Berriak

Ikerlariek adimen artifizial semantikoa erabili dute ezagutza konplexuak integratu eta ingurumen-arloko erabaki-esparruetan aplikatzeko

BC3ko eta Ikerbasqueko lau ikerlarik zuzendutako artikulu berri batek agerian uzten du ordenagailu bidezko adimena aplikatzeak giza ezagutza elkarreagingarri bihur dezakeela eskala handian, arazo sozioekologiko konplexuei aurre egiteko. Kideek berrikusten duten Environmental Evidence aldizkarian argitaratu da ikerketa, eta azaltzen du nola adimen artifizialeko sistemetan (AA) arrazoitze automatikoa eta modelizazio semantikoa erabiltzeak, ikaskuntza automatikoaren mende soilik egon beharrean, gaur egun dauden eta web bidez eskuragarriak diren datuak eta ereduak konektatzen laguntzen duela. Hori funtsezko urratsa da sintesi irekirako eta ezagutzaren berrerabilgarritasunerako, erabakiak hartzen laguntzeko.

Kideek berrikusitako eta sarean oinarritutako informazio zientifikoa gizakiek zein ordenagailuek irakurri ahal izateko moduan etiketatuz, eta makina bidez eragingarriak diren datu eta ereduetarako estandar komunak erabiliz, makinek informazioa bizkor eta modu berritzailean bilatu, antolatu, berrerabili eta konbinatu dezakete, eta, hala, zerbitzari-sistemen latentzia murrizten da eta denbora errealeko modelizazioa egitea lortzen.

Ikerlariek semantikak gidatutako ARIES integrazio-teknologia aplikatu zuten Ingurumen eta Ekonomia Kontabilitateko Sistemaren (SEEA, System of Environmental-Economic Accounting) euskarri gisa. Nazioarteko estatistika-estandar bat da hori, neurtzen dituena estatuetako kontu ekonomikoen eta kapital naturaleko izakinen arteko loturak eta ekosistemen zerbitzu-fluxuak fisikoki eta dirutan, bai eta ekosistemen irismenari eta egoerari buruzko informazioa ere.

Emaitza, ARIES for SEEA onlineko plataforma, 2021eko apirilean irten zen, eta berretsi zuen ezagutza semantikoen integrazio-teknologiek aukera sendoak ematen dituztela sistema sozioekologiko erlazionatu eta konplexuak monitorizatzeko beharrezkoa den datu-bilketa automatizatu eraginkorrerako. Hurbilketa bera erabil liteke sarean eskuragarri dauden eta independenteki sortutako datu eta ereduak arlo zientifikoagoetan eta erabaki-esparruetan integratzeko.

Ikerbasqueko irakasle Ferdinando Vilak, zeina BC3n ARIES proiektuko ikerlariburua eta artikulu honen egile nagusia baita, honela dio: “ARIESekin eta modelizazio-ikuspegi integratuarekin informazio zientifikoaren balioa maximizatzen ari gara —datuak, ereduak eta horien ulermena—, eta, aldi berean, horren erabilgarritasuna eta diseinuzko (eta ez asmozko) modularitatea bermatzen. Gure helburua ezagutzen gune bateratua eraikitzea da, Lurrari eta garapen jasangarriari buruzko ezagutza zientifiko onena bilduz; eta, aldi berean, integrazio arina eta independenteki garatutako osagaietako diziplina anitzeko ezagutza berria sortzen laguntzea.”

Ikerbasqueko irakasle Stefano Balbi BC3ko zientzia-zuzendaria eta artikuluaren egilekideak esan zuenez: “BC3n uste dugu ARIES ezagutza konektatuko azpiegitura independentea eta interes publikokoa dela, enpresa teknologiko handien mende ez dagoena eta erabiltzaileak eta haien jabetza erdigunean jartzen dituena. ARIES interes globaleko azpiegitura digital gisa ari da sortzen, Estatuko gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker. Orain, gure helburua hedatzen jarraitzea da, gure baliabide naturalen kudeaketa jasangarriaren eskaera global gero eta handiagoari erantzuteko.”

Ikerbasqueko ikerlari Ferdinando Vilak, zeina BC3n ARIES proiektuko zuzendaria eta artikulu honen egile nagusia baita, honela dio: “Giza adimenaren gaur egungo corpus banatua, argitalpen zientifikoen sistema barne, ezin da ustiatu egungo erronka sozial eta ekologiko globalei aurre egiteko behar den eraginkortasunarekin. Adimen artifizialean bada adar bat ia ahaztuta dagoena eta funtsezko zeregina duena: Eta uste dugu gaia berriro jorratzeko unea iritsi dela.”

Ikerlarien artean, badira orobat United States Geological Survey erakundeko, World Wildlife Fund-eko eta Veneziako Ca' Foscari Unibertsitateko kolaboratzaileak ere. Egileak Modelizaziorako Elkarte Integratuko kide dira. Elkarte horrek ARIES proiektuaren komisario-lanak egiten ditu, eta informazioaren ikuspegi guztiz integratua diseinatzen eta eraikitzen laguntzen duten erakundeak biltzen ditu.