Berriak

Aurelio Mateok zuzendutako nanokableei buruzko ikerketa bat, Nature Communications-en

Polimeroen arloko Bikaintasunezko Euskal Zentroa (POLYMAT), Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Bartzelonako Unibertsitatea, Bartzelonako Bioingeniaritza Institutua (IBEC) eta Aveiroko Unibertsitateari atxikitako ikertzaile-talde batek, POLYMATen lanean diharduen Aurelio Mateo Alonso Ikerbasqueko Ikerketa-Irakaslearen zuzendaritzapean, nanokable edo kable molekularren familia berri bat garatu dute, elektronika molekularrari bide berriak eta aukera berriak irekiz. Ikerketa Nature Communications aldizkari zientifiko ospetsuan argitaratu da.

Gero eta gailu elektroniko txikiagoen eskariak hartu duen goranzko bilakaeraren ondorioz, nahitaezkoa da ahalik eta osagairik txikienak dituzten zirkuituak sortzea, eta horretarako, hurbilketa berriak behar dira diseinuari dagokionez.

Horren harira, elektronika molekularrak jakinmin bizia piztu du azken aldi honetan, izan ere, molekulak erabiliz zirkuitu elektronikoak fabrikatu ahal izango balira, horrek izugarri murriztuko luke zirkuituen tamaina. Nanokableak, zirkuitu horien barruan korrontea garraiatzeaz arduratzen diren neurri molekularreko hari eroaleak dira. Hortaz, kable hauen eraginkortasuna garrantzi goreneko erronka da.

Izan ere, Aurelio Mateoren taldeak garatutako nanokable edo kable molekular familiaren berritasun nagusietako bat bere eraginkortasun-maila altuan datza, sekulako aurrerapausoa ekarriko baitu zirkuitu elektronikoen miniaturizazioan.

Aipamen bibliografikoa

Marco Carini, Marta P. Ruiz, Imanol Usabiaga, José A. Fernández, Emilio Cocinero, Manuel Melle-Franco, Ismael Diez-Perez, and Aurelio Mateo-Alonso “High Conductance Values in π-Folded Molecular Junctions” Nature Communications 8, Article number: 15195 (2017) DOI: 10.1038/NCOMMS15195.