Berriak

Ikerbasqueko ikertzaileek euskadira 32 milioi eurotik gorako funtsak erakartzea lortu dute

2019an IKERBASQUEren emaitzak aurkeztu dira, IKERBASQUE ikertzaileek lortutako 32 milioi euro baino gehiagoko funtsak eta fundazioaren ikertzaileek bere historian zehar erakarri dituzten 205 milioi euroko zenbatekoak nabarmenduz.

Iazko urte amaieran, IKERBASQUEk ibilbide luzeko eta lidergo-gaitasun handiko 163 ikertzaile zituen, goi-mailako ikertzaile gazteen harrobia bultzatzen lagunduko duten 76 ikertzaile gazte, eta aurreko bi kategoriak osatuz ikertzaile-karreraren etapa guztiak estaltzea xede duen Research Associate kategoriari atxikitako beste 29 ikertzaile. Guztion ikerketa-lanak oihartzun zabala lortu zuen aldizkari zientifikoetan. Hartara, urte osoan 1.272 artikulu plazaratu zituzten guztira indexatutako argitalpenetan, hots, nazioarte mailako kualifikazio handiko hedabide editorialetan.

IKERBASQUEko ikertzaileek 2019an lortutako funtsen guztizko zenbatekoa 32milioi eurokoa izan da (2018an baino 4 milioi gehiago). 2007az geroztik, Euskadira 205 milioi euro erakartzea lortu dute guztira. Kanpoko finantzaketaz landutako 713 proiektutatik (aurreko urtean baino 124 proiektu gehiago), hamabik ERCren (European Research Council, Europako Ikerketa Kontseilua) finantzaketa izan dute. Hauxe da kontinente zaharreko erakunderik ospetsuena, ezagutzaren mugan finkatutako asmo handiko ikerketa-proiektuen sustapenari dagokionez, eta iazko urtearen amaieran, 1.031 pertsonak lan egiten zuten IKERBASQUEko ikertzaileek zuzendutako taldeetan.

IKERBASQUEk Euskadiko unibertsitate eta I+G zentroetan lan egiteko erakarri dituen mundu osoko ikertzaileak 37 herrialdetakoak dira, gehienak gizonak: % 77 gizonak dira, eta % 23 emakumeak. Ikertzaileen jakintza-arloei erreparatuta, % 54 zientzia esperimentalen arloko espezialistak dira, % 23 medikuntza-zientzietakoak, % 11 giza eta gizarte zientzietako adituak eta % 12 ingeniaritza arlokoak. Ikerbasqueko ikertzaileak munduko zentrorik ospetsuenetatik etorritakoak dira, MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordeko unibertsitateak, CNRS edo Max Planck erakundea tarteko direla.