Berriak

Euskadin COVID-19aren bilakaera aurreikusteko eredu matematikoa

2020ko martxoan, diziplina anitzeko lantaldea sortu zen (Euskal Modelizazioko Lantaldea edo BMTF, ingelesezko siglen arabera), Ikerbasqueko, Matematika Aplikatuko Euskal Zentroko, zein UPV/EHU-ko ikertzaileak Euskadiko Osasun zentruetako kideekin batera bilduz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Osakidetzari COVID-19 gaixotasunaren dinamika modelizatzen laguntzeko.

Eredu epidemiologikoak (SIR eta hedapenak), ikerketa operatiboa eta Gaussen prozesuak abiapuntutzat hartuz, gaixotasunaren dinamika deskribatzea lortu zuten. Aste honetan, Nature Research Journals taldeko Scientific Journals aldizkari ospetsuan argitaratutako artikulu batek COVID-19aren kasu positibo baieztatuen bilakaera deskribatzeko modelizazio-metodologiaren garapena argitu du.

Artikulu berean, SHARUCD deritzon eredu estokastiko berriaren bitartez lortutako emaitzak aurkeztu dira. Ereduek infekzio arin eta asintomatikoak bereizten dituzte ospitalera joateko premia ekar dezaketen infekzio larrietatik. Eredu hau epidemiaren bilakaera aurreikusteko gai izan zen, eta Euskadiren kasuan, osasun-sistemaren beharrak aurreikusten lagundu zuen ospitaleratzeek gora egin zuten garaian.

Epidemiaren bilakaeran, epe labur eta luzeko iragarpenak kontrastatu eta ereduaren zehaztasuna baliozkotu zen. BCAMen lanean diharduen Maíra Aguiar Ikerbasqueko ikertzailearen esanetan, “frogatuta utzi dugu konfinamendu partzialeko neurriak eraginkorrak eta nahikoak izan zirela Euskadin gaixotasunaren transmisioa moteltzeko”.

Kasu positiboen hazkunde edo ugalketa-tasa ereduan sartutako datu epidemiologikoetatik abiatuta kalkulatu zen. Fase esponentzialean nahiz ondorengo konfinamendu-fasean bildutako informazioak eredua bera doitu eta hobetzeko aukera erraztu du.

Hauexek dira jendaurrean eskuragarri dauden Euskadiko modelizazio-ereduaren lehenengo emaitzak. Eredua azken datuekin elikatzen jarraitu dute, konfinamenduaren ondoko egungo fasean COVID-19ak duen transmisioa monitorizatzeko eta hartutako neurrien emaitzak aztertu ahal izateko.

 

Erreferentzia bibliografikoa:
Modeling COVID 19 in the Basque Country: from introduction to control measure response
Scientific Reports
DOI: https://doi.org/10.1101/2020.05.10.20086504