Berriak

Biraka dabiltzan galaxiarteko filamentuak

Unibertsoan gauza asko dabiltza biraka, tamaina guztietakoak, txikiak zein erraldoiak, eta orain astronomoek handienak aurkitu dituztela ematen du. Gure munduan, biraka ibili ohi dira elektroiak atomoen inguruan, baita zibak eta patinatzaile artistikoak ere. Adibide horietan, hainbat eskala ageri dira, izan ere, patinatzaile artistikoa atomoa baino 10 mila milioi aldiz handiagoa da, gutxi gorabehera, eta patinatzaile artistikoarengandik eskala handiagoetara urrunduz gero, hamarnaka mila argi-urteko luzerak aurki ditzakegu, Esne Bidea deritzon gure galaxiaren erradioa ia-ia berdinduz. Hau ere biraka dabil, eta errotazio horren iraupena, “urte galaktikoa”, ehunka milioi urtekoa da.

Orain, UPV/EHUn lan egiten duen Mark Neyrinck Ikerbasqueko ikertzailea partaide izan duen nazioarteko ikerketa batek galaxiarteko filamentuen errotazioa neurtu du. Horiexek dira unibertsoko elementu birakaririk luzeenak, edo behintzat, luzeenak. Taldeak galaxien formazioa nahiz galaxiak lotzen dituzten filamentuen sare kosmikoa modelatu dituzten ordenagailu bidezko simulazioen laguntzaz neurtu du errotazio hori.

Aztertutako filamentu birakari tipikoak hamarnaka milioi argi-urteko luzera eta milioika argi-urteko lodiera du, eta bere ardatzaren inguruan bira egiten du, luzeran biratu beharrean. Errotazio hau ez da gorputz solido baten edo automobileko ardatzaren errotazioa bezalakoa, eta ondorioz, zutabearen ertzak askoz ere azkarrago mugitzen dira erdigunetik gertu dagoen materia baino. Halaber, ez da tornadoa edo zurrunbiloa bezalakoa, hauen abiadura askoz ere azkarragagoa baita erdialdean, baizik eta bi adibide horien artean kokatzen da. Filamentuak funtsezko azpiegitura bat ere izan ohi du, seguraski galaxia ugarik osatutakoa. Urte galaktikoa luzea baldin bada, filamentu-urtea erabat astuna da. Filamentu gehienek errotazio osoa egin behar dute, duela milaka milioi urte sortu zirenez geroztik. Baina batzuek azkarrago bira egiten dute, eta horien tamaina handiari erreparatuta, errotazio-abiadura guztiz azkarra dute giza-estandarren ikuspegitik aztertuta: ehunka mila kilometro ordukoa.

Aurkikuntza teoriko honen berri jakin bezain laster, beste talde batek, Potsdamgo Leibniz Astrofisika Institutuko Noam Libeskinden zuzendaritzapean, filamentu birakariak bilatzeari ekin zion unibertso errealean. Hartara, zeruko milioika galaxia mapatzen dituen Sloan Digital Sky Surveyren galaxia eta filamentu lagin bat aztertuz, filamentu erreal askok bira egiten dutela egiaztatu zuten. Artikulu berri hau atzo argitaratu zen Nature Astronomy aldizkarian https://www.nature.com/articles/s41550-021-01380-6. Ordenagailu bidezko simulazio batek materiaren beharrezko abiadura eta posizioak zehazten ditu errotazioak neurtzeko, baina unibertso errealean ez dago horrelako neurketa zuzenik egiterik. Astronomoek objektu bat urrundu ala hurbiltzen ari den neur dezakete, gorrirantz ala urdinerantz jotzen ote duen kontuan hartuta, Doppler efektuaren arabera. Behaketa taldeak egiaztatu duenez, zeruan zehar hedatutako filamentu askok gugana mugitzen ari diren galaxiak eta gugandik urruntzen ari diren galaxiak dituzte; eta hortik atera dute fenomeno honen azalpenik sinpleena: filamentuak biraka ari dira.

Aurkikuntza honek iragarpen teorikoak egiaztatu ditu hein handi batean. Oso gutxitan gertatzen da iragarpen teoriko bat ia-ia aldi berean egindako behaketa baten bidez baieztatzeko aukera. Zenbait astronomok aurretiaz frogatu dutenez, filamentuak galaxiak biraraz ditzaketen ingurune birakariak dira, baina filamentuen errotazioak neurtzearen ideia guztiz ezohikoa den beste zerbaitetan inspiratu da: UPV/EHUn jardunean diharduen Mark Neyrinck Ikerbasqueko ikertzaileak garatutako sare kosmikoari buruzko origami-jolasaren eredu batean, alegia. Origami-jolasaren eredu honetan, sare kosmikoko galaxia eta filamentu guztiak grabitateak bultzatutako tolesturetatik sortuak dira, origamiaren paperaren hiru dimentsioko bertsioa osatuz. Nolabait, gelatina-tanta angeluar baten antzekoa da, kubo batetik ebaki eta gainerako gelatinaren gainean jarritakoa; materia iluneko gelatina-xerrak baino ezin dira elkar zeharkatu honelako egiturak osatzeko.

Eredu honetan, filamentua Toblerone kosmiko bat da, https://www.youtube.com/watch?v=0BCYh2rmx9k, eta normalean errotazioa du; filamentu bat errotazioan dagoen galaxia bati lotuta badago (eta normalean, galaxiak errotazioan daude), filamentu horrek ere errotazioan egon behar du. “Harrigarria da origamiaren tolestura bihurrietan oinarritutako jolas-eredu honek nolabaiteko zerikusia izatea filamentuek unibertso errealean duten biratzeko moduarekin”, esan du Neyrinckek. “Ez dut ezagutzen aurkikuntza zientifikoa ahalbidetu duen itxurazko desbideratze bat artearen bidez azaltzeko adibide hoberik”.

Erreferentzia bibliografikoa: https://arxiv.org/abs/2006.02418