Berriak

Zientzia Euskadin Txostena 2024 aurkeztu da

Gaur goizean CIC nanoGUNE-ko egoitzan Juan Ignacio Pérez Iglesias, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako Sailburuak aurkeztu ditu, Amaia Esquisabel Ikerkuntza Zuzendaria, Sara Urionabarrenetxea, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaria eta Fernando Cossío Ikerbasqueko Zuzendari Zientifikoa aldean zituela, Zientzia Euskadin 2024 Txostenaren emaitzak.

Txostenak ikerketa arloko langileei, zientziaren finantzaketari, emaitza zientifikoei eta transferentzia teknologikoari dagozkien Euskadiko emaitza nagusiak bildu ditu, Ikerboost Euskal Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak monitorizatutako adierazleen bitartez.

Zientzia Euskadin 2024 Txostena deskargatu

Lehenik eta behin, azken hilabeteetan ikerketa-lanek izan duten oihartzuna aztertuta, txostenak nabarmentzen du 2023. urtean Euskadik 8.000 argitalpen zientifiko baino gehiago izan zituela, 8.028 argitalpen hain zuzen ere. Honek orain dela 5 urte (2018) baino %25 gehiago izatea suposatzen du. Era berean, dexente areagotu da argitalpenen kalitatea: 2023 urteko ekoizpen zientifikoaren %60a lehen kuartileko nazioarteko aldizkarietan, ospe handiena dutenak alegia, argitaratu da. Ehuneko hau % 33 hazi da azken bost urteetan.

Bestalde nabarmentzekoa da ekoizpen zientifikoaren nazioartekotzeak izan duen bilakaera, azken hamarkadan ia 15 puntu hazi baita: Nazioarteko lankidetzaz landutako euskal argitalpenek 2011 urtean %40a zen eta 2023. urtean % 54raino igo dira. Nazioarteko lankidetza hauetan, Euskadiko ikertzaileek nagusitasunezko posizioa dute, eta kasu askotan, argitalpenen egile nagusiak dira. Bestalde, Euskadin, ikerketen emaitzak argitaratzerakoan, ikertzaileek lankidetzan dihardute munduko eragile zientifiko nagusiekin: Estatu Batuak, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Italia eta lehen mailako ikerketa-zentroekin, hala nola Frantziako CNRS edo Oxford eta Cambridgeko unibertsitateak.

Inbertsioa eta itzulkin ekonomikoa

Eustatek argitaratutako azken datuen arabera, 2022a izan da Euskadin I+Gn gehien inbertitu den urtea, eta historian lehen aldiz 1.800 milioi eurora hurbildu da, aurreko urtearekin alderatuta %9ko igoerarekin (duela gutxi, EUSTATek 2023ko datuaren aurrerapena argitaratu du, inbertsioa 2.002 milioi eurotan kokatuz). Euskadi da BPGren portzentaje gisa I+G jardueretan gehien inbertitzen duen Estatuko autonomia erkidegoa, BPGren % 2, 2 baino altuagoa alegia.

Euskadi autonomia-erkidego aitzindaria da Horizon Europe programatik lortutako biztanleko itzulkinari dagokionez. 2023. urteen artean 162 milioi euro erakarri zituen. kopuru hori 400 M€-raino igo da 2021-2023ko aldian. Horizon Europe programa giltzarrizko tresna bilakatu da Europar Batasuneko ikerketa eta berrikuntza arloko jardueretarako. Programa honen barruan, berariaz aipatzeko modukoak dira ERC laguntzak, ikerketa ezagutzaren mugan jarraitu nahi duten edozein nazionalitatetako eta edozein adinetako ikertzaileei laguntzea xede dutenak. Egun, nazioartean aldarrikatutako bikaintasunaren adierazle bihurtu dira, horietara atxikitako proposamen kopuru handiari nahiz ebaluazio-prozesu zorrotzari erreparatuta. Euskadin, 53 ERC proiektu garatu dira guztira, eta horietatik 24 ERC indarrean daude 2024. urtean, orain arteko gehieneko historikoa.

Sektorekako ekoizpenari dagokionez, Euskadiko zientzia-ekoizpen osoaren % 65 euskal unibertsitateei dagokie - UPV/EHU buru, 2023. urtean indexatutako 4.500 argitalpen inguru dituela-, eta jarraian kokatuta daude osasun sektorea, BERC sarea, zentro teknologikoak eta IKZ zentruak. Azken urteotan, euskal zientzia-sisteman gero eta garrantzi handiagoa duten eragile berriak agertu dira (BERC, Osasun Zentruak eta CIC-IKZ zentroak). Gainera, unibertsitatearen sektorea, BERC, CIC-IKZ, osasun eta teknologiaren arteko lankidetza handitzen da urtez urte.

Azken hamarkadan, Euskadin gehien ikertzen duten arlo tematiko nagusiak mantendu dira; Medikuntza, Ingeniaritza, Materialen Zientzia, Konputazio- Zientziak, Fisika eta Astronomia eta Kimika. Gainera, azken 10 urteetan, Gizarte Zientzietan eta Giza Zientzietan produktibitateak hazkunde nabarmena izan du.

Ikerketa komunitatea

Azken urtean 22.800 pertsona baino gehiago aritu dira ikerketa lanetan Euskadin, hau da, aurreko urtean baino %3 gehiago. Lanaldi osoko ikerketen baliokidetasunean DOBn, 15.000 baino gehiago izango lirateke, eta horrek ikertzaileen goranzko joera finkatzen du. Datu horiek adierazten dute Euskadiko biztanleria aktiboaren %2 baino gehiago I+G jarduerara dedikatzen direla, hau da, Euskadiko 100 langileetatik 2 pertsona ikertzera dedikatzen dira. Ehuneko honek, Euskadi Estatuan autonomia-erkidegoa liderra dela suposatzen du.

576 pertsonek defendatu zituzten doktorego-tesiak Euskadiko hiru unibertsitateetan 2022. urtean. Generoaren ikuspegitik aztertuta egiazta daitekeenez, azken hamarkadan doktorego-tesiak defendatu dituzten gizonen eta emakumeen kopurua antzekoa izan arren, eta euskal unibertsitateetan azken hamar ikasturtetako zazpitan emakume doktore berrien kopurua gizon doktore berriena baino zertxobait handiagoa izan bada ere, Euskadiko ikertzaileen hazkundeak ez du lagundu genero-etena nabarmen murrizten, izan ere, 2022ean, DOBko emakumeen ehunekoa ozta-ozta iritsi da % 35era.