Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek urtero egiten duten aitorpen hau berez ez da sari bat, Euskadiko emakume ikertzaileak eta horien lana bistaratzeko modu bat baizik, ikertzaileen belaunaldi berrien eredu eta inspirazio izan daitezen. Horretarako, euren karrera zientifikoaren hiru etapa ezberdinetan dauden emakume ikertzaileak nabarmentzen dituzte: Advanced, Consolidator eta Starting.
Aitorpenen bigarren edizio honetan Ikerbasquek Euskadiko 330 emakume ikertzaileren azkenaldiko ekoizpen nahiz ekarpen zientifikoei buruzko datuen analisi bibliometrikoa egin du. Ikerbasqueko Ebaluazio Batzordeak horietatik hautatutako 18 ikertzaileen artean egin du lehen aipatutako hiru kategoria horietako azken aukeraketa. Batzordeak hiru kategorietako ikertzaileen maila zientifiko altua azpimarratu du, eta horrek agerian uzten du, batzordearen esanetan, Euskadin emakume ikertzaileek egiten duten zientziaren ahalmen handia.
Bestalde, batzordeak adierazi du edizio guztietan saiatu direla aitortutako ikertzaileen profilen artean nolabaiteko oreka bilatzen, bai euren ikerketa-karreraren etapari dagokionez, bai jakintza-arloari eta euren azpisistema zientifikoari dagokienez. Ebaluazio Batzorde hori Ikerbasqueko Patronatuko ospe handiko hiru ikertzailek, Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatuak osatzen dute.
Ikerbasqueko Ebaluazio Batzordeak hautatzen ditu aitorpena jasoko duten emakume ikertzaileak, eta aurten erabaki ditu dagoeneko, aho batez, 2021ean hiru kategorietan aitortuko diren ikertzaileak. Hauek dira:
- Advanced, ikerketa arloko karrera osoaren aitorpena: Miren Cajaraville, Biologia Zelularrean katedraduna, UPV/EHU.
- Consolidator, bere ikerketa-arloko lidergoaren aitorpena: Malu Martínez-Chantar, CIC bioGUNEko ikertzaile nagusia.
- Starting, ikertzaile gazte baten ekarpen nabarmenaren aitorpena: Paola Ferrario, Ikerbasque Research Associate ikertzailea, DIPCen.
Urteko aitorpenak
Ekimena Ikerbasqueren Plan Estrategikoaren esparruan gauzatzen da, plan horren 12 erronketako bat baita Ikerbasqueren ikertzaileen komunitatean sartzen diren ikertzaileen genero-berdintasunean aurrera egitea. Alde horretatik, Zientziarako Euskal Fundazioak gauzatutako Berdintasun Planean jasota dago emakume ikertzaileei urtero aitorpena egiteko ekimen hau.
Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek 2021eko udazkenean egingo dute aitorpen-ekitaldia, eta bertan izango dira, aitorpena jasoko duten ikertzaileekin batera, Euskadiko ikerketa-zentroen, unibertsitateen eta zentro teknologikoen ordezkaritza zabala.