Biodonostia OIIko Neurozientzien Arloari atxikitako Ikerbasqueko Research Professor Ian Holt doktrorea buru duen Mitochondria, Health & Longevity taldeak lideratu du “2-Deoxy-D-glucose couples mitochondrial DNA replication with mitochondrial fitness and promotes the selection of wild-type over mutant mitochondrial DNA” izenburua daraman nazioarteko ikerketa. Lan honetan, DNA mitokondrialean gertatzen diren alterazioak kontrola ditzaketen molekulak identifikatu dituzte, aldaketa horien ondorioz sortutako zenbait gaixotasunen garapena kontrolatzeko aukera erraztuz. Lana Nature Communications aldizkarian argitaratu da.
Mitokondrioak zelulen energia ekoizteko fabrikak dira, eta mantenugaietatik abiatuta sortzen dute energia hori. Energia-fabrika horien barruan, DNA molekula txikiak daude. Zelula bakar batek ehunka mitokondrio edo energia-fabrika ditu, eta horietako bakoitzak DNA mitokondrialeko hainbat molekula ditu. DNA molekulak funtsezkoak dira zelulen funtziorako eta, ondorioz, giza-gorputzerako. Molekula horietan gertatutako mutazioek gaixotasun suntsitzaileak eragiten dituzte, eta estu-estu lotuta daude zahartze-prozesuarekin.
Duela 30 urte baino gehiago, Ian Holt doktorea, mitokondrioaren barruko DNA zirkularreko molekula txikietan gertatutako mutazioen ondoriozko lehen gaixotasunak identifikatu zituen taldeko kidea izan zen. Harez geroztik, bizitzako edozein unetan gorputzeko edozein organori eragin diezaioketen gaixotasunei lotutako ehunka mutazio identifikatu dira DNA mitokondrialean. Egungo tratamenduak sintomatikoak dira, eta ez dago DNA mitokondrialaren gaixotasunei aurre egiteko terapiarik.
DNA mitokondrialeko gaixotasunak dituzten paziente askok nahasean batuta dauzkate DNA mitokondrial mutantea eta DNA normala. Luzaro, erabateko misterioa izan da mitokondrio mutanteek zergatik iraun eta aurrera egiten ote duten, izan ere, gertaera hori ez dator bat Darwinen “indartsuenen hautespen naturalarekin”. Ikerketa berri honek frogatu duenez, mitokondrio akastunek energia eta bestelako baliabideak “lapurtzen” dizkiote zelula osoari; hau da, parasitoak balira bezala jokatzen dute.
Ikerketan, DNA mitokondrial mutantearen molekulak “purgatzeko” gai diren molekulak identifikatu dira, zelulak DNA normala atxiki dezan. “Gene-terapiaren” antzeko fenomenoa da, baina DNA mitokondrial mutanteari aplikatua.
Ikerbasqueko Research Professor Ian Holten hitzetan, “luzaz gure helburua izan dena lortzea, hau da, mutatutako ADN mitokondrialak beren-beregi inhibitu ahal dituzten balizko molekulak identifikatzea, mantenugaien manipulazioan oinarritutako ikerketa-eremu berri batera irekitako atea da: DNA mitokondrialaren metabolismoaren erregulazioa, eta ondorioz, energia mitokondrialaren ekoizpenaren zein funtzio zelularraren erregulazioa”.
Era berean, lan honek eragin zuzena izango zahartzearen inguruko ikerketan, izan ere, pertsonak zahartu ahala, DNA mitokondrialaren mutazioak metatuz joaten dira, energia mitokondrialaren ekoizpena murriztuz. Bi fenomeno horiek mantenugaien eskuragarritasuna doituz manipula litezke, eta horrek bizitzaren iraunaldia luzatzen eta, oroz gain, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko luke.
Informazio gehiago izateko: https://doi.org/10.1038/s41467-021-26829-0