Cristina Uriarte Hezkuntza sailburu eta Ikerbasqueko presidentea buru, Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketan diharduten hiru emakumeren aintzatespenak banatu zaizkie Helena Matute, Clara Martin eta Matxus Perugorriari. Ekitaldian, Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoarekin batera, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak, Nekane Balluerka EHUko errektoreak eta Zientzia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren arduradunek parte hartu dute.
Hauxe da Ikerbasquek emakume ikertzaileen jarduna aitortzeko antolatzen dituen aintzatespenen bigarren edizioa, eta, oraingo honetan ere, hiru kategoriatako ikerketa-lana saritu du: ibilbide zientifiko osoa, ikerketa-esparru bateko lidergoa eta ikertzaile gazte baten ekarpen nabarmena.
Ikerketa-karrera osoko aintzatespena Helena Matuterentzat (1960) izan da. Helena Psikologiako Katedraduna eta Deustuko Unibertsitateko Psikologia Esperimentaleko Laborategiaren zuzendaria da. Ikertzaile bisitaria izan da Malaga, Gante (Belgika), Minnesota (AEB), Sidney eta Queenslandeko (Australia) unibertsitateetan. Ikaskuntzaren funtzionamendua, ilusio kognitiboak eta erabakiak hartzeko prozesuak ditu ikerketa-jardunaren ardatz, baita fenomeno horiek egungo zenbait arazotan dituzten aplikazioak –sasizientziak, desinformazioa– eta adimen artifizialak erabaki-hartzeetan nahiz giza-portaeran izan dezakeen eragina ere. Psikologia Esperimentalaren Espainiako Elkarteko Presidentea izan da, eta Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT) Aholkularitza Batzorde Zientifikoko kidea. Jakiunde-Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kide osoa da. Horrez gain, dibulgazio zientifikoaren zale amorratua da, eta bere dibulgazio-lanak liburu onenaren Prisma saria eta zientzia-dibulgazioko artikulu onenaren JotDown-DIPC saria jaso ditu.
Clara Martin (1978) eleaniztasunaren arloan duen lidergoagatik aitortu dute. Neurozientzia Kognitiboan doktoratu zen Lyongo Unibertsitatean eta doktoretza ondoko egonaldiak egin zituen Bangorreko Unibertsitatean, Galesen iparraldean, zein Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean. Azken honetan, elebitasun eta eleaniztasunaren esparruan espezializatu zen. 2012an, BCBL zentroan sartu zen Ikerbasqueko ikertzaile gisa, Hizkuntza eta Elebitasuneko ikerketa-taldea zuzentzeko. 2019an, ERC-Consolidator Grant bati atxikitako ikerketa-proiektu bat garatzeko hautatu zituzten Estatuko 16 pertsonetako bat izan zen. Irakurketaren ikaskuntzan ortografiak adingabeen hizkuntza-soinuen pertzepzioari eta sorkuntzari nola eragiten dien ezagutzea zen proiektuaren helburua, 1,9 milioi euroko finantzaketa tarteko.
Azkenik, Matxus Perugorriaren (1981) lana aldarrikatu dute, gibeleko kalte kronikoaren zein minbizi primarioen –hepatokartzinoma eta kolangiokartzinoma– arloan egindako ekarpen nabarmenagatik. Nafarroako Unibertsitatean doktoratu zen, gibeleko lesioaren bilakaerari lotutako mekanismo molekularrak aztertu ondoren. Gero, doktoretza ondoko egonaldia egin zuen Newcastleko Unibertsitatean, eta beste zenbait egonaldi Parisko Unibertsitatean eta Vienako Unibertsitatean. 2012an, Perugorria doktorea Biodonostia Institutuan sartu zen, gibeleko kalte kronikoaren eta gibeleko minbiziaren bilakaerari lotutako mekanismo molekularrei buruzko ikerketa-taldea sortu eta zuzentzeko. Urtebete geroago Ikerbasque Fellow izendatu zuten, eta 2017az geroztik, Ramon y Cajal Programako ikertzailea da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU).
Aitortutako emakume ikertzaileak aukeratzeko, Ikerbasquek Euskadiko 300 emakume ikertzaileren baino gehiagoren ekoizpen nahiz ekarpen zientifikoei buruzko
datuak aztertu ditu. Amaierako hautaketa Ikerbasqueko Patronatuaren Ordezko Batzordeak egin du, Fundazioko Batzorde Zientifikoak baliozkotu duelarik.
2018an, Emakundek proposatutako metodologiari jarraiki, Ikerbasquek gizon eta emakumeen arteko berdintasun plana garatu zuen. Prozesu horren emaitza gisa, eta berdintasuneranzko bidean aurrera egiteko asmoz, 7 ekintza proposatu ziren; horien artean, emakume ikertzaileen aitorpena.
Neurri hauen bitartez, Ikerbasquek goitik behera gainditu nahi ditu, emakume ikertzaile asko karrera zientifikoei uko egitera bultzatu eta beste hainbat kasutan gizonen aldean ezkutuan utzi ohi dituzten genero-estereotipoak. Ondorioz, emakume ikertzaile distiratsuen karrerak bistaratu eta zientziari egindako ekarpena aitortzea da ekintza honen helburu nagusia, ondorengo belaunaldien eredu bihur daitezen.