Biofisika institutuko José Vilar Ikerbasque ikertzaileak Europar Komisioko Big Data Horizon Saria irabazi du, 1,2 milioi eurokoa. Kasu hau Europar Komisioko sari bat irabazten den lehen aldia izan da estatu mailan.
Europar Komisioak, Horizon sarien artean, 2018ean herrialde bateko sare elektrikoan elektrizitate fluxua software baten bitartez aurreikusteko erronka proposatu zuen. Honelako software bat garatzea oso interesgarria da, gaur egun elektrizitatea eskala handian ezin baita pilatu, eta beraz, momentuan kontsumitzen ari den elektrizitatea ekoiztu behar baita. Honen ondorioz, gehiegizko produkzioak galera izugarriak ekarri ditzakeen bitartean, gutxieneko produkzioak elektrizitate horniketa eten dezake.
Erronkak bi elementu aurreikusi behar zituen: batetik erabiltzaile partikularren eta konpainien kontsumo elektrikoa, eta bestetik, elektrizitate ekoizpenerako eraginkorrak diren faktoreak, faktore atmosferikoak bezala edota energia berriztagarrien (turbina eolikoak, eguzki-panelak, ...) ekoizpena momentu bakoitzean.
Testuinguru honetan, erronka honen "hasierako puntua" 1.912 elektrizitate linien 5 minuturoko informazioa urte batean zehar izan da, hau da, 200 milio datu baino gehiago. Analisi honen ondorioz, ikerlariek momentuko datuak irakurtzeko eta hurrengo ordurako aurreikuspena egiteko software bat garatu behar zuten.
Europar Komisioko erronka honetan 84 hautagai inskribatu ziren, eta hauetariko 23k beraien emaitzak aurkeztu zituzten. José M.G. Vilar, Biofisika institutuko Ikerbasque ikerlariak, erronka "irabazi du" eta bere lehen postuaren ondorioz 1,2 milioi euro jaso ditu. Honela José Vilar Horizon saria irabazten duen estatuko lehen ikerlaria izan da.
Bere proposamenaren arrakasta garatutako software-aren aurreikuspenen zehaztasuna eta honen azkartasuna izan dira, azken hau ezinbestekoa denbora errealean ekintza korrektiboak aplikatzeko.
José Vilar-ek garautako metodologia oso "ideia berritzaileetan" oinarrituta dago, eta oso aplikazio desberdinak izan ditzake energia edo biomedikuntza bezalako beste diziplinetan. Berak dion bezala, "gaur egungo gizarteko edota industriako erronka garrantzitsuenetarikoak, datu historikoak aztertzean eta hauen garapena aurreikustean dute oinarria".