UPV/EHUko ikerketa baten arabera, gene ezkodetzaileak —eta horregatik orain arte asko ikertu ez direnak—, garrantzitsuak izan daitezke gaixotasunen patogenesian. Ikusi dute halako gene batek zer eragin duen intsulina ekoizten duten zeluletan, eta ondorioztatu dute birus-infekzio batekin zenbait prozesu aktiba ditzakeela, zelula suntsitzeraino eraman dezaketenak.
I motako diabetesa, edo intsulinaren menpekoa, gaztaroan edo haurtzaroan agertzen da. Diabetes-mota guztietatik % 10-15 mota horretakoak dira. Asaldura autoimmunetzat hartzen da: norberaren beta zelulak deuseztatzen dira, eta ez dute intsulinarik ekoizten. “Gaixotasun autoimmunea, hanturazkoa eta poligenikoa da, oso konplexua. Gaixotasuna garatzen duten pertsonek badute genetika jakin bat, baina badakigu bestelako faktore batzuk ere parte har dezaketela gaixotasunaren aktibazio horretan. Ikerketa askotan aurkitu dituzte birusen aztarnak diabetesa garatu duten pertsonen pankreako beta zeluletan, diabetikoak ez diren pertsonetan aurkitzen ez direnak. Hortik abiatuz, interakzio bat aurkitu dugu birus-infekzioen eta gaixotasuna garatzeko arriskua ematen duen gene ez-kodetzaile baten artean”, azaldu du Izortze Santin Gomez UPV/EHUko Biokimika eta Biologia Molekularreko irakasleak.
I motako diabetesarekin erlazionatuta dauden geneen ikerkuntza funtzionala egiten du Santin doktoreak; zehazki, aztertzen du “beta zeluletan (intsulina ekoizten duten zeluletan) zer-nolako funtzioa betetzen duten gene horiek, jakiteko nolako eragina daukaten gaixotasunaren patogenesian edo garapenean”. I motako diabetesarekin erlazionatuta dagoen Lnc13 gene ez-kodetzailean dagoen polimorfismo baten eragina ikertu du Ainara Castellanos-Rubio Ikerbasque ikertzailea eta UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko kidearekin elkarlanean. “Orain arte, proteinak kodetzen dituzten gene hautagaiei eman zaie batez ere garrantzia, eta ez zaie arreta handirik jarri proteinarik kodetzen ez duten eremuetan dauden beste polimorfismo batzuei, baina guk uste dugu halakoek eragin handia izan dezaketela gaixotasun batzuen garapenean”, dio Santinek. Hala, ikertzaileek ebatzi dute zer funtzio betetzen duen Lnc13 RNA ez-kodetzaileak birus-infekzio bat izan duten pankreako beta zeluletan, eta zer mekanismo molekularren bitartez. PNAS aldizkari entzutetsuak eman du ikerketaren berri.
Aldagai berri bat diabetesaren garapena azaltzeko ekuazioan
Ikerketen ondorioz, ikertzaileek zenbait ondorio garrantzitsu atera dituzte: “Batetik, beta zeluletan infekzio biriko bat dagoenean Lnc13-aren adierazpena emendatu egiten da. Bestetik, Lnc13-ak erregulatzen du beta zelulen hantura: Lnc13-ak gora egiten duenean aktibatzen den bidezidorrak eragin dezake sistema immuneko zelulek beta zeluletara migratzea, eta hori erabat erlazionatuta dago diabetesean gertatzen den hantura-prozesuarekin (insulitisa). Ikusi dugu infekzio biriko bat pairatzen duten pertsonengan, Lnc13-aren aldaera (alelo) batek (diabetesa garatzeko arriskua ematen duena) gehiegizko hanturazko prozesua eragin dezakeela, beta zelulak suntsitzera eraman dezakeena”.
Santinek adierazi du ikerketaren emaitzek hiru ondorio nagusi eta oso garrantzitsu eragin dituztela: “Orain arte kontuan hartu ez diren genomako eremu ez-kodetzaileko polimorfismoek funtzio garrantzitsuak bete ditzakete eta erlazionatuta egon daitezke zenbait gaixotasunen garapenarekin. Beraz, agian, hemendik aurrera, halakoak kontuan hartzen hasi beharko dugu”. Bestalde, I motako diabetesarekin lotuta, “esan dezakegu balio prediktibo bat ere izan dezaketela Lnc13-aren genotipoa aztertuta aldaera (alelo) jakin bat bilatzeak eta birus-infekzioen aztarnak bilatzeak”, azaldu du. Eta, azkenik, horrek guztiak ateak irekitzen dizkio terapia geniko bat martxan jartzeari: “Ikerketan ikusi ditugun hanturazko bidezidor patogenikoen modulazioa abiaraz daiteke, eremu ez-kodetzaileko geneen adierazpenarekin jolastuz”.
“Argi dago diabetesa gaixotasun konplexua eta poligenikoa dela —dio, amaitzeko, Santinek—; beraz, argi dago Lnc13-ak bakarrik ez duela azalduko diabetesaren garapena, baina bada garaia gaixotasunaren ikerketan genomako eremu ezkodetzailea sartzeko, bai eta gaixotasunaren genetika azaltzeko ekuazioan Lnc13-a sartzeko ere. Diabetesaren tratamendurako oso goiz da oraindik, baina honek guztiak aukera emango luke ikusteko ea beta zelulen mailako Lnc13-aren adierazpenarekin jolastuz birus-infekzioak eragiten duen efektu patogenikoa geldiaraz dezakegun edo ez”.