Berriak

Gaixotasun hepatikoren diagnostiko goiztiarra hobetzeko biomarkatzaile ez-inbaditzaileak

Biodonostia Osasun Ikerketako Institutuko ikertzaile den Jesús Bañales Ikerbasque ikertzaileak koordinatutako nazioarteko lankidetza-azterlan baten emaitzak argitaratu dituzte berriki. Azterlan horretan, kolangiokartzinoma (CCA), kartzinoma hepatozelularra (HCC) eta kolangitis esklerosatzaile primarioa (PSP) diagnostikatzeko biomarkatzaile ez-inbaditzaile berriak deskribatzen dira.

Lana Hepatology aldizkari ospetsuan argitaratu da duela gutxi, eta, bertan ondorioztatu denez, odolean dauden zelulaz kanpoko besikulek gaixotasun horiek diagnostikatzeko ahalmena duten biomarkatzaile proteiko sentikor eta espezifikoak dituzte. “Aurkitutako biomarkatzaileek balio handia izan dezakete patologia horiek metodo ez-inbaditzaileen bidez diagnostikatzeko eta haien diagnostiko diferentziala egiteko”, azaldu du azterlana koordinatu duen Jesús Bañales, Gaixotasun Hepatikoen Taldeko arduraduna, Luis Bujandak (CIBERehd eta UPV/EHUko ikertzailea eta Donostialdeko ESIko Digestiboko mediku espezialista) zuzentzen duen Gaixotasun Hepatiko eta Gastrointestinalen arloan.

Azken urteetan, hainbat fluido biologikotan dauden zelulaz kanpoko besikulak tresna garrantzitsu bihurtu dira hainbat ondoezen biomarkatzaileak eta gaixotasunen garapen eta bilakaeran inplikatutako faktoreak bilatzeko.

Azterlan horretan, kolangiokartzinoma, kolangitis esklerosatzaile primarioa edo hepatokartzinoma duten 134 gaixok hartu dute parte, eta Donostia, Gurutzeta eta Varsovia ospitaleetako pertsona osasuntsuen kontrolak egin dira. Halaber, Biogune IKZko azpiegiturak eta ekipamenduak erabili dira (proteomikako plataforma eta Exomen Laborategia) laginen analisia egiteko. Profil proteomikoek taldeen artean modu diferentzialean adierazitako proteina ugari zeudela eta gaixotasun horiek diagnostikatzeko tresna gisa ahalmen handia zutela utzi zuten agerian.

Azterlan horretan lortutako datu positiboetan oinarrituta, eta AECCk finantzatutako Ekintza Estrategikoaren barruan, biomarkatzaile horiek nazioartean balidatuko dira datozen urteetan, haien balio klinikoa zehazteko.

Kolangitis esklerosatzaile primarioa (PSC) behazun-hodien hanturazko gaixotasun progresiboa da, jatorri autoimmunekoa. Fibrosi progresiboa agertzen duen hantura eta gibelaren barruko eta kanpoko behazun-hodien hertsadura ditu ezaugarri bereizgarri, eta zirrosia, gutxiegitasun hepatikoa eta, zenbaitetan, behazun-hodietako minbizia eragin ditzake. Kolangiokartzinoma (CCA) edo behazun-hodietako minbizia ezohiko tumorea da, baina oso agresiboa. Zaila da goiz diagnostikatzen. Bestalde, kartzinoma hepatozelularra (HCC) gibeleko tumore primariorik ohikoena da (% 90eko proportziora iristen da), eta hilkortasun-tasa handia dauka.

Hiru patologia desberdin badira ere, hiruretan tumoreak gaixotasunaren fase aurreratuetan diagnostikatzen dira gehienetan, eta funtsezkoa da diagnostiko goiztiarra eta bereizia egitea, kasu bakoitzean egokiena den estrategia terapeutikoa zehazteko.

Erreferentzia: Arbelaiz, A., Azkargorta, M., Krawczyk, M., Santos-Laso, A., Lapitz, A., Perugorria, M. J., Erice, O., Gonzalez, E., Jimenez-Agüero, R., Lacasta, A., Ibarra, C., Sanchez-Campos, A., Jimeno, J. P., Lammert, F., Milkiewicz, P., Marzioni, M., Macias, R. I.R., Marin, J. J.G., Patel, T., Gores, G. J., Martinez, I., Elortza, F., Falcon-Perez, J. M., Bujanda, L. and Banales, J. M. (2017), Serum extracellular vesicles contain protein biomarkers for primary sclerosing cholangitis and cholangiocarcinoma. Hepatology, 66: 1125–1143. doi:10.1002/hep.29291