Berriak

Ikerbasque-k 2018ko emaitzak aurkeztu ditu

Otsailak 25an IKERBASQUE-ren 2018ko emaitzak aurkeztu dira. Jasotako datu aipagarrienetarikoa IKERBASQUE ikertzaileek lortutako 28,3 milioi euro baino gehiagoko funtsak izan dira, 2017an lortutakoa baino 2 milio gehiago. Honela, IKERBASQUE 175 milioi euro erakarri ditu guztira bere historian zehar.

Kanpoko finantzaketaz landutako 589 proiektutatik (aurreko urtean baino 160 proiektu gehiago) hamabik ERCren (European Research Council, Europako Ikerketa Kontseilua) finantzaketa izan zuten. Hauxe da kontinente zaharreko erakunderik ospetsuena, ezagutzaren mugan finkatutako asmo handiko ikerketa-proiektuen sustapenari dagokionez.

2018aren amaieran, IKERBASQUEk ibilbide luzeko eta lidergo-gaitasun handiko 153 ikertzaile zituen; goi-mailako ikertzaile gazteen harrobia bultzatzen lagunduko duten 68 ikertzaile gazte, eta aurreko bi kategoriak osatuz ikertzaile-karreraren etapa guztiak estaltzea xede duen Research Associate kategoriari atxikitako beste 18 ikertzaile. Guztion ikerketa-lanak oihartzun zabala lortu zuen aldizkari zientifikoetan. Hartara, urte osoan 1.160 artikulu plazaratu zituzten guztira indexatutako argitalpenetan, hau da, nazioarte mailako kualifikazio handiko hedabide editorialetan.

239 IKERBASQUE ikertzaile hauen artean, 106 EHU/UPV-n lan egiten dabiltza. Gainerako 133k Deustuko eta Mondragoiko unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan lanean dihardute, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren menpeko BERC (Basque Excellence Research Centre) izeneko bikaintasunezko bederatzi ikerketa-zentroak tarteko direla.
Hauxe da gaur egun indarrean dauden BERCen zerrenda osoa:
•    Achucarro – Basque Center for Neuroscience (Zamudio)
•    Basque Center for Materials, Applications and Nanostructures (Zamudio)
•    Polymat – Basque Center for Macromolecular Design & Engineering (Donostia)
•    DIPC - Donostia International Physics Center (Donostia)
•    Materials Physics Center (Donostia)
•    Bizkaiko Biofisika Fundazioa (Leioa)
•    BC3 - Basque Centre of Climate Change (Bilbo)
•    BCAM - Basque Center for Applied Mathematics (Bilbo)
•    BCBL - Basque Center on Cognition, Brain and Language (Donostia)

IKERBASQUEk kontratatutako ikertzaileei harrera egiten dieten bederatzi bikaintasunezko zentro eta hiru unibertsitate (EHU/UPV, Deustu eta Mondragon) horiei Ikerketa Korporatiboko Zentroak (IKZ) gaineratu behar zaizkie: biomaGUNE (biomaterialeak), biogune (biozientziak), energiGUNE (energia), eta nanoGUNE (nanozientzia), bai eta osasungintza alorreko Biodonostia eta Biocruces ikerketa zentroak, CEIT-IK4 ikerketa teknikoetarako zentroa, Tecnalia barne dauden ikerketa-zentroak eta Globernance (pentsamendu politikoaren ikerketa eta hedapen zentroa). Guztira, Euskadiko 23 unibertsitate eta ikerketa zentro profitatzen dira nazioarteko ikertzaileen erakarpenaz.

Ikertzaileen jakintza-arloei erreparatuta, gehienak fisika zientzietakoak dira (% 30), % 22 medikuntza-zientzietakoak eta %14 kimika-zientzietakoak. %12  giza eta gizarte zientzietako adituak dira, baita ingenieritzakoak ehuneko berdina daukate, eta gainerako % 10 biologiakoak. Ikerbasqueko ikertzaile hauek munduko zentrorik ospetsuenetatik etorritakoak dira, MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordeko unibertsitateak, CNRS edo Max Planck Elkartea tarteko direla.

2018ko Memoria

Emakume ikertzaileen aitorpena

2018an, IKERBASQUEk gizonen eta emakumeen aldeko berdintasunerako plana garatu zuen Emakundek proposatutako metodologiaren arabera, eta prozesu horren ondorioz, berdintasunerako bidean aurrera egiteko asmoz, Ikerbasquek epe laburrean garatu beharreko 7 ekintza proposatu ditu; horien artean, emakume ikertzaileen aitorpena. Horren kariaz, 2019an, ikerketa karrera Euskadin garatzen ari diren hiru emakume aitortu nahi ditugu. Ekintza honen bitartez, emakume ikertzaile bikainen karrerak bistaratu nahi ditugu, geroko belaunaldientzako eredu bihur daitezen. Hiru aitorpen egingo dira: ikerketa karrera osoaren aitorpena, dagokion ikerketa esparruan lider bilakatu den emakume ikertzailearen aitorpena eta emakume ikertzaile gazte batek egindako ekarpen nabarmenaren aitorpena. Azken aukeraketa egiteaz arduratuko da Ikerbasqueko Patronatuaren Ordezko Batzorde bat, Ikerbasqueko Patronatuko emakume ikertzaileek eta Zuzendari Zientifikoak osatutakoa, eta Ikerbasqueko Batzorde Zientifikoak baliozkotuko du. Aitorpenak maiatzean edo ekainean antolatuko den jendaurreko ekitaldi batean banatuko dira.