Berriak

Gibel-giltzurrunetako gaixotasun polikistikoak tratatzeko farmako berriak

Gibel-giltzurrunetako gaixotasun polikistikoak giltzurrunetako eta/edo gibeleko kiste sintomatiko ugariren garapen progresiboa ezaugarri duten nahasmendu genetiko hereditarioak dira, organo horien funtzioari dagozkion alterazioak nahiz hazkundearekin lotutako konplikazioak eragin ditzaketenak. Egun, gaixotasun horiek ez dute tratamendu farmakologiko eraginkorrik, eta organo horien transplantea da sendatzeko aukera bakarra.

UPV/EHUko ikertzaileek, Ikerbasqueko zuzendari zientifiko Fernando Cossio (UPV/EHU) doktorearen zuzendaritzapean, eta Biodonostia OIIko Gaixotasun Hepatikoen taldeko ikertzaileek, Ikerbasqueko ikertzaile Jesús M. Bañales doktorearen esanetara, lankidetzan jardun dute farmako berrien garapenean, eta gaixotasunaren eredu esperimentaletan frogatu dutenez, sendagai horiek eraginkorrak dira gibeleko nahiz giltzurrunetako kisteen hazkundea murrizteko, ikuspuntu klinikotik berealdiko garrantzia izan dezaketelarik. Bi euskal erakundeen artean gidatutako diziplina anitzeko proiektu honek José J. G. Marín doktorea buru duen Salamancako Unibertsitateko ikertzaile-taldearen laguntza izan du, baita Kataluniako Idibell Institutuarena, Manel Esteller doktorearen zuzendaritzapean, eta Minnesotako (AEB) Hormel Institutuarena ere, Sergio Gradilone doktorearen lidergopean.

Garatutako farmakoak azido ursodeoxikolikoaren (UDCA) egituran oinarritu dira, izan ere, gure gorputzean kontzentrazio baxuan dagoen behazun-azido horrek gibelaren aldeko babes-propietateak ditu. Horren harria, gibeleko zenbait gaixotasunen tratamendurako erabili ohi da. Ikertzaileak molekula horren egituran eta propietateetan oinarritu dira, gibel-giltzurrunetako kisteen hazkundearen sustapeneko funtsezko proteina bat inhibitzera bideratutako deribatu kimikoen familia bat diseinatu eta sintetizatzeko. Argitaratutako emaitzek erakutsi dutenez, sendagai berri horiek gibeleko nahiz giltzurrunetako kisteen hazkundea blokeatzeko gai izan dira gaixotasunaren animalia-eredu batean.

Farmako berri horiei atxikitako itxaropenez betetako ondorio terapeutikoek jakinmin handia eragin dute nazioarteko komunitate zientifikoan. Horren harira, aipatutako ikerlana Gibela Aztertzeko Europako Elkarteak (EASL) Vienan antolatutako Nazioarteko Kongresuan ahoz aurkezteko aukeratu zuten. Horrez gain, berrikitan, Hepatology nazioarteko aldizkari ospetsuan (Gibela Aztertzeko Amerikako Elkartearen aldizkari ofiziala) argitaratu da, eta doktore-tesia lantzeko oinarritzat erabili du Francisco J. Caballero doktoreak (UPV/EHU, Biodonostia), hauxe baita Fernando Cossío (UPV/EHU) eta Jesús M. Bañales (Biodonostia, Ikerbasque) doktoreek zuzendutako lan horren egile nagusia.

Proiektuak Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren berrikuntzako FIPSE sari nazionala jaso berri du, eta honi esker, farmako horien patentea osatu ahal izan da. Farmako horiek Euskadiko ATLAS Molecular Pharma konpainiaren lizentzia lortu dute, ikerketa klinikoa sustatzeko. Gainera, proiektu hau Euskadiko RIS3 Programak, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak, Carlos III.a Institutuak (ISCIII) eta Ikerbasquek ematen duten lehiaren aldeko finantzaketaz baliatu ahal izan da.