2020aren amaieran, IKERBASQUEk ibilbide luzeko eta lidergo-gaitasun handiko 170 ikertzaile zituen; goi-mailako ikertzaile gazteen harrobia bultzatzen lagunduko duten 78 ikertzaile gazte, eta aurreko bi kategoriak osatuz ikertzaile-karreraren etapa guztiak estaltzea xede duen Research Associate kategoriari atxikitako beste 42 ikertzaile. Guztion ikerketa-lanak oihartzun zabala lortu zuen aldizkari zientifikoetan. Hartara, urte osoan 1.345 artikulu plazaratu zituzten guztira indexatutako argitalpenetan, hau da, nazioarte mailako kualifikazio handiko hedabide editorialetan.
IKERBASQUEko ikertzaileek 2020an lortutako funtsen guztizko zenbatekoa 35.373.293 eurokoa izan zen (2019an baino 3 miloi euro baino gehiago). 2007az geroztik Euskadira 240 milioi euro erakatzea lortu dute guztira. Kanpoko finantzaketaz landutako 812 proiektutatik (aurreko urtean baino 99 proiektu gehiago) hamalauk ERCren (European Research Council, Europako Ikerketa Kontseilua) finantzaketa izan zuten. Hauxe da kontinente zaharreko erakunderik ospetsuena, ezagutzaren mugan finkatutako asmo handiko ikerketa-proiektuen sustapenari dagokionez, eta iazko urtearen amaieran, 1.190 pertsonak lan egiten zuten IKERBASQUEko ikertzaileek zuzendutako taldeetan.
IKERBASQUEk Euskadiko unibertsitate eta I+G zentroetan lan egiteko erakarri dituen mundu osoko ikerzaileak 36 herrialdetakoak dira, gehienak espainiarrak (169), italiarrak (27), alemaniarrak (16), britainiarrak (9), errusiarrak (8), kanadarrak (6) eta estatubatuarrak (6), baina badira Europa, Amerika eta Asiako beste 29 nazionalitatetako pertsonak ere. Horien artean, gizonak dira nagusi, % 75, emakumezkoen % 25aren aldean.
Ikertzaileen jakintza-arloei erreparatuta, % 53 zientzia esperimentalen arloko espezialistak dira, % 22 medikuntza-zientzietakoak, % 13 ingeniaritza arlokoak eta % 12 giza eta gizarte zientzietako adituak. Ikerbasqueko ikertzaile hauek munduko zentrorik ospetsuenetatik etorritakoak dira, MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordeko unibertsitateak, CNRS edo Max Planck Elkartea tarteko direla.
2020an lortutako emaitzen harira esan daiteke Euskadi zientziaren arloko Europako erreferentetzat posizionatu dela. Nazioartean, Euskadi ikerketa aurreratuko eskualdea dela aitortzen dute dagoeneko, nazioarte mailako euskal ikerketa-taldeei eta bertan nazioarteko kategoriako ikerketa garatzeko eskaintzen diren baldintza egokiei erreparatuta. Aurreko honen adibidea dugu Europako Batzordeak, Ikerbasqueren ikertzaileak erakartzeko programa hautatu duela garapen zientifikoa bultzatzeko Europako ekimenik onenetakotzat. Ikerbasqueren proposamenak ebaluatu diren 148 proposamenen artean puntuaziorik altuena lortu du eta ondorioz 4 milioi euro jaso du hurrengo 4 urteetan Euskadin 36 ikertzaile berri kontratatzeko.
Nabarmentzeko moduko lan batzuk
IKERBASQUEko ikertzaileek egindako lanen artean eta azken urteko argitalpenik nabarmenen artean, honako hauek azpimarra daitezke:
- Luis Liz Marzan Ikerbasque ikertzaile eta CICbiomaGUNEko zuzendari zientifikoak "nanotorloju" metalikoak ekoizteko mekanismo bat garatu du. Horretarako, urrezko atomoak jarri zituzten urrezko nanozilindroen gainean, ia helikoidala zen egitura batean. Beste metal batzuetan ere erabil daitekeen metodo sinple honek hainbat aplikazio optiko eta katalitiko garatzeko aukera ireki du, baita detekzio biologikorako zein irudi biomedikoak lortzeko aplikazioak ere, besteak beste. Ikerlan hau Science aldizkari zientifiko ospetsuak eman du ezagutzera. Informazio gehiago izateko: https://www.ikerbasque.net/eu/berriak/nanotorloju-berriak-lortzeko-mekanismo-berria
- Francesca Tinti UPV/EHUn lanean diharduen Ikerbasqueko ikertzaileak liburu berri bat argitaratu du Brill argitaletxearekin. Liburuak latindar zein germaniar herri-hizkuntzek Erdi Aroko erregistro goiztiarretan izandako interakzioari buruzko lehen ikerketa garrantzitsua da. Beren-beregi nabarmendu du Erdi Aroko lehenengo gizarteen kultura dokumentaletan hizkuntza aukeratzearen funtsezko gaiaren garrantzia. Zehazkiago esanda, latindar zein germaniar herri-hizkuntzek mundu anglosaxoian, ekialdeko ingurune frankoan eta inguruko eremuetan izandako interakzioak aztertu ditu. Informazio gehiago izateko: https://www.ikerbasque.net/eu/berriak/hizkuntza-goi-erdiaroko-dokumentu-ofizialetan
- Jesús Bañales Biodonostiari atxikitako Ikerbasqueko ikertzaileak SARS-COV-2 birusaren infekzioa duten pazienteengan arnas-hutsegitearen arriskua eragiten duten ezaugarri genetikoak identifikatzen lagundu zuen ikerketa batean parte hartu zuen. ‘New England Journal of Medicine’ aldizkarian argitaratutako lan honek % 50 arrisku handiagoa aurkitu zuen A odol-taldean eta % 35 txikiagoa O taldean. Informazio gehiago izateko: https://www.ikerbasque.net/eu/berriak/ezaugarri-genetikoek-covid-19aren-modurik-larrienak-garatzeko-arriskua-duten-pertsonak
- Amanda Sierra, Achucarro zentroan lan egiten duen Ikerbasqueko ikertzaileak zuzendutako ikerlan batek argi utzi zuen mikrogliak zelula jaioberrien heriotzaren sentsoretzat lan egiten duela, bizitzaren eta heriotzaren arteko orekari eutsiz. Zelula jaioberri ugariren heriotza antzematen duenean, mikrogliak adierazten dio neuronak ekoizteko sistemari gehiegi sortzen ari dela eta ekoizpena gelditu behar duela. Aitzitik, heriotza gutxi dagoela antzematen duenean, geldialdia eteteko eskatzen dio, hipokanpoak neurona berri gehiago onar dezakeen heinean. Ikerketa Journal of Neuroscience aldizkariak argitaratu zuen. Informazio gehiago izateko: https://www.ikerbasque.net/eu/berriak/bizitza-heriotzaren-ondoren-neuronentzat
Helburuko zentroa
Helburuko zentroei dagokienez, Ikerbasqueko 111 ikertzaile EHU/UPV-n lan egiten dabiltza. Gainerako 179k Deustuko eta Mondragoiko unibertsitateetan eta ikerketa
zentroetan lanean dihardute, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren menpeko BERC (Basque Excellence Research Centre) izeneko bikaintasunezko bederatzi ikerketa-zentroak tarteko direla.
Hauxe da gaur egun indarrean dauden BERCen zerrenda osoa:
- Achucarro – Basque Center for Neuroscience (Zamudio)
- Basque Center for Materials, Applications and Nanostructures (Zamudio)
- Polymat – Basque Center for Macromolecular Design & Engineering (Donostia)
- DIPC - Donostia International Physics Center (Donostia)
- Materials Physics Center (Donostia)
- Bizkaiko Biofisika Fundazioa (Leioa)
- BC3 - Basque Centre of Climate Change (Bilbo)
- BCAM - Basque Center for Applied Mathematics (Bilbo)
- BCBL - Basque Center on Cognition, Brain and Language (Donostia)
IKERBASQUEk kontratatutako ikertzaileei harrera egiten dieten bederatzi bikaintasunezko zentro eta hiru unibertsitate (EHU/UPV, Deustu eta Mondragon) horiei Ikerketa Korporatiboko Zentroak (IKZ) gaineratu behar zaizkie: biomaGUNE (biomaterialeak), biogune (biozientziak), energiGUNE (energia), eta nanoGUNE (nanozientzia), bai eta osasungintza alorreko Biodonostia eta Biocruces ikerketa zentroak eta Azti, Neiker, Tecnalia, Tecnum (Nafarroako Unibertsitatea), Globernance (pentsamendu politikoaren ikerketa eta hedapen zentroa) eta IISL/IISJ. Guztira, Euskadiko 24 unibertsitate eta ikerketa zentro profitatzen dira nazioarteko ikertzaileen erakarpenaz.