Berriak

Estatu Batuetako Alzheimer Elkarteak Leioan egingo den azterlana finantzatuko du

Leioako Achucarro Basque Center for Neuroscience (Achucarro) ikerketa zentroan lanean diharduen Jimena Baleriola Gómez de Pablos doktore eta Ikerbasqueko ikertzaileak Estatu Batuetako Alzheimer Elkarteak urtero ematen dituen laguntzetako bat jaso du. Hauxe da gaixotasun horrek kalteturiko pertsonei laguntzea xede duen mundu osoko erakunde nagusia.

Laguntza hau, puntako ikerketan diharduten mundu osoko beste zentro eta laborategi batzuekiko lehian lortutakoa, Baleriola doktorea buru duen Achucarro zentroko ikerketa-programaren aldeko aintzatespena da, eta horri esker, ondorengo urteetan, 143.000 dolar gehiago izango ditu Alzheimerren gaixotasunari buruzko ikerketa ildo berri bat garatzeko.

Proiektua

Neuronek, komunikazio zelularrean esku hartzen duten neuritak izen orokorreko luzapenak dituzte. Garunean gaixotasunen bat gertatzen denean, neuritek organo horrentzat kaltegarriak diren molekulak detektatzeko gaitasuna dute; adibidez, Alzheimer gaixotasunaren garapenarekin lotuta dagoen beta-amiloide peptidoa. Garunean dagoenean, peptido horrek aldaketa lokalak eragiten ditu neuritetan, eta aldaketa horiek gorputz neuronalera (soma) hedatzen dira, zenbait kasutan neuronen heriotza eragiten dutelarik.

Proiektu honen bitartez, zehatz-mehatz ezagutu nahi dute neuritetan gertatzen diren aldaketa lokalak neuronak berak erregulatzen ote dituen edo neuronalak ez diren garuneko zelulek ere (glia) prozesu horretan parte hartzen duten. Abiapuntuko lan-hipotesiaren arabera, zelula glialek neuritetako aldaketa lokalak eragiten laguntzen dute. Hau egiaztatuz gero, zehaztasun osoz ulertu ahal izango dugu nola hiltzen diren neuronak Alzheimerren gaixotasunaren ondorioz, kalte hau saihestu edo arintzeko estrategia terapeutikoak bilatzeko aukera erraztuz.

https://www.alz.org/research/for_researchers/grants/funded-studies-details?FundedStudyID=2170