Biodonostia Osasun Ikerketarako Institutuak koordinatu eta Ander Matheu Ikerbasqueko ikertzailea buru duen ikerlan batek, CIC bioGUNEren eta Albert Eistein College of Medicine (New York, AEB) erakundearen lankidetzaz, zelula ama gaiztoetan gertatzen den txaperonen bidezko autofagiaren eta glioblastomaren aurrerakadaren arteko lotura identifikatu du. Ikerketa American Association for Cancer Research taldearen Cancer Research aldizkari ospetsuak argitaratutako artikulu batean jaso da.
Tumore gehienak osatzen dituzten zelulek zelula amen antzeko ezaugarriak dituzte (etengabe berritzeko aukera eta gainerako zeluletatik bereizteko gaitasuna), eta horrek esan nahi du tumoreak abiarazi eta mantentzeaz gain, tumoreak errepikatzeaz eta tumoreen aurkako terapiekiko erresistentzia areagotzeaz arduratzen direla. Zelula ama gaiztoak deritze eta diana terapeutiko bikainak dira, izan ere, horiek deuseztatuz gero, tumoreak berak eta hauen errepikagarritasuna ezabatzea lor liteke.
Glioblastoma da garuneko tumorerik ohikoena eta oldarkorrena, eta hau ere zelula ama gaiztoak izateagatik bereizten da. Ikerketan, Biodonostiako taldeak egiaztatu ahal izan du glioblastomako zelula ama gaiztoek etengabe aktibatua dutela autofagia mota bat, txaperonen bidezko autofagia deritzona.
Autofagia, oro har, eta bereziki txaperonek eragindakoa, organismoko zeluletan berez gertatu ohi den birziklatze, garbitze eta birsortze-mekanismoa da, toxinen metaketatik babestu eta kaltetutako molekulak deuseztatzeko. Ikerketaren arabera, zelula ama gaiztoak txaperonek eragindako autofagiaz “baliatzen” dira, etengabe funtzionalak izateko eta tratamendu kimioterapikoen erasoa saihesteko.
Ikerketak argitu duenez, zelula ama gaiztoek aurretiaz ezagutzen ez genuen gaitasuna dute txaperonen bidezko autofagia modulatzeko, haien biziraupena bermatuz eta tumoreari aurrera egiteko aukera erraztuz. Emaitzen arabera, txaperonek eragindako autofagia etorkizun handia izan dezakeen diana terapeutiko berria da glioblastomaren tratamenduari dagokionez, izan ere, garuneko minbizirik oldakorrenak ez du momentuz sendabiderik.
Ikerlan hau taldeak erakunde publikoetatik jasotako finantzaketa eta laguntzari esker egin ahal izan da, Carlos III.a Osasun Institutua, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, eta Minbiziaren Aurkako Elkartea (AECC) eta AlegreMente Elkartea irabazi-asmorik gabeko erakundeak tarteko direla.
Informazio gehiago izateko: https://cancerres.aacrjournals.org/content/early/2022/02/02/0008-5472.CAN-21-2161