Berriak

Terapia geniko bidezko parkinsonen gaixotasunarentzako tratamendua

Achucarro Neurozientzia zentruko Mazahir T. Hasan Ikerbasqueko ikertzaileak eta Georgiako (USA) Emory Unibertsitateko Thomas Wichmann irakasleak EEBB-etako Osasun Institutu Nazionalaren (NIH, USA) ikerketa proiektu bat lortu dute, "Nukleo subtalamikoko neurona eta astrozitoen manipulazio kimio-genetikoa Parkinsonismoa tratatzeko" tituluduna.

Azken urteotan, geroz eta argiago dago neurona eta astrozitoek elkarrekiten dutela portaera konplexuak antolatzeko, motrizitatea besteak beste, ibiltzea, jarreraren kontrola mantentzea eta objektuak heltzea bezalako zereginak barne. Parkinsonen gaixotasunean dopaminaren produkzioan parte hartzen duen gai beltza deritzon garunaren area endekatu egiten da. Dopamina faltak zenbait arazo dakartza, funtzio motoreak barne, zeinak kontrolatu ezineko dardarak sortzen dituen, eta honek pazienteen eguneroko zeregin motore sinpleak burutzeko gaitasuna asko murrizten du.

Parkinsonen gaixoek L-dopa bezalako botikak hartzen dituzte, honek hesi hematoentzefalikoa azkar igaro dezakeelarik dopamina defizientzia arintzeko. Denborarekin baina, botika hauen efizientziak behera egin ohi du. Jarduera motorearekin erlazionaturiko arazoak murrizteko beste tratamendua burmuinaren estimulazio sakona da. Teknika hau burmuinean sakon aurkitzen den nukleo subtalamikoan elektrodoak kokatzean datza disfuntzio motorearekin erlazionaturiko sintomak ahultzeko. Hala ere, tratamendu hau ez da gai gaixo guztietan emaitza onak lortzeko, epe luzera problemak ekarri ditzake eta zenbait albo-ondorio eragiten ditu, ezgaitasun kognitiboak barne.

Sinergia altuko kolaborazio baten bidez, Hasan irakasleak, neurozientzialari eta biologo sintetikoa eta Wichmann irakasleak, neurozientzialari eta neurozirujaua (zeinak garun sakoneko estimulazioa egiten duen Parkinson gaixoetan), bat egin dute Parkinsonen gaixotasuna tratatzeko. Proiektu honetan terapia genikoak erabiliko dituzte animali modeloetan, Parkinsonen gaixotasunean ikusten diren bezalako kondizioak tratatzeko helburuarekin. Astrozito eta neuronen manipulazio genetiko espezifikoa Parkinsonen gaixotasunarentzako tratamendu gisa erabili ahalko litzakeela da hipotesia. Hasanen laborategian diseinaturiko metodo genetikoek primateetan (WIchmannen laborategian) eta arratoietan (Hasan laborategian) buruturiko saiakera preklinikoetan emaitza positiboak izatekotan, ikerketa 5 urteko proiektu baten bidez luzatuko lukete (NIH RO1), gizakietan saiakera klinikoren bat burutzeko aukera sortuz.