Berriak

“Argi-hodiak”, teknologia kuantikoen iraultzarako

Egun gertatzen ari den bigarren iraultza kuantikoan, mekanika kuantikoa laborategiko bitxikeria izateari utzi eta mundu errealeko tresna bihurtu da. Honen adibide garbia dugu informazio-sare kuantiko sofistikatuen garapena. Bide honetan aurrera egiten jarraitzeko, garrantzi handikoa da argiaren manipulazioan oinarritutako teknologiak garatzea, orain arte ezin gaindituzkoak ziren egungo erronkei aurre egin ahal izateko. Teknologia horien artean daude frekuentzien bihurketa kuantikoa eta banakako fotoien zein korapilatutako fotoi-bikoteen distantzia luzeko garraioa.

Science aldizkari ospetsuak argitaratutako ikerketa batean, UPV/EHUn lan egiten David Novoa Ikerbasqueko ikertzailea buru, zuntz optiko mikro-egituratuaren mota berri bat erabili dute, eta Internet etxera ekartzen diguten zuntz konbentzionalek ez bezalaxe, argia hodi huts batean zehar gidatzeko gaitasuna du, indargabetze arras baxuarekin. "Argi-hodiak" balira bezala funtzionatzen duten mota honetako zuntz optikoek ez dute parekorik, izan ere, gasez presio desberdinetan betetzen direnean, haien propietate optikoak birkonfiguratzeko aukera dago. Honi esker, ultramoretik infragorriaraino doan espektro-tarte zabal-zabalean jarduteko gaitasuna duten aurrekaririk gabeko plataforma moldakorrak bihurtu dira.

Ikerketa honetan, zuntza hidrogenoz bete dute (gas egoeran), izan ere, naturako molekularik arinena denez gero, funtsezko bibrazio-maiztasunik altuena du. Raman efektu estimulatua deritzonaren bitartez, zuntzak gasezko nukleoaren molekulak optikoki kitzikatzeko gaitasuna du, doitasun osoz sinkronizatuta oszila dezaten. David Novoaren hitzetan, “molekulen koreografia honek laburbiltzen du gure sistemaren edertasuna: argi-iturri kuantikoek (fotoiek) molekula oszilatzaile horien bibrazioaren energia erauzteko gaitasuna dute egoera jakin batzuetan, beraien energia handitu eta frekuentzia (kolorea) aldatzeko”.

Lan honek argi utzi du zuntz optiko anti-erresonanteen abangoardiako teknologia erabil daitekeela argiarekin lotutako teknologia kuantikoen prozesu kritiko bat hobetzeko, frekuentzien bihurketa kuantikoa kasu. Sare kuantikoak eta antzeko sistema konplexuak hainbat azpi-sistemaz osatuta daude, baina normalean ez dira bat etortzen eragiketa arloko frekuentzia egokiari dagokionez. Horregatik, izaugarri erabilgarria izango litzateke maila kuantikoko frekuentzia optikoak espektroaren tarte zabal-zabal batean bihurtzeko gaitasuna duen teknika bat erabiltzeko aukera izatea.

Ikerketa hau Alemaniako Max-Planck Institute for the Science of Light eta Friedrich- Alexander Universität partaide dituen nazioarteko lankidetza baten emaitza da.