Berriak

Antzinako DNAk munduko zuhaitz genealogikorik zaharrena erakutsi du

Britainia Handian hoberen kontserbatutako hilobi neolitikoetako bateko antzinako DNAren analisiak agerian utzi du han lurperatutako pertsona gehienak familia zabal bakar baten segidako bost belaunalditakoak zirela.

Hazleton North-eko tumulu luzean (Cotswolds-Severn eskualdean) hilobiratutako 35 gizabanakoren hezur eta hortzetatik erauzitako DNA analizatuz, ikerketa-taldeak ondorioztatu ahal izan du haietatik 27 oso hurbileko ahaide biologikoak zirela. Gizatalde hori duela 5.700 urte inguru bizi izan zen —K.a. 3.700-3.600 bitartean—, Britainia Handian nekazaritza sartu eta 100 urte inguru geroago.

Nature aldizkarian argitaratu dute lan hau, eta lehenbiziko aldiz jarri du agerian hainbesteko zehaztasunez historiaurreko familiak nola egituratzen ziren. Arkeologoz eta genetikariz osatutako nazioarteko taldeak adierazi duenez, emaitzek ezagutza berriak atera dituzte argitara Neolitoko ahaidetasunaren eta ehorzketen inguruan.

Ikerketa-taldeak —Britainia Handiko Newcastleko Unibertsitateko arkeologoz eta Euskal Herriko Unibertsitateko, Vienako Unibertsitateko eta Harvardeko Unibertsitateko genetikariz osatua— erakutsi du hilobian lurperatutako pertsona gehienak gizon berarekin umeak izan zituzten lau emakumeren ondorengoak zirela.

Hazleton North-eko tumuluak L-itxurako bi ganbera ditu luzera-ardatzaren iparraldean eta hegoaldean. Hil ondoren, gizabanakoak bi ganbera horien barnean hilobiratzen zituzten, eta, ikerketaren aurkikuntzen arabera, gizonezkoak beren aita eta anaiekin ehorzten zituzten; horrek adierazten du leinu patrilineala zela, alegia, hilobian ehortzitako ondorengo belaunaldiak erabat lotuta zeudela lehen belaunaldi harekin senide gizonezkoen bidez bakarrik.

Leinuko bi alaba, haurtzaroan hildakoak, hilobian ehortzi bazituzten ere, hilobian alaba heldurik ez izateak adierazten du ugalketa-adinera iritsi bezain laster, jatorrizko familia utzi eta haien gorpuak haien seme-alaben aitaren hilobian edo beste nonbaiten ehortzi zituztela.

Hilobia erabiltzeko eskubidea lotura patrilinealen araberakoa zen, baina gizabanakoak non ehortzi, iparraldeko edo hegoaldeko ganberan ehortzi, erabakitzeko kontuan hartzen zuten lehen belaunaldiko zer emakumerengandik zetozen, eta horrek adierazten du lehen belaunaldiko emakume horiek sozialki garrantzitsuak zirela komunitate horren oroimenean.

Ikertzaileek adierazi dutenez, badira, halaber, seinaleak adierazten dutenak ‘semeordeak’ leinuan semetzat hartu izan zituztela, hau da, gizonezko sortzailearen eta seme-alaben leinukoak ez zirenak, baina haien ama hilobian ehortzita zegoenak, seme-alabak izan baitzituen gizonezko horietako batekin. Horrez gainera, ikertzaileek ez dute ebidentziarik aurkitu esateko beste zortzi gizabanako zuhaitz genealogikoko pertsonen senide biologiko zirenik; horrek adieraz lezake ahaidetasun biologikoa ez zela irizpide bakarra inor familiakotzat hartzeko. Hala ere, gizabanako horietako hiru emakumezkoak ziren; baliteke haien ugalketa-bikotekidea hilobian ehortzita egotea baina seme-alabarik ez izatea edota alabak izatea eta heldutasunera iristean beste komunitate batera joatea eta horregatik ez egotea hilobian ehortzita.

Newcastleko Unibertsitateko Chris Fowler doktoreak (ikerketaren arduraduna eta arkeologoburua) adierazi duenez: “Komunitate neolitiko baten ahaidetasunaren inguruan orain arte sekula izan ez dugun ikuspegia eman digu ikerketa honek. Hazleton North-eko hilobiak bi ganbera bereizi ditu; batera iparraldeko sarrera batetik sartzen da, eta bestera, hegoaldeko sarrera batetik. Aurkikuntza harrigarria izan da ikustea hasiera batean hilobiaren bi erdietako bakoitza erabiltzen zela familia beraren bi adarretako baten hilen gorpuak ehorzteko. Horrek garrantzi handia dauka; izan ere, iradokitzen du beste hilobi neolitiko batzuen antolamendu arkitektonikoak adieraz liezagukeela nolakoa zen hilobi horietako ahaidetasuna”.

Euskal Herriko Unibertsitateko eta Ikerbasque ikertzaile Iñigo Olaldek (ikerketako genetikari arduraduna eta lehen egileetako bat) adierazi duenez: “Hilobiko DNAren kontserbazio bikainari esker eta antzinako DNA berreskuratzeko eta analizatzeko teknologia berrienak erabiltzeari esker aukera izan dugu sekula eraiki den zuhaitz genealogikorik antzinakoena aurkitzeko eta aztertzeko, eta, hala, antzinako gizatalde horien gizarte-egitura sakonkiago ulertzeko”.

Harvard Unibertsitateko David Reich-ek, zeinaren laborategiak zuzendu baitu antzinako DNA sortzeko prozesua, hau adierazi du: “Ikerketa honek agerian utzi du nire ustez antzinako DNAren etorkizuna izango dena: arkeologoak gai dira antzinako DNAren analisia erabiltzeko, arkeologoei benetan axola zaizkien gaiak aztertzeko nahikoa bereizmen handiarekin”.

Vienako Unibertsitateko Ron Pinhasik hau adierazi du: “Duela urte batzuk nekez pentsa genezake Neolitoko ahaidetasunaren egiturak ezagutzera iritsiko ginela. Baina hau hasiera besterik ez da, eta, zalantzarik gabe, asko dago aurkitzeko Britainia Handiko, Frantzia atlantikoko eta beste eskualde batzuetako beste zenbait aztarnategitan".

Proiektua nazioarteko lankidetza bati esker egin da: Newcastleko, Yorkeko, Exeter-eko eta Central Lancashire-ko unibertsitateetako arkeologoak eta Vienako Unibertsitateko, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Harvardeko Unibertsitateko genetikariak aritu dira lankidetzan. Cirencester-eko Corinium Museoak baimena eman zuen beren bildumako aztarnetatik laginak hartzeko.

Lan honek diru-laguntza hauek jaso ditu: Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko Ramón y Cajal beka bat (RYC2019-027909-I), Ikerbasque – Basque Foundation of Science, AEBko Osasun Institutu Nazionalak (grant GM100233), John Templeton Foundation (grant 61220), Jean-François Clin-en ekarpen pribatu bat, Allen Discovery Center programa, Allen Discovery Center programa (Paul G. Allen Familiaren Fundazioaren Paul G. Allen Frontiers Group taldeak aholkatutako programa bat) eta Howard Hughes Medical Institutua.

Informazio gehiago izateko: DOI: 10.1038/s41586-021-04241-4