Berriak

Europar proiektu garrantzitsua karbono-nanopartikula lumineszenteen sintetizazioa ikertzeko

Europako Ikerketa Kontseiluak oraintsu argitaratu du datozen bost urteetan finantzatuko dituen ikerketa-proiektu aurreratu berrien zerrenda. ERC Advanced Grant izen handiko hornidurak dira; 2,5 milioi euro esleitzen dizkiete aurrerapen handiak eragiteko eta gaur egungo erronka nagusietako batzuei irtenbidea emateko aukera handiak dituzten ikerketa-proiektuei. Sormen handieneko ideiak garatzeko eta ezagutzaren domeinu guztien aurrerabidean ezinbestekoak izango diren proiektuak garatzeko esleitzen dira. CIC biomaGUNEko Karbonoaren Bionanoteknologia taldearen buru Maurizio Prato Ikerbasque irakaslea eta AXA Chair katedraduna da hornidura horietako bat jasoko duen zientzialarietako bat. Hauxe da Pratori bere ikerketa-ibilbidean ematen dioten bigarren Advanced Grant-a.

Diru-funts horrekin finantzatuko den proiektuak e-DOTS akronimoa du. Oinarrizko ikerketako proiektu bat da, zeinaren helburu baita “karbono-nanopuntu edo nanodot izenekoen egitura eta propietateak ikertzea, eta zehazki guk nahi dugun propietateak izateko moduan sintetizatzea”, adierazi du Pratok. Nanodotak nanopartikula esferikoak dira (gutxi gorabehera 3 edo 4 milimetro-milioiren neurtzen dute); karbonoz, hidrogenoz, oxigenoz eta nitrogenoz osatuta daude, eta molekula organikoak 200-300 °C bitarteko tenperaturatan tratatuz sintetizatzen dira. Uretan eta beste disolbatzaile batzuetan disolbagarriak dira eta, bestalde, lumineszentzia bizia dute; propietate horiek idealak dira irudi biomedikoetan erabiltzeko, bai terapia berrietarako bai diagnostikorako. ERCk balioetsi duenez,”proiektu honen bidez, maila akademiko hutsetik nanomedikuntzan eta, oro har, medikuntzaren zientzian erabiltzeko moduko maila batera eraman daitezke nanodotak”.

“Oraindik ez dakigu ongi zer egitura duten nanodotek. Erreaktiboei aplikatzen zaizkien tenperatura altuen ondorioz, jatorrikoak baino egitura aski konplexuagoak lortzen dira, eta oraindik ez ditugu ezagutzen. Badakigu sintetizatzeko metodoaren arabera, hau da, formazioan konposatu desberdinak erabiliz, haien propietateak alda daitezkeela. Eta horixe da, hain zuzen ere, proiektu honen helburu nagusia: material horien egitura, erreaktibitate kimikoa eta propietateak doitasunez ezagutzera iristea, nola sortzen diren ulertzea eta guk nahi bezala eraldatzera iristea”, dio ikertzaileak. Pratoren arabera, nanodotek nukleo bat dute erdigunean, non kromoforo izenekoak kokatzen baitira; horiek ematen dizkiete lumineszentzia-propietateak. Kanpotik, “funtzio desberdinak dituzten karbono-katez estalita daude, zeinak balio baitezakete nanopartikulak itu jakin batera bideratzeko”.

Nanodot berriak aurkitzeko sistema automatizatua

Nanopartikula hauek nola sortzen diren ikertzeaz eta zer egitura-mota sor daitezkeen ulertzeaz gainera, “sistema automatizatu bat ere erabili nahi dugu, sintesia optimizatzeko metodo berri bat erabiliz nanodot berriak aurkitzeko; alegia, robot-moduko bat sortu nahi dugu, nanopartikula berriak prestatuko dituena, analizatuko dituena eta haren propietateak guk espero ditugunak baino hobeak edo okerragoak diren esango diguna, eta nanopunturik hoberenak nola sintetizatu eta zer propietate sar diezazkiekegun ulertzen lagunduko diguna”, azaldu du Pratok. Hala, nanodoten propietateak modulatu ahal izango dituzte: sintesi-erreakzioan konposatu desberdinak erabiliz, “nukleoa eta kanpoaldea aldatu ahal izango ditugu, guk nahi dugun propietateak lortzeko”, erantsi du.

Karbono-nanodoten oinarrizko alderdietan sakontzeak aukera emango du haien potentzial osoa aplikazio teknologiko eta biologikoetara hedatzeko, kalitate handiko bioiruditik hasi eta uretako katalisi berderaino. “Katalisi organikoko sistemetan erabil daitezke, balio erantsi handiko konposatuak lortzeko. Bestalde, espero dugu erresonantzia magnetikoko irudietan erabiltzeko kontraste-agenteak sintetizatzea; eta, gainera, nanodot horiek molekula terapeutikoekin kargatuz gero, aukera izango dugu bai elementu terapeutiko gisa bai diagnostikorako elementu gisa erabiltzeko (eremu berritzaile horri teragnostika deitzen zaio)”, azaldu du Ikerbasque irakasleak.

Markatzaile gisa erabil litezke sistema biologikoetan; “beraz, nanodoten kanpo-egituraren arabera, zelula-mota jakin baterantz bideratu ahal izango ditugu, hau da, sistema honen bidez minbizi-zelulak identifikatu ahal izango genituzke”. Horretarako, ikertzaileak dio oso garrantzitsua dela nanodoten biosegurtasuneko profil bat ezartzea; izan ere, “oraindik ez dakigu oso ondo zer interakzio-mota daukaten zelulekin eta izaki bizidunekin. Garrantzitsua da ziur egotea ez dutela batere kalterik eragiten”. Hala ere, ikertzaileak aurreratu du orain arte egin dituzten ikerketen arabera dagoeneko ikusi dutela “ez dutela toxikotasunik”.