Berriak

ERC Advanced Grant berri bat garun eta hizketaren erritmoen arteko koherentzia aztertzeko

BCBL zentroko zuzendari zientifikoa den Manuel Carreiras aurten Europako Ikerketa Kontseiluaren ERC Advanced Grant diru-laguntza lortu duten 11 ikertzaile espainiarren artean dago.

Guztira 2023an aurkeztu diren 1 829 hautagaitzatatik, 255 proiektu aukeratu dituzte, Europar Batasunak finantzatutako 652 milioi euro banatuko dituztenak.

Horien artean, Giza eta Gizarte Zientzien alorreko CORTICAL RYTHMS proiektua dago, Manuel Carreirasek gidatua. Proiektuak 2,5 milioi euro jasoko ditu garun eta hizketaren erritmoen arteko koherentziaren inguruko ezagutzak areagotzea helburu duen azterlana aurrera eramateko 5 urteetan zehar. Ikerketa honetan erritmo maiztasun ezberdinak erabiliko dira eta populazio talde desberdinak aztertuko dira, biomarkatzaileak identifikatuz eta neurofeedback algoritmo berriak garatuz diagnostiko eta esku-hartze tresna hobeak sortzeko xedez. «Norbaiti hitz egiten entzuten diogun bakoitzean, gure garun-uhinak hartzailearen uhinekin sinkronizatzen dira». Ikerketa honen bidez, sinkronia hau aztertuko dugu atzean dauden mekanismo kognitiboak ulertu, biomarkatzaileak identifikatu eta dislexia bezalako arazoei zuzendutako neurofeedback-a oinarri duten esku-hartze programa eraginkorragoak zein hizkuntza berriak ikasteko prozesu hobeak garatzeko», azaldu du Carreirasek. Horretarako, batetik, elektroentzefalografia eta magnetoentzefalografia bezalako neuroirudi teknikak erabiliko dira, baita neurofeedback bidezkoak ere, garunaren mota ezberdineko datuak bildu eta analizatzeko. Hau guztia baliagarria izango da garunaren funtzionamenduaren atzean dauden mekanismoak hobeto ezagutzeko, zerbait gaizki dabilenerako, dislexia dagoenean adibidez, edo neurofeedback tekniken bitartez indartu daitekeenean, hizkuntzen ikasketa esaterako. Zehatzago esanda, proiektua daraman taldeak zenbait parte-hartzaile talderekin egingo du lan: 4 hilabeteko haurtxoak, «irakurmena erabat finkatu arte aldizka haien gauzatzea neurtuko dugu», gehitu du Manuel Carreirasek; eskolaurreko haurrak zein heldu letragabeak, irakurketa fasea hasten ari direnak eta, azkenik, bigarren hizkuntza bat ikasten ari diren helduak, euskara edo keinu-hizkuntza kasu, ezaugarri linguistiko oso ezberdinak dituztenak.

Europar Batasun mailan ospetsuenetakoak diren ERC Advanced Grants bekak Europako ikertzaile liderrei aurkikuntza zientifiko garrantzitsuak ekar ditzaketen asmo handiko proiektuak garatzeko aukera ematen diete eta, gainera, ikertzaile gehiagorentzako lanpostu berriak sortzea ahalbidetzen dute.

Carreirasen kasuan, IkerBasqueko irakasle, University College of London-eko (UCL) ohorezko irakasle eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) ikertzaile agurgarri, beka honek BCBLko zuzendari zientifiko eta Hizkuntzaren Neurobiologia ikerketa taldeko lider bezala egindako ibilidea aintzatesten du.

«Aintzatespen honek oso harro sentiarazten gaitu eta baita berekin dakarren ospe zientifikoakere, bai Manuelenabai zentroarena. Hautatutako proiektuak ez dira %14ra iristen, horrek agerian uzten du diru-laguntza hauetako bat lortzeko zailtasuna », nabarmendu du bere aldetik BCBLko gerentea den Ana Fernandezek.