Berriak

Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek emakume ikertzaileen lana aitortu eta bistaratu dute

Ikerbasqueko Ebaluazio Batzordeak hautatzen ditu aitorpena jasoko duten emakume ikertzaileak, eta aurten erabaki ditu dagoeneko, aho batez, 2023an hiru kategorietan aitortuko diren ikertzaileak. Jokin Bildarratz sailburuak gaur goizean jakinarazi die Hezkuntza Sailaren eta Ikerbasqueren aitortza jasoko duten hiru ikertzaileei, zein izan den erabakia.

Honako hauek dira hiru ikertzaileak:

  • Advanced, ikerketa arloko karrera osoaren aitorpena: Alicia Alonso, UPV/EHUko Biokimika eta Biologia Molekular Saileko katedraduna.
  • Consolidator, bere ikerketa-arloko lidergoaren aitorpena: Ainhoa Magrach, Ikerbasque Research Professor ikertzailea BC3 - Basque Centre for Climate Change ikerketa zentroan.
  • Starting, ikertzaile gazte baten ekarpen nabarmenaren aitorpena: Sara Barja, Ikerbasque Research Associate ikertzailea UPV/EHU eta Material Physics Center ikerketa zentroan.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek urtero egiten duten aitorpen hau berez ez da sari bat, Euskadiko emakume ikertzaileak eta horien lana bistaratzeko modu bat baizik, ikertzaileen belaunaldi berrien eredu eta inspirazio izan daitezen. Horretarako, euren karrera zientifikoaren hiru etapa ezberdinetan dauden emakume ikertzaileak nabarmentzen dituzte: Advanced, Consolidator eta Starting.

Aitorpenen laugarren edizio honetan Ikerbasquek Euskadiko emakume ikertzaileen azkenaldiko ekoizpen nahiz ekarpen zientifikoei buruzko datuen analisi bibliometrikoa egin du. Ikerbasqueko Ebaluazio Batzordeak gorago aipaturiko hiru kategoria horietako 22 ikertzaileren gainean arreta jarrita egin du lehen azken aukeraketa. Batzordeak hiru kategorietan emakumezko ikertzaileen maila zientifiko handia nabarmendu dute, baita beste urte batzuekin alderatuta izangaien kopuruak izan duen gorakada ere, eta horrek, batzordekideen hitzetan, agerian uzten du emakume ikertzaileek Euskadin egiten duten zientziaren potentzial handia.

Bestalde, batzordeak adierazi du edizio honetan ere saiatu direla aitortutako ikertzaileen profilen artean oreka bilatzen, bai euren ikerketa-karrerako etapari dagokionez, bai jakintza-arloari eta euren azpisistema zientifikoari dagokienez ere. Ebaluazio Batzorde hori Ikerbasqueko Patronatuko ospe handiko hiru ikertzailek, Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatuak osatzen dute.

Urteroko aitorpenak

Ekimena Ikerbasqueren Plan Estrategikoaren esparruan gauzatzen da, plan horren 12 erronketako bat baita Ikerbasqueren ikertzaileen komunitatean sartzen diren ikertzaileen genero-berdintasunean aurrera egitea. Alde horretatik, Zientziarako Euskal Fundazioak gauzatutako Berdintasun Planean jasota dago emakume ikertzaileei urtero aitorpena egiteko ekimen hau.

Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek 2023ko udazkenean egingo dute aitorpen-ekitaldia, eta bertan izango dira, aitorpena jasoko duten ikertzaileekin batera, Euskadiko ikerketa-zentroen, unibertsitateen eta zentro teknologikoen ordezkaritza zabala.