Berriak

Ikerketa berri batek soluzio berriak eskaini ditu klima-aldaketaren eta biodibertsitatearen galeraren aurka borrokatzeko

Klima-aldaketak eta planeta osoko biodibertsitatearen galera eragiten ari diren ekosistema naturalen erabilera intentsiboak eta suntsipenak okerrera egiten jarraitzen dute. Ildo honetan, krisi klimatikoa eta biodibertsitatearen krisia elkarren artean loturarik ez duten bi hondamendi desberdinak balira bezala aztertu ohi dira. Nazioarteko ikertzaile talde batek ikuspegi berri bat hartzeko eskatzen du. Berrikitan Science aldizkarian argitaratu duten ikerketan, 1,5 graduko helburua betetzea gomendatu dute, eta, aldi berean, lehorreko, itsasoko zein ur gezako eremu guztien gutxienez ehuneko 30 babestu eta leheneratzea, eta horretarako, erakundeen arteko diziplinarteko lankidetza eskatu dute —normalean modu independentean lan egiten baitute—, krisi bikoitz horren atzean dauden egungo sistema ekonomiko eta politikoak lehenbailehen eraldatzeko asmoz.

Gizakiek erro-errotik aldarazi dute Lurreko sistema. Giza-jarduerek sortutako berotegi-efektuko gasen isurpenen ondorioz, tenperatura globala 1,1 gradu baino gehiago igo da batez beste, industriaurreko aroarekin alderatuta. Eta urtero gertatzen dira karbono dioxidoaren, metanoaren eta berotegi efektuko beste gas batzuen isurpen gehigarriak, egun karbono dioxido baliokidearen 55 gigatonatik gorako kopuruetara iritsiz. Aurrekaririk ez duen krisi klimatiko honek ondorioak ditu planeta osoan. Prezipitazioaren banaketa aldatzen ari da, itsasoaren maila globala igotzen ari da, muturreko fenomeno meteorologikoak gero eta ugariagoak dira, ozeanoak gero eta azidoagoak, eta eremu anoxikoak gero eta zabalagoak.

«Homo sapiensak berak eragin duen krisi klimatikoa da, ziurrenik, gizakiak bere 300.000 urteko historian gainditu beharko duen erronkarik handiena», adierazi du Poloen eta Itsasoen Ikerketarako Helmholtz Zentroan lan egiten duen Hans-Otto Pörtner irakasleak. Pörtner beroketa globalaren inpaktuei buruzko ezagutzaren egungo egoera ebaluatzeaz arduratzen den Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Paneleko (IPCC) II. Lantaldeko presidentekidea da 2015az geroztik, eta haren esanetan, «aldi berean, beste krisi bat sortzen ari da, ia oharkabekoa, baina bestea bezain arriskutsua: planeta osoko landare eta animalien espezieen galera dramatikoa. Bi hondamendi hauek —krisi klimatikoa eta biodibertsitatearena— elkarren mendekoak dira, elkarren osagarri, eta horregatik ez genituzke behin ere bereizitako aztergaitzat jo behar». Berrikitan Science aldizkarian argitaratutako ikerketa honek zehatz-mehatz argitu ditu krisi klimatikoaren eta biodibertsitatearen krisiaren arteko loturak, bi hondamendiei aurre egiteko eta dagoeneko gizartean dituzten inpaktu izugarriak arintzeko soluzioak emanez.

Artikulua, Nazio Batuen Erakundeari atxikitako Dibertsitate Biologikoari eta Ekosistemen Zerbitzuei buruzko Gobernuarteko Plataforma Zientifiko-arauemaileak (IPBES) eta Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Panelak (IPPC) koordinatuta 2020ko abenduan antolatu zen nazioarteko mintegi zientifiko baten emaitza da. Basque Centre for Climate Change (BC3) zentroko Unai Pascual Ikerbasque irakasleak, ikerketaren egilekideak, biodibertsitatearen galerak izan duen okertze azkarra deskribatuz, «giza-jarduerek gure planetako lurrazalaren ehuneko 75 eta itsasoko uren ehuneko 66 inguru aldarazi dutela» azpimarratu du. «Horrenbesteraino egin dute, ezen, egun, adibidez, ugaztunen biomasaren ehuneko 80 eta landare-biomasaren ehuneko 50 inguru galdu baita, giza-historiako beste edozein garaitan baino espezie gehiago galtzeko arriskuan daudela». Pascualek gaineratu duenez, «beroketa globalak eta habitat naturalen suntsipenak, biodibertsitatea galera ez ezik, organismoek, lurzoruek eta sedimentuek karbonoa biltegiratzeko duten gaitasuna ere murrizten dute, krisi klimatikoa larriagotuz».

Ikertzaileek ebidentzia zientifikoak ebaluatu dituzte eta, krisi bikoitz honi aurre egiteko, isurpenak murriztea, ekosistemak babestea, lurzoruaren erabilera adimenez kudeatzea eta eragile politikoen arteko erakundearteko ahalmenak sustatzea xede dituzten neurrien konbinazioa proposatu dute.

Ikerketaren egileek klima-aldaketaren erronkari heltzeko eskatu dute, baina lurzoruaren erabileraren kudeaketari buruzko ikuspegi modernoa hartuz, babestutako eremuak biodibertsitaterako babesleku isolatutzat jo gabe. Haien iritziz, eremu horiek planeta osoan zehar hedatutako sare baten osagai izan behar dute, lurrean zein itsasoan, nola edo hala ukitu gabe dauden eskualdeak lotuz espezieentzako migrazio-korridoreen bidez. Honetarako, halaber, karbono dioxidoaren xurgatze intentsifikatua sustatu behar da, karbonoa biomasan eta lurzoruetan finkatuz. Pascualek ziurtatu duenez, «ingurumen-krisi bikoitz honek begi-bistako eragina du dagoeneko gizartean, maila askotan, eta mundu osoan zaurgarriak diren giza taldeen ekitatea eta egokitzeko gaitasuna okertu dute bereziki. Klima-aldaketaren aurkako babesa eta biodibertsitatearen kontserbazioa batera jorratu behar dira, eta historikoki planeta hozten eta egungo biodibertsitate globala hein handi batean babesten lagundu duten tokiko komunitateei eta herri indigenei abantaila sozialak eskainiko dizkieten esku-hartze politikoak behar dira».

Horrekin batera, Hans-Otto Pörtnerrek ahalegin global bateratuak instituzionalizatzeko eskatu du: «Seguraski ez ditugu lortuko 2030erako eta 2050erako biodibertsitateari, klimari zein jasangarritasunari dagozkien helburu global berriak, erakunde desberdinen arteko lankidetza sendoago ez baldin bada. Har ditzagun adibidetzat NBEk biodibertsitateaz eta klima-aldaketaren aurkako babesaz abiarazitako hitzarmenak, hau da, Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmena eta Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Hitzarmena. Hauek modu independenteegian heltzen diete bi krisiei. Testuinguru honetan, ikuspegi globala behar dugu lehenbailehen, helburuak lortzeko itxaropena baldin badugu oraindik».

Erreferentzia bibliografikoa: H.-O. Pörtner, R. J. Scholes, A. Arneth, D.K.A. Barnes, M.T. Burrows, S.E. Diamond, C.M. Duarte, W. Kiessling, P. Leadley, S. Managi, P. McElwee, G. Midgley, H.T. Ngo, D. Obura, U. Pascual, M. Sankaran, Y.J. Shin, A.L. Val (2023) Overcoming the coupled climate and biodiversity crises and their societal impacts. Science, 380, eabl4881. DOI: 10.1126/science.abl4881.