Berriak

Jauzi kuantiko bat Euskadirentzat, IBM DIPC zentroaren Patronatuan sartuta

IBM erakundea Donostia International Physics Center (DIPC) zentroaren patronatuko kide izendatu dute gaur, eta, hala, bi erakundeen artean duela hamarkada batzuk abiatutako lankidetza zabala indartu da. 2000. urtean, DIPCren inaugurazio-ekitaldiko lehen hitzaldi zientifikoa Heinrich Rohrer-ek egin zuen, zeina Fisikako Nobel sariduna eta, garai hartan, IBMko ikertzailea baitzen. Gaur, mende laurden geroago, aliantza horrek goia jo du, IBM erakundea DIPC zentroaren patronatuan sartu baita. Munduko multinazional teknologiko handietako bat da IBM, eta erreferentea mundu osoan materialen zientziaren, zientzia konputazionalaren eta beste alor batzuen ikerketan. Erabaki horrek sendotu egiten du IBMk Euskadirekin duen konpromisoa, eta bat dator Eusko Jaurlaritzak teknologia kuantikoen alde egindako apustu estrategikoarekin, zeina Basque Quantum – BasQ eta Ikerbasqueren bidez sustatu baita. Aipatzekoa da halaber, IBM-Euskadi Konputazio Kuantikoko Zentroan, 2023an iragarritakoa, IBMn ordenagailu kuantiko bat instalatuko dela Ikerbasque eraikinean, DIPCtik metro gutxira; hala, sinergia hori are gehiago indartuz.

DIPCren patronatuaren gaurko bileran Imanol Pradales lehendakaria izan da buru. Mintzaldi esanguratsua egin du, eta, besteak beste, nabarmendu du lankidetza publiko pribatuaren garrantzia.  “IBM DIPCren patronatuan sartzea ez da kasualitatea. Gutxienez bi baldintza bete behar dira —esan du—: politika zientifikoan epe luzerako apustu iraunkorra egitea, eta DIPC bezalako bikaintasun-nodoak sortzea lehenesten duen ingurunea bultzatzea, mundu mailan kokatuko gaituztenak, talentua landu eta erakarriko dutenak eta munduko beste leku batzuekin konektatuta egoten lagunduko digutenak”. DIPCren patronatuan egoteak berretsi egiten du gobernu berriak inpaktu-zientziarekin duen konpromisoa, eta Donostiako zentroak egiten duen abangoardiako ikerketaren garrantzia azpimarratzen du.

DIPCko presidente Pedro Miguel Etxenikek eskerrak eman dizkio lehendakariari bileran parte hartzeagatik, eta hauxe adierazi du: “Gizarte aurreratu batek ikerketa aurreratua behar du. IBM nazioarteko enpresa bat da, eta maila horretako erakunde bat gaur DIPCren patronatuan sartu izana ondo egindako lanaren emaitza da. Alde batetik, gure ikerketa-komunitatearen lanarena, DIPC puntako erakunde gisa kokatu baitu munduan hainbat ikerketa-ildotan. Bestetik, euskal erakunde publiko eta pribatuen lanarena; lan horrek jarraipena izan du politiketan, eta apustu estrategiko ausarta egin da zientziaren alorrean; hori erabakigarria izan da Euskadi zientziaren abangoardian kokatzeko hainbat arlotan”. Halaber, adierazi duenez, “DIPCren eta IBMren arteko harremana erraza eta emankorra izan da urte askoan, baina aurrerantzean jauzi kualitatibo bat egin nahi dugu bi erakundeen arteko lankidetza zientifikoan. Jauzi kuantiko bat”.

IBM Españako presidente Horacio Morell ere bileran izan da, patronatuko kide berri gisa. Nabarmendu duenez, “ohore bat da IBMrentzat DIPCrekin bat egitea; izan ere, erakunde horrek islatzen du bikaintasun zientifikoa, berrikuntza eta, batez ere, lankidetzak mundu mailan eragiteko duen gaitasuna. Gaurko honetan, gure elkarlanaren oinarrietako bat nabarmendu nahi dut: konputazio kuantikoaren alde egiten dugun apustu bateratua. Teknologiaren etorkizuna irekia da, eta, etorkizun horretan aurrera egiteko, ezinbestekoa da elkarlanerako ekosistemak izatea; adibidez, gaur hemen eraikitzen ari garen hau”.

DIPCren patronatua erakunde publikoetako eta maila goreneko erakunde pribatuetako ordezkariek osatzen dute. Hauek dira kideak: Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila; Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila; Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU); Gipuzkoako Foru Aldundia; eta Donostiako Udala. Kideak dira, halaber, Kutxa Fundazioa, EDP, Telefónica eta CAF; eta, gaurtik aurrera, baita IBM ere.

Bilera DIPCren egoitza nagusian egin da; bertatik, patronatuko kideek DIPCren eraikin berriaren obrak ikusi ahal izan dituzte. Instalazio berri horiekin, DIPCk jauzi kualitatibo bat emango du bere jarduera zientifikoan; izan ere, ikerketa-ildoak gehiago dibertsifikatuko ditu, eta jarduera esperimental handiagoa izango du. Datorren urtean 25 urte beteko ditu DIPCk. Urtean 500 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratzen ditu, eta 25.000 aipamen baino gehiago izaten ditu. Gaur egun, 200 ikertzaile ditu kontratatuta, zientziaren hainbat adarretakoak, baita ikertzaile elkartuak ere. Gainera, hainbat herrialde eta kontinentetako 200 bat bisitari zientifiko hartzen ditu urtero. DIPCk gaur egun garatzen dituen ikerketa-proiektuen artean, alor hauetakoak nabarmentzen dira: teknologia kuantikoak, superkonputazioa, adimen artifiziala, partikulen fisika, kosmologia, material aurreratuak, fotonika, egoera solidoaren fisika eta nanozientzia, baita neurofisikako ikerketa-ildo berria ere.

Bideo eta irudi gehiago: https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/98353-salto-cuantico-para-dipc-con-incorporacion-ibm-patronato