Berriak

Metamorfosian gertatzen den organoen desegitea hormonek zuzendutako prozesu zehatza da

Helduen gorputza osatzen duten atalen garapenean eta hazkundean garrantzi handia du aurreko etapetako organo eta egituren desegiteak. Honen adibiderik bistakoena da intsektuen metamorfosia, baina pertsonen kasuan ere, antzeko prozesua gertatzen da sexu-guruinen garapenean edo bularren edoskitze ondorengo inboluzioan.

Jordi Casanova doktorea (IRB Barcelona zentroko Drosophilaren Garapen eta Morfogenesiari buruzko laborategiko buru eta IBMB-CSICeko ikertzailea) eta Jérôme Solon doktorea (lehen Erregulazio Genomikoaren Zentroko kidea eta orain Biofisika Bizkaia Fundazioan zein CSIC-UPV/EHU Biofisika Institutuan lanean diharduen Ikerbasqueko ikertzailea) zuzendarikide dituen ikerlan batek Drosophila euliaren metamorfosian gertatzen den trakearen desegite-prozesua deskribatu du. Lankidetza honi esker, ikuspegi genetikoa eta zelularra eta ikuspegi biofisikoa uztartu ahal izan dira gaiari heltzeko.

Prozesua bi fasetan gertatzen da: lehenengo fasean, trakea laburtu/uzkurtzen da, eta honen ondorioz, zelulen mintzak trinkotu eta bigarren fasea abiarazten da, zelulen heriotza eraginez. Bigarren fase honetan, trakeako hasierako zelula guztiak ez dira modu uniformean hiltzen, izan ere, zelula gurasoak deritzenak salbatzen dira, organo heldua sortzeko.

“Garapena eraikuntza-prozesua da, baita beharrezkoak ez diren edo erabileraren ondorioz higatu diren egiturak desegiteko prozesua ere. Prozesu hau oso garrantzitsua da zahartzean, izan ere, zahartzaroa organismo baten garapenari edo bilakaerari dagokion beste etapa bat besterik ez da. Zahartzea ulertu eta osasunaren ikuspegitik aztertu nahi badugu, funtsezkoa da prozesu hauek ulertzea”, azaldu du Casanova doktoreak.

Fraire-Zamora eta Solon ikertzaileek diziplinarteko elkarlan hauen premia nabarmendu zuten etorkizuneko aurkikuntzetarako: “Organu multizelular bat desegitera daraman prozesu honetan, oso interesgarria da mekanismo fisikoen eta seinale biologikoen artean dagoen inplikazio korapilatsua. Elkarrekin kontrolatzen dituzte zelula mailako erabakiak eta organoen birmoldaketa. Ildo honetan, lan honek nabarmendu duenez, ez da nahikoa zelulen adierazpen genetikoa eta jarduera kimikoa argitzea animalien garapenean zein gaixotasunetan gertatzen diren prozesu konplexuak ulertzeko, izan ere, horiekin batera, zelulen egoera fisikoa azaldu eta horien mekanika ere ulertu behar dugu”.

Solon eta Casanova doktoreen laborategietan doktorego ondoko ikertzaile dabilen Juan J. Fraire-Zamora doktorea da artikulu honen egile nagusia, IRB Barcleona, IBMB-CSIC, CRG eta Ikerbasqueren arteko lankidetzari esker. Ikerketa hau Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak, Kataluniako Generalitatearen CERCA programak, Biofisika Bizkaia Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzaren Basque Excellence Research Centrek finantzatu dute.

Informazio gehiago izateko: DOI: 10.1016/j.cub.2021.09.057