Europako Batzordeak Europako Ikerketa Kontseilua (ERC, ingelesezko siglen arabera) sortu zuen 2007 Europan bikaintasunezko oinarrizko zientzia sustatzeko asmoz, ezagutzaren mugan ikertzen jarraitu nahi duten esparru eta nazionalitate guztietako ikertzailerik onenei laguntza emanez. ERCk arrisku handiko ikerketa berritzaileak garatzea xede duten prestigiozko proiektuak finantzatzen ditu. Sortu zenetik, ERCk garrantzi handiko eragina izan du Europako ikerketaren arloan.
Euskadik 17 ERC laguntza ditu gaur egun, hiru modalitatetan banatuta: 7 Starting Grant, lider independenteak izateko gaitasuna frogatu duten gazte ikertzaileentzat; 6 Consolidator Grant, bikaintasunezko ikertzaileei ikerketa talde edo programa propioak bultzatzen laguntzeko, eta 4 Advanced Grant, asmo handi-handiko proiektu aitzindariak dituzten ibilbide luzeko eta lidergo-gaitasun aparteko ikertzaileentzat. Euskadin ERC laguntza dutenen % 82 Ikerbasqueko ikertzaileak dira.
Euskadin garatzen ari diren ERC proiektuen artean, Ashwin Woodhoo eta Paola Ferrario ikertzaileek lortutakoak aipa daitezke. CICbioGUNEn lanean diharduen Ashwin Woodhoo Ikerbasqueko ikertzaileak ERC Consolidator proiektu bat lortu zuen 2019ko deialdian. Bi milioi euroko laguntza honi esker, mielinizazio prozesua aztertu ahal izango du Schwannen zeluletan, izan ere, prozesu hori giltzarrizkoa da esklerosi anizkoitza, neuropatia diabetikoa eta antzeko gaixotasunak ulertzeko. Bestalde, Paola Ferrario 1,5 milioi euro tarteko dituen ERC Starting Grant bat garatzen ari da, PET eskanerrei teknika berritzailea aplikatu eta irudiaren berreraikuntza hobetzeko nahiz pazienteak jasotako isotopo erradioaktiboen dosia edo esposizio-denbora murrizteko. Proiektua 2017an lortu eta lehenengo prototipoaren diseinu-fasea osatu du dagoeneko, ondorengo hilebeteetan jardunari ekiteko asmoz.
Urtean biltzen diren milaka eskaerari bikaintasun zientifikoa irizpide bakarra duen nazioarteko ebaluazioa egin ondoren, proiektuen % 10-15ek baino ez dute lortzen finantzazio erakargarri hau. Europako Ikerketa Kontseiluaren laguntza jaso duten ekimenek prestigio handia izan ohi dute nazioarteko komunitate zientifikoan, izan ere, esparru zientifiko guztiei zuzendutako laguntza hauek bikaintasunaren adierazletzat jotzen dira nazioartean. Fernando Cossio, Ikerbasqueko zuzendari zientifikoaren esanetan, "ERC laguntzak lortzeak Euskadi nazioartean ikerketa aurreratuko eskualdetzat jotzea errazten du, nazioarte mailako euskal ikerketa-taldeei eta bertan nazioarteko kategoriako ikerketa garatzeko eskaintzen diren baldintza egokiei erreparatuz".
Hori dela eta, Ikerbasquek ERC Fast Track deritzon deialdia zabalik dauka, 2018 - 2020ko deialdietan ERC laguntza jaso duten ikertzaileak Euskadira erakartzeko asmoz. Urte osoan irekita egongo den deialdi berri hau munduko edozein lekutan lanean diharduten jakintza-arlo guztietako ikertzaileei zuzenduta daude. Ikerbasquek kontratu mugagabea eskainiko die Research Associate eta Research Professor kategorietan, norberaren ikerketa-ibilbidearen arabera.