Berriak

Garatutako teknologia aitzindari bat hasi da erabiltzen NBE, naturak gure ongizatean zer eragin duen neurtzeko

Ferdinando Villa —Ikerbasqueko ikertzailea eta Basque Centre for Climate Change (BC3) bikaintasuneko ikerketa-zentroaren ARIES ikerketa- eta berrikuntza-plataformaren arduraduna— buru duen proiektu batek teknologia aitzindari bat garatu du gobernuek kapital naturala bizkor kontabiliza dezaten. Prozesu horri esker, baliabide natural berriztagarri eta ez-berriztagarri guztiak (landareak, animaliak, airea, ura, lurzoruak, mineralak) kalkula daitezke, eta, konbinatuta, onurak dakarzkiote ekosistema edo eskualde jakin bateko jendeari. "ARIES for SEEA" aplikazio berria kode irekikoa da, eta adimen artifiziala darabil. Nazio Batuen Erakundeko Ekonomia eta Gizarte Arazoen Saileko Estatistika Dibisioarekin (UN DESA) eta Ingurumenerako Nazio Batuen Programarekin (PNUMA) elkarlanean garatu da, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntzarekin.

Teknologia berritzaile hori oso erabilerraza da, eta, hari esker, ekosistemen zerbitzuak (esaterako, basoek klima erregulatzea eta elikagaien ekoizpena) bizkor eta modu estandar eta pertsonalizatuan kuantifikatu eta ebaluatu daitezke munduko edozein tokitan. "ARIES for SEEA" aplikazioa Nazio Batuen Plataforma Globalean dago eskuragarri. Plataforma hori hodeian ostatatutako zerbitzu-ingurune bat da, eta herrialdeen arteko elkarlana sustatzen du, ezagutza, datuak, teknologia eta metodo zientifikoak trukatzeko aukera ematen baitu.

Stefan Schweinfest UN DESAko Estatistika Dibisioaren zuzendariaren arabera, «"ARIES for SEEA" aplikazioak erabateko aldaketa dakarkie SEEAko Ekosistemen Kontabilitatearen estandarra ezarri nahi duten gobernu nazionalei. Teknologia horri esker, datu-iturri globaletatik abiatuta has daitezke herrialdeak kontu ekonomiko nazionalak biltzen, eta, haiek osatzeko, datu nazionalak edo eredu-parametroak erabili».

2021eko martxoan Ingurumen eta Ekonomia Kontabilitatearen Sistemako (SEEA) Ekosistemen Kontabilitatea ezarri zelako jarri du NBEk teknologia aitzindari hori gobernuen eskura. Ekosistemen Kontabilitatea nazioarteko estandar bat da, eta hainbat ekosistema (basoak, hezeguneak, etab.) kuantifikatzen eta ebaluatzen laguntzen du; horretarako, ekosistema horien hedadura eta egoera eta haiek giza ongizateari dakarzkioten onurak monitorizatzen dira.

Teknologia hori erabiltzea urrats historikoa da ekosistemak zaintzeko eta Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) betetzeko, eta BPGa baino gauza gehiago hartzen ditu kontuan bilakaera global komun baten jarraipena egiteko.

Honela esan zuen Bert Kroese Herbehereetako Estatistikako zuzendariondoko eta Nazio Batuen Ingurumen eta Ekonomia Kontabilitateko Sistemaren presidenteak: «"ARIES for SEEA" aplikazioa behar-beharrezko tresna da herrialdeek GJHekin eta garapen-bidean dagoen Munduko Aniztasun Biologikoko 2020 osteko Esparruarekin aurrera egin dezaten. Sartzeko baldintza gutxi bete behar direnez, herrialde bat bera ere ez da atzean geratuko ekosistemen kontabilitateari dagokionez».

Risenga Maluleke Hegoafrikako Estatistiketako estatistikari orokor eta Estatistika Ofizialetarako Datu Zientzietako NBEren Aditu Batzordearen presidenteak esan duenez: «"ARIES for SEEA" aplikazioa NBEren Plataforma Orokorrean jartzea urrats garrantzitsua da; izan ere, ekosistemei eta haiek ekonomian eta ongizatean duten eraginari buruzko datuen neurketak kontuan hartuko dira hartara, eta erabaki politikoak hartzeko erabiliko diren munduko, eskualdeetako eta estatuetako estatistiketan jasoko dira. Naturari buruzko datu hobeak izanik, gure planeta salbatzeko politika hobeak egingo ditugu».

Susan Gardner PNUMAko Ekosistemen Dibisioaren zuzendariaren hitzetan, funtsezkoa da beste sistema ekonomiko batzuk eraikitzea, zeinek COVID-19aren ondorengo munduan giza ongizatea, ingurumen-osasuna eta aberastasun ekonomikoa sortzeko iturri nagusi gisa baloratu behar baitute natura: «Kapital naturalaren kontabilitatea eginez naturaren ekarpenak ulertu eta haiei buruzko azken datu eta ereduak integratzen dituen teknologia bat erabilita, errazago eta hobeto informatuta hartuko dituzte enpresek eta gobernuek naturari buruzko erabaki positiboak, eta ekintza eraginkorrak sustatuko dituzte biodibertsitatea galtzearen, aldaketa klimatikoaren eta guztiontzako etorkizun jasangarriaren inguruan».

Halaber, baliteke aplikazio berriak elkarlana sendotzea. Ferdinando Villa Ikerbasqueko irakasle eta ARIESeko BC3ko ikertzaile nagusiak zera gaineratu du: «Gero eta jende gehiagok eskatzen du baliabide naturalak modu jasangarrian kudeatzeko, eta, hori lortzeko, zientzialariok eta arduradun politikoek gero eta gehiago jardun behar dugu elkarlanean. Adimen artifiziala darabilten teknologiak (esaterako, "ARIES for SEEA") funtsezkoak dira etorkizunean ikertzaileek eta politikariek ezagutza modu irekian integratu eta berrerabili ahal izan dezaten».

Txina, India, Brasil eta beste herrialde batzuk hasi dira "ARIES for SEEA" teknologia erabiltzen dagoeneko. Datozen hilabeteetan, aplikazioak zabaltzen jarraituko du, eta beste funtzio batzuk gehituko zaizkio, GJHek eta garapen-bidean dagoen Munduko Aniztasun Biologikoko 2020 osteko Esparruak zer aurrerapen izan duten ebaluatzen lagunduko duten adierazleak ateratzeko.

Kapital Naturalaren Kontabilitatea eta Ekosistema Zerbitzuen Balorazioa (NCAVES) izeneko proiektuaren barnean garatu da aplikazioa. Proiektuaren helburu nagusia da ingurumen- eta ekonomia-kontabilitatea hobeto ezagutzea, nagusiki ekosistemen kontabilitatea. Europar Batasunak finantzatu du proiektua, eta UN DESArekin eta PNUMArekin batera ari da ezartzen.

Informazio gehiago: