Espezieak babestu eta eremu babestuak sortzea da biodibertsitatea kontserbatzeko programa askoren ardatza. Hala ere, biodibertsitatearen egungo kontzeptu zientifikoak oinarri ahula edo osatugabea ematen du natura babestearen aldeko ekintzarako, bazterrean uzten baititu pertsonek natura ezagutzeko, baloratzeko, haren mende jarduteko edo zaintzeko erabiltzen dituzten askotariko moduak.
Unai Pascualek lideratu eta Nature Sustainability aldizkarian argitaratutako artikuluak dioenez, biodibertsitatearen egungo ikuspegia mugatzailea da eta naturaren galeraren aurkako borrokan aurrera egitea eragozten du. Ildo horretan, mugimendu kontserbazionistaren eta gizarte orokorraren artean (baztertutako komunitateak barne) natura ulertu eta baloratzeko dauden desadostasunak etengabeko gatazka-iturri bihurtu dira. Horregatik, “Biodibertsitatea eta pluralismoaren erronka” deritzon artikuluak zenbait gomendio eman dizkie zientziari, politikari eta biodibertsitatearen kontserbazioan dihardutenei.
Artikulua ekonomiari, zientzia politiko eta sozialei, geografiari zein ekologiari lotutako diziplinarteko zientzialari-talde batek idatzi du, eta beren-beregi nabarmendu du dibertsitatearen kontzeptua handitzeko premia, zientzian, mugimendu kontserbazionistan eta tokiko, estatuko zein nazioarteko politikan nagusi diren egungo ikuspegi mugatzaileetatik harantzago. Artikuluaren arabera, hainbat ikuspegi eta giza-balio biltzen dituen biodibertsitatearen kontzeptua askoz ere eraginkorragoa izan daiteke naturaren maila globaleko egungo krisia eragin duten denetariko faktoreei aurre egiteko.
Horren harira, egileek garrantzitsutzat jo dute naturarekin harremanetan jartzeko pertsonek darabiltzaten moduak aintzat hartzea. Ikuspegi “pluralista” honek biodibertsitatea kontserbatzea xede duten politiken eta ekintzen onargarritasuna eralda dezake, baita horiexen arrakasta ere.
Era berean, artikuluak argi utzi du nahitaezkoa dela ikuspegi berri bat ematea kontserbazioaren zientziari biodibertsitatearen askotariko balioak jaso ditzan. Ikuspegi pluralista honek naturarekin kezkatuta dauden herritar gehiago erakar litzake, naturaren eta giza-ongizatearen arteko talka saihetsezinaren ideia zalantzan jarriz. Horrekin batera, artikuluaren egileek diotenez, kontserbazioarekiko interesa duten eta kontserbazioaren eragina jasaten duten eragileen beharrak eta ezagutza-moduak aitortuko dituen ikuspegi pluralista horrek biodibertsitatearen kontserbazioaren izenean izandako gatazka sozialen historia luzeari aurre egin ahal izango lioke. Gauza bakarra behar da: kontserbazioaren ikuspegiak baztertutako komunitateen eskubideak errespetatzea, bereziki Herri Indigenenak, izan ere, hauen ezaguera ekologiko tradizionalak eta jardunbide jasangarriak hil ala bizikoak dira oraindik herrialde askotan natura babesteko.
Mundu mailan dagoen desberdintasun sozial gero eta handiagoa biodibertsitatearen gainbeheraren bidelaguna da. Egileen hitzetan, premiazkoa da krisi sozio-ekologiko globalaren oinarrian dauden arrazoiak ondo ulertzea. Horretarako, gizartearen botere-harremanak eta sortutako interes indartsuak kontuan hartu behar direla argudiatu dute, biodibertsitatearen galeraren inguruko erantzukizunak bereiztuz. Azken hau behar-beharrezkoa da naturaren suntsipenari onura ateratzen diotenak identifikatzeko eta joera hau nola eten zehaztu ahal izateko.
Nature Sustainability aldizkarian plazaratutako artikulu berri honek eztabaida zientifiko-politikoa sustatzea du helburu, 2021eko urrian Dibertsitate Biologikoaren Konbentzioak Kunmingen (Txina) antolatuko duen Biodibertsitateari buruzko Gailurrari begira. Artikuluaren egileek espero dute pluralismoaren alde egin dituzten aldarriek hurrengo hamarkadetarako helburu, jomuga eta adierazle berriak ezartzen lagunduko dutela biodibertsitatearen esparruan.
Basque Centre for Climate Change zentroari atxikitako Unai Pascual Ikerbasqueko ikertzaile, artikuluaren egile nagusi eta Ekosistemen Aniztasun Biologiko eta Zerbitzuei buruzko Gobernu Arteko Plataformako (IPBES) Balioen Ebaluazioaren egungo presidentekidearen esanetan, "naturak mundu mailan duen gainbehera arriskutsuari aurre egiteko arrazoiei eta irtenbideei ekiteko, biodibertsitatearen inguruko zientzialariek, mugimendu kontserbazionistak eta arduradun politikoek kontuan hartu behar dituzte naturarekiko pertsonek dituzten ikuspegi eta balio anitzak; Gure planetako bizitza biodibertsitatean oinarritzen da, eta gizarteak natura hautematen du eta haren balioetan era askotara pentsatzen du, eta, ondorioz, gizakiaren eta naturaren arteko harremanak izugarri konplexuak dira. Bada garaia naturari garrantzia emateko oso modu desberdinak kontuan hartzeko, eta horrek berehalako isla izan behar du zientzian, politikan eta biodibertsitatea zaintzen saiatzen diren ekintzetan".
Artikuluaren egileetako bat, Georgina Mace, artikulua argitaratu baino lehen hil zen. Georgina Macek BBVA Fundazioaren Ezagutzaren Mugak Saria eskuratu zuen 2018an, Kontserbazioaren Ekologia eta Biologia deritzon kategorian, eta irmotasun osoz defendatu zituen diziplinarteko ikuspegi inklusiboak biodibertsitatearen zientzian. Artikulu honen bitartez, Georgina Maceren bizitza omendu eta biodibertsitatearen zientziaren esparruan egin zuen lan nekaezina aitortu nahi da.
Informazio gehiago izateko: rdcu.be/chtQp