Pseudomonas aeruginosa bakterioa da pneumoniaren kausa nagusietako bat paziente immunodeprimituengan eta biriketako gaixotasunak dituzten pertsonengan. Antibiotikoekiko erresistentzia handia duenez, gero eta zailagoa da bakterio horrek eragindako infekzioak desagerraraztea, eta horren harira, OMEk (Osasunaren Munduko Erakundea) lehentasunezkotzat jo du patogeno horri aurre egiteko antibiotiko berriak garatzea.
Pseudomonas aeruginosa hilgarria bihurtzen duten faktoreetako bat VI Motako Sekrezio Sistema (T6SS, ingelesezko siglen arabera) deritzona da. Jariatze-sistema hau Pseudomonas aeruginosaren barruan mihiztatzen da, eta beste zelula batzuekin harremanetan jartzean, mekanismo molekular uzkurgarria erabiltzen du toxinak injektatzeko. Azken hamarkadan Pseudomonas aeruginosaren T6SSa hobeto ezagutzeko eta bakterioen bilakaeran nahiz patogenesian duen garrantzia ulertzeko aurrerapauso handiak eman diren arren, oraindik ez dira bereizi T6SSak jariatutako toxina gehienen identitateak eta funtzioak.
David Albesa buru duen Biofisika Institutuko (CSIC-UPV/EHU) nazioarteko ikerketa-talde batek T6SSak jariatutako zenbait toxina identifikatu ditu lehendabiziko aldiz, eta horien artean dago Tse8 deritzona. Aurkikuntza honek eragin zuzena izan dezake antibiotikoen etorkizuneko garapenean. David Albesaren hitzetan, “agente eragileen biologia hobeto ulertuz gero, nabarmen erraztu ahal da antibiotiko berrien garapena. Horren harira, Tse8k inguruan dauden beste bakterio batzuen heriotza zelularra eragiten du, eta ondorioz, toxina horren maila molekularreko ekintza-mekanismoa deszifratzeak bakterio patogenoei aurre egiteko estrategia berritzaileak garatzen lagunduko luke”.
Lana Journal of Structural Biology aldizkari ospetsuan argitaratu da.
Argitalpen zientifikorako esteka: https://doi.org/10.1016/j.jsb.2020.107651.