Berriak

"Balioen krisi" batean oinarritzen da bioaniztasun- eta klima-larrialdia

Mundu osoan, jendeak erabilera ekonomikotik harago doazen askotariko modutan eta modu sakonetan hartzen du aintzat natura. Alabaina, jendeak naturarekin harremanetan jartzeko erabiltzen dituen askotariko modu horiek ez dira behar bezala islatzen hartzen diren erabaki politiko eta ekonomiko garrantzitsuenetan. Nature-n argitaratutako ikerketa berri baten arabera, naturaren gutxiespen hori gaur egungo ingurumen-krisiaren oinarria da. "Balioen krisia" balioen multzo oso mugatu baten etengabeko nagusitasuna da, eta frogatu da balio horiek desegokiak direla bioaniztasunaren eta klimaren larrialdi dualari aurre egiteko. Halaber, aldaketa eraldatzailearen bidez bidezkoagoa eta jasangarriagoa den etorkizun bat lortzeko beharrezko baldintzak susta ditzaketen "balioetan ardaztutako lau ikuspuntu" identifikatzen dira ikerketan: naturari dagozkion balioen aniztasuna aintzatestea, askotariko balio horiek erabakiak hartzen direnean kontuan hartzea, politikak berritzea eta instituzioen aldaketa sakonak bultzatzea, eta gizarte mailan ezarritako arauak eta helburuak aldatzea jasangarritasunarekin bat datozen balioak babesteko.

Gaur egun, merkatuan oinarrituta dauden natur balioak (esaterako, modu intentsiboan ekoiztutako elikagaiekin eta bestelako gaiekin erlazionatutakoak) merkatuan oinarrituta ez dauden balioei nagusitzen zaizkie maiz; azken horiek naturak jendeari egiten dizkion bestelako hainbat ekarpenekin erlazionatuta daude (adibidez, aldaketa klimatikora egokitzea edo identitate kulturalak babestea), eta jasangarriak eta bidezkoak diren gizarteak erdiesteko bezain funtsezkoak dira. Aldi berean, bioaniztasuna babesteko politikek (adibidez, babestutako guneen sareak handitzea) naturari dagozkion balio-multzo mugatuei ere eman diete lehentasuna maiz. Sarritan Herri Indigenen eta tokiko komunitateen balioak baztertu dituzte, zeinak lurraldeen bioaniztasuna babesten baitzuten.

Ikerketaren egileen arabera, bidezkoagoa eta jasangarriagoa den etorkizun bat erdiesteko, ezinbestekoa da epe laburreko mozkinen eta hazkunde ekonomikoaren ikuspuntu gailena alde batera uztea. Izan ere, erabaki ekonomiko eta politikoetan askotariko natur balioak kontuan hartzearen kontura garatu da garapenaren ikuspuntu hori.  "Inoiz baino premiazkoagoa da erabaki publikoak eta pribatuak hartzen dutenek natura nola eta zergatik gutxiesten duten hobeto ulertzea. Kunming-Montreal Aniztasun Biologikoaren Munduko Esparruak, Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) eta antzeko mundu mailako hitzarmenek natur balioak ekintza bihurtzen dituzten prozesu inklusibo eta partizipatiboak eskatzen badituzte ere, ingurumen- eta garapen-politika nagusiek oraindik ere lehentasuna ematen diete merkatuan oinarritutako natur balioen multzo mugatu bati", dio Unai Pascual ikerlariak (Basque Centre for Climate Change [BC3] eta Ikerbasque). Pascualek Assessment Report on the Diverse Values and Valuation of Nature (Values Assessment) ikerketa zuzendu du Bioaniztasunari eta Ekosistemen Zerbitzuei buruzko Gobernuarteko Plataformaren (IPBES) lehendakarikide gisa.

Values Assessment txosteneko (IPBESeko 139 estatu kidek onartua) 2022ko uztaileko argitalpenaren ildoari jarraitzen dio artikuluak. Nature aldizkarian kaleratutako artikuluan, txostenaren emaitza nagusiak laburtzen eta nabarmentzen dira. 50.000 argitalpen zientifiko baino gehiagoren, politikei buruzko dokumentuen, eta Herri Indigenen eta tokiko ezagutza-iturburuen berrikuspen batean daude oinarrituta emaitzok. "Balioetan ardaztutako ikuspuntuen" konbinazioak proposatzen dituzte Pascualek eta beste egileek, jasangarritasunean eta justizia sozialean (esaterako, jendearen eta naturaren bidezko trataera, belaunaldi arteko eta belaunaldi barneko ekitatea barne) eragin negatiboa duten oraingo erabakiak eraldatzeko beharrezkoak diren aldaketak erabiltzearren.

Gizarte guztietan, arau sozialetan eta legezko arauetan ere oinarritutako balio sakonak eta ondo errotutakoak daude (hala nola zaintza eta justizia), baita jendeak egunerokotasunean azaleratzen dituen balioen justifikazio zehatzak ere jendeari natura zergatik axola zaion azaltzeko, balio hauek barne: balio instrumentalak (adib., natura aktibo ekonomikotzat hartzea), naturaren berezko balioak (adib., etikoki natura bere onerako zaintzea) eta harreman-balioak (adib., naturarekiko harreman sakonetatik eratortzen diren balioak, hala nola partaidetza-sentimendua edo identitate kolektiboak). Balio ekonomiko, ekologiko eta soziokulturalen adierazleen edo neurketen sorta batean oinarritutako balorazio-metodo multzo zabal batekin neur daitezke natur balio mota horiek guztiak. Hala, Nature aldizkarian argitaratutako ikerketan aipatzen den bezala, ez da falta natur balioen aniztasuna ulertzeko eta aintzatesteko balorazio-metodorik.

"Zientzialariek balorazio-metodo multzo zabala garatu dute. Hauxe da falta dena: gobernuek eta garrantzitsuak diren beste aktoreek metodo horiek aplikatzea eta erabakiak hartzean, ordezkaritza, ekitatea eta balorazio-prozesuetan sartuta dauden alderdien arteko botere-harremanak kontuan izatea ", dio Pascualek.
Ikerketaren egileek gizarteko egituren (adibidez, lege-instituzioak) oinarri diren balioak orekatzea eskatzen dute, sakonki errotuta dauden balioak sustatuta, hala nola batasuna, zaintza, elkartasuna, erantzukizuna, elkarrekikotasuna eta justizia, bai pertsonekiko, bai naturarekiko. Horrez gain, ikerketak dio erabakiak hartzeko balantza askotariko natur balioetara orekatzea sistema osoaren eraldaketaren zati oso garrantzitsu bat dela, eraldaketa hori beharrezkoa baita bioaniztasunaren eta larrialdi klimatikoaren egungo krisiari aurre egiteko. Bi elementu horiek beste ingurumen-hondamen eta giza hondamen batzuekin estu erlazionatuta daude; besteak beste, kutsaduraren areagotzearekin, pandemia berriekin eta ingurumenarekin lotutako bidegabekeriekin. Horretarako, "garapen" eta "ongizate" hitzen beste definizio batzuk aurkitu behar dira, eta jendeak elkarren artean eta naturarekin harremanetan jartzeko dituen askotariko moduak aintzatetsi.

Nature-n argitaratutako artikuluan babesa ematen zaie ingurumen- eta garapen-erabakiak hartzean ikuspuntu partizipatiboagoak sortzeko duela gutxi egindako esfortzuei (esate baterako, Kunming-Montreal Aniztasun Biologikoaren Mundu mailako Esparruan adierazitakoak). Testuinguru horretan, baina, hauxe nabarmentzen du ikerketak: Herri Indigenen eta tokiko komunitateen, eta haien eskubideak eta lurraldeak babesten dituztenen balioak aintzatesteak eta kontuan hartzeak ere politikak inklusiboagoak izatea eragiten du, eta horrek jendearentzako eta naturarako ondorio hobeak dakartza nabarmenki. Unai Pascualek dioen bezala, "gure analisiak erakusten du Kunming-Montreal Aniztasun Biologikoaren Mundu mailako Esparruko eta antzeko helburuak betetzeko daukagun aukerarik onena da natur balioen aniztasuna gizartearen eta gure ekonomien sektore guztietan ehuntzea".  

Bibliografia

Pascual et al. 2023. Diverse values of nature for sustainability. Nature. DOI: 10.1038/s41586-023-06406-9.