Biogipuzkoa Osasun Ikerketarako Institutuko Birsorkuntza eta Minbiziaren arloko Bioingeniaritzako ikerketa-taldeak, IKERBASQUEko ikertzaile Amaia Cipitria doktorea buru, bularreko minbiziaren metastasia hezurretan nola garatzen den aztertu duen ikerlana argitaratu du Science Advances aldizkari prestigiotsuan. Gainera, lanaren garrantzi eta berritasunagatik, aldizkariaren azalean ere agertuko da.
Bularreko minbizia hezurrean metastatizatu ohi da, hezurrak suntsi ditzaketen lesioak eraginez. Aldaketa estrukturalek eta biofisikoek metastasiaren bilakaerari eragiten diotela uste da, baina oso gutxitan aztertu dira. Aldaketa horiek ikertu ahal izateko, lan honetan hezur-metastasi goiztiarreko sagu-eredua eta irudi multimodalak garatu dira. Horien laguntzaz, minbizi-zelulen kokapena, hezurren (bir)modelaketa dinamikoa eta metastasiaren hasiera kuantifikatu nahi ziren. Mikroskopia aurreratua erabiliz, kaltetu gabeko hezurretan ere minbizi-zelulak aurkitu ahal izan dituzte, banaka nahiz talde txikietan, eta hezurretan duten tamaina eta banaketa aztertu dute. Gainera, hezurretako lesio goiztiarrak detektatu dituzte, eta, detektatzeko moduko lesiorik ez zegoen hezurretan, hezur horiek (bir)modelaketa alteratua zutela egiaztatu dute. Irudiak aztertzeko tresna berri baten bitartez, lesio goiztiarrek denboran zehar izandako hazkundearen jarraipena egin dute. Horrela, minbizi-zelulak hezur-konpartimentu guztietan kokatzen direla frogatu ahal izan dute, eta hezurretako lesio metastatiko goiztiarrak metafisian baino ez dituzte detektatu, (bir)modelaketa altuko eremua den heinean. Ikerketak iradoki duenez, hezurretako (bir)modelaketa-tasarik altuenek lesioen sorkuntza errazten dute metastasi goiztiarrean.
Ikertzaileen hitzetan, “ilusio handia ematen digu, bularreko minbizi-zelulek oso estadio goiztiarretan hezurretara egiten duten barreiaketari buruz harrapatu ahal izan ditugun irudiak partekatzeko aukera izateak. Hori guztia, irudi aurreratuko teknika berriei esker (argi-laminaren bidezko 3Dko fluoreszentzia-mikroskopia eta mikrotomografia konputarizatua) eta hezurretako lesio goiztiarren hazkundea kuantifikatzeko irudi-azterketarako tresna berri bati esker lortu da”. Gaineratu dutenez, “honek oinarriak ezarri ditu, gure taldean bularreko minbiziaren latentzia eta hezur-metastasiaren hasierari buruz luze gabe abiaraziko den Europako proiektu berri baterako”.
Este trabajo ha contado con la participación de investigadores del Instituto Max Planck (Alemania), McGill University (Canadá) y Leibniz-Institute for Advancing Analytics (Alemania). Además, ha sido posible gracias a la financiación de Deutsche Forschungsgemeinschaft (CI 203/2-1), IKERBASQUE, Ministerio de Ciencia e Innovación (PID2021-123013OB-I00, MCIN/AEI/10.13039/501100011033), Fundación Científica Asociación Española Contra el Cáncer (LABAE223466CIPI), Departamento de Salud del Gobierno Vasco (2023333027), International Max Planck Research School y FRQS Programme de bourse de chercheur.
Informazio gehiagorako: DOI: 10.1126/sciadv.adj0975