UPV/EHUn lanean diharduen Domingo C. Salazar Ikerbasqueko ikertzaileak eta Antropologia Ebolutiboko Max-Planck Institutuan ikertzaile dabilen Robert C. Powerrek Neandertalen hortz-kalkuluaren edo lertzoaren zatiak ikertu dituzte haien dieta ezagutzeko.
Neandertalak (Homo Neanderthalensis) Europan eta Asia mendebaldeko zenbait lekutan bizi izan ziren duela 230.000 eta 28.000 urte artean. Azken milurtekoetan Homo Sapiens-ekin bat egin zuten, eta oraindik eztabaidagai diren arrazoien ondorioz desagertu ziren, izan ere, neandertalen akabera mundu osoko lehengo eta egungo ikertzaileen jakinahia eragiten duen gaia da. Neandertalen desagerpena egungo gizakien arbaso diren Homo Sapiensen lehiakortasun handiagoak eragin zuela pentsatu ohi da, neandertalak Europan suntsitu ziren garai bertsuan agertu baitziren, eta horren zergatia dieta izan zitekeela argudiatu izan da.
Neandertalei leporatu izan zaien dieta mugatuagoaren aldean, gure arbasoek itsas-elikagaiak eta hainbat landare tarteko zituzten dieta malguagoak eta moldakorragoak zituztela esan izan da. Hortz-kalkuluaren edo lertzoaren ikerketa berri honek argi utzi du landareen ustiapena neandertalen artean ere arras hedatuta eta errotuta zegoen bizirauteko estrategia zela. Hala ere, badirudi landare kontsumo hay landare mota jakin batzuetara mugatuta zegoela, gizaki modernoen elikaduraren aldean. Domingo C. Salazarren hitzetan, “elikatzeko modu honek, primitibotasuna iradoki beharrean, milaka urtez eraginkortasunagatik mantendutako estrategia bat islatu baino ez du egiten”.
Informazio gehiago izateko: Journal of Human Evolution, 119 bolumena (2018), 27-41 orrialdeak. DOI: https://doi.org/10.1016/j.jhevol.2018.02.009.