Donostia International Physics Center-eko (DIPC) ikerketa-arloen artean Neuro Fisikan adar berri eta etorkizun oparokoa ari da hazten, Rafael Yuste neurozientzialariaren lidergopean, Columbia Unibertsitateko irakaslea eta Ikerbasqueko irakaslea DIPCn; DIPCko Aitzol García-Etxarri nanofotonika adituaren lidergopearekin batera, Ikerbasqueko ikertzailea DIPCn.
“Beste inork inoiz egin ez duen zerbait egiten ari gara saiatzen, hau da, nanopartikulak erabiltzen burmuina ulertzeko”, dio Rafael Yustek NanoNeuro proiektua deskribatzeko, New Yorkeko Columbia Unibertsitatearen eta Donostia International Physics Centerren (DIPC) arteko lankidetza proiektua, hain zuzen ere.
Hurbilketa honen lehenengo emaitzen berrikuspen bat Nature Methods aldizkarian aurkeztu berri da. Bertan, García-Etxarrik eta Yusteren “Time for NanoNeuro” (NanoNeuro-rako garaia) artikulua argitaratu da 2021eko urriaren 18an. Artikuluan, egileek azaltzen dute nola nanomaterialak, urre nanopartikulak edo puntu kuantikoak esaterako, erabili daitezkeen neuronen jarduerak grabatzeko eta manipulatzeko metodo berriak fabrikatzeko. Lehenago ere erabili dira nanopartikulak biomedikuntzan, eta etorkizun oparoko emaitzak lortu dira minbiziaren tratamenduan, baina burmuineko zeluletan haiek erabiltzeko ideia berria da. “Neurozientzia eta nanozientzia bereizita egon dira beti, ez diote elkarri hitzik egin. Hori aldatzen hasi gara", dio Yustek.
Aurretik egindako hainbat esperimentuetan, neuronak optikaren bitartez aktiba daitezkeela egiaztatu zen, baina kantitate handian ekoiztutako eta katalogo arruntetan eskuragarri dauden urrezko nanopartikulak baliatuta garatu ziren hauek. “Orain, geure nanopartikula propioak diseinatzeko, sortzeko eta burmuineko neurona zehatzetara iristeko behar diren molekulekin estaltzeko garaia da. Horretarako, ezinbestekoa da arlo horietan guztietan adituak edukitzea, eta hori da, hain zuzen ere, guk daukaguna proiektu honetan”, azaldu du Yustek.
DIPCko zuzendariak, Ricardo Diéz-Muiño, CSIC-eko zientzialari ikertzaileak, proiektu hau epe luzeko bisio baten emaitza gisa ikusten du. “Columbia Unibertsitatearekin lankidetza ez da hutsetik sortu. Euskal Herrian egoera apartean garatutako ez-ohiko zentro batean, DIPCn alegia, landatutako hazien uzta ari gara biltzen. Zientzialari bikainek zuzendutako ikerketa lerro berri batean egin dugu apustua, eta dagoeneko ematen ari da bere fruituak”, dio Diéz-Muiñok.