Berriak

Laboreen ekoizpen globala mehatxupean, polinizatzaileen gutxiegizko bisitaren ondorioz

Polinizatzaileen populazioak erabakigarriak dira elikadura-sistema globalen egonkortasunerako, izan ere, elikagaien laboreen % 75 baino gehiago intsektu horien mende daude mundu osoan. Hartara, elikagaien ekoizpen globala gero eta arrisku handiagoan dago polinizatzaileen populazioan izandako beherakadaren eraginez, izan ere, mundu osoko laborantza-sistemetan % 28-61ek errendimendu-mugapenak ditu polinizatzaileen gutxiegizko bisitaren ondorioz. Ikerlan honek zehatz-mehatz aztertu ditu polinizatzaileen bidezko mugapen horiek hainbat laborantza-sistematan, eta polinizatzaileen kudeaketa espezifikoaren premiazkotasuna nabarmendu du nekazaritzako produktibitatea mantendu eta hobetu ahal izateko.

Ikertzaileek landare eta polinizatzaileen arteko 198.360 interakzio aztertu eta 2.083 errendimendu-neurketa egin dituzte 120 ikerketa-sistematako 32 labore-espezietan, eta sistema horien % 28-61 polinizatzaileek mugatuta daudela frogatu dute. Rutgerseko Unibertsitateko Katherine J. Turo ikertzaile eta ikerketaren egile nagusiak nabarmendu duenez, munduko nekazaritzaren zati esanguratsu bat gorriak eta beltzak jasaten ari da egun polinizatzaileen eskasiagatik, eta horrek eragin zuzena du laboreen errendimenduetan.

Ikerlanak zehaztu duenez, polinizatzaileen bidezko mugapenak eragin handiagoa izan ohi du ahabi, kafe eta sagar laboreetan. Bitxikeria moduan, polinizatzaileen bidezko mugapenak izateko probabilitatea txikiagoa da laborantza-soro baten inguruko kilometro bateko erradioan baso-azalera handiagoa baldin bada, batez besteko eraginaren desberdintasunak txikiak izan arren. Ainhoa Magrach BC3ri atxikitako Ikerbasqueko ikertzaile eta ikerlanaren egilekidearen esanetan, “badirudi baso-eremuek funtsezko habitatak eskaintzen dizkietela polinizatzaileei, alboko laborantza-soroetan errendimendu-mugapenak izateko probabilitatea murriztuz”.

Aurkikuntzak kezkagarriak diren arren, ikerlanak itxaropenez betetako ikuspegia eskaintzen du. Polinizatzaileen bisitan igoera errealistak eragiteak laboreen errendimendu-gabeziak arintzeko aukera emango lukeela iradokitzen du. Ikertzaileen kalkuluen arabera, polinizatzaileen bisita ikerketa-sistema bakoitzaren 90. pertzentilean behatutako mailetara igotzeak errendimendu handi eta txikiko soroen arteko errendimendu-arrakalen % 63 ixteko aukera emango luke. “Honek iradokitzen duenez, polinizatzaileen populazioetan hazkunde errealistak eraginez gero, nabarmen handitu ahal izango genituzke laboreen errendimenduak, elikadura-segurtasun handiagoa eta nekazarientzako egonkortasun ekonomiko hobea ziurtatuz”, nabarmendu du Magrach doktoreak.

Ikerketan jasotako ondorioen arabera, polinizatzaileekiko mendekotasuna faktore mugatzailea da egun nekazaritza globalean, eta ez etorkizuneko kezka hutsa. Bertan azpimarratu denez, polinizatzaileen dentsitate sendo eta altuek nabarmen murriz ditzakete errendimendu-arrakalak, bereziki balio handiko eta nutrienteen dentsitate handiko laboreetan. Polinizatzaileek eragindako mugapenen faktore unibertsalak identifikatzeko erronken gainetik, ikerketak inguruko baso-habitaten eginkizun kritikoa nabarmendu du arazo hori arindu ahal izateko.

Emaitzek argi utzi dute polinizatzaileen kudeaketa espezifikoak laboreen errendimenduak hobe ditzakeela mundu osoan, basoko polinizatzaileen kontserbazioa eta gobernatutako erleen populazioaren hobekuntza barne hartuta. Ikerlanaren ikuspegi estatistiko berritzaileak balio handiko tresna eskaintzen du etorkizuneko ikerketetak eta politikak bideratzeko, betiere nekazaritzaren produktibitateari eustearren, polinizatzaileen populazioaren murrizketa gorabehera.

Ikertzaile-taldearen iritziz, intentsifikazio ekologikoaren eta habitaten kontserbazioaren bitartez polinizatzaileen dentsitateak areagotuz gero, hobekuntza nabarmenak lor daitezke laboreen errendimenduetan mundu osoan, helburu ekonomikoak zein elikagaien segurtasunari dagozkionak babestuz. Aurkikuntzek beren-beregi azpimarratu dute polinizatzaileen inguruko ikerketan eta kontserbazio-estrategietan etengabe inbertitzeko premia, nekazaritza arloko erronka larri horri aurre egin ahal izateko.

Ikusi ikerlan osoa hemen: https://www.nature.com/articles/s41559-024-02460-2