio Adimenduneko RIS3 estrategian zein Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuetan eta Europako Batzordearen Horizon Europe programan ezarritako erronkak eta lehentasunak betetzen laguntzeko asmoz.
Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak nabarmendu duenez, “Europako laguntza hau oso garrantzitsua da, talentua erakartzeko euskal estrategiari ematen dion babesagatik nahiz laguntzari atxikitako munta handiko ekarpen ekonomikoagatik. Europako laguntza honi esker, Euskadi zientziaren arloko Europako erreferentetzat finkatu da; nazioartean ikerketa aurreratua duen eskualdetzat aitortu gaituzte dagoeneko, izan ere, nazioarte mailan diharduten euskal ikerketa-taldeekin batera, hemen nazioarte mailako ikerketa garatzeko baldintza egokiak betetzen dira".
Laguntza honetaz profitatzeko lehen deialdia irekita dago irailaren 15era arte: Ikerketa-esperientzia zabala duten mundu osoko eta jakintza-arlo guztietako ikertzaileek eskabideak aurkez ditzakete IKERBASQUEren webgunearen bidez (www.ikerbasque.net). Jasotako hautagaitzak nazioarteko ebaluazio-prozesu zorrotz batean aztertuko dira, Europako Batzordeak ezarritako bikaintasun zientifikoko irizpideetan oinarrituta. Nazioarteko zientzialari-talde batek aukeratuko ditu hautagairik onenak.