AZTI itsasoaren eta elikagaien berrikuntzan aditua den zentro teknologikoa partaide duen nazioarteko ikertzaile-talde batek lehenbizikoz deskribatu du Ozeano Atlantikotik Artikorako mikroplastikoen garraio masiboa. Science Advances aldizkari ospetsuak argitaratu du azterketa, funtsezkoa arazo horrek hamarkada gutxiren buruan hartu duen hedapenaz jabetzeko.
Cádizeko unibertsitateko ikertzaile den Andrés Cózar izan du buru taldeak, non AZTI eta Ikerbasqueko Xabier Irigoien ikertzaileak ere hartu duen parte. Zirkulazio termohalinoaren eraginez Atlantikoko plastikoak Artikoan nola sartzen diren deskribatzen du azterketak. Barents eta Groenlandiako itsasoetan aurkitu diren kontzentrazioak zurrunbilo ozeanikoetan eta mediterraneoetan neurtutakoen antzekoak dira; Artikoko gainerako inguruetan, aldiz, askoz ere txikiagoak.
Ozeano Artikoa urruti dagoenez eta haren inguruan jende gutxi bizi denez, uste zen ez ziola askorik eragingo mikroplastikoen kutsadurak, ez behintzat munduko ozeano guztietan eta kostalde oso populatuak dituzten itsasoetan adina (Mediterraneoa...).
Hamarkada gutxiren buruan arazo horrek hartu duen hedadura erakusten du ikerketak. Ezin jakin oraindik zer ondorio eragingo dituen plastikoaren kutsadurak gure itsaso eta ozeanoetan; badakigu, ordea, oso larriak izango direla ondorioak.
Azterketako kalkuluen arabera, 400 bat tona mikroplastiko daude Artikoan, arroz-ale baten tamainakoak gehienak, eta dentsitate handieneko eremuetan milaka partikula daude kilometro karratuko. Partikuletako batzuk bertakoak izan daitezke, areagotu egin baita ontzi-trafikoa Artikoan, baina, ikertzaileen ustez, Atlantikoko kostalde industrializatuetako isurketak ditu jatorri parte handi batek.
Kostaldea garbirik edukitzeko tokiko agintarien artean ikuspegi jasangarria sustatzen duen LIFE LEMA europar proiektuko ikertzaile nagusiak, Oihane C. Basurkok dioenez, "ikerketa horren emaitzek are gehiago nabarmentzen dute plastiko-hondakinak kudeatzeko eta ezabatzeko tresnen premia. Gainera, hondakinak sortzen diren lekutik ahalik eta hurbilena erabili behar dira tresna horiek, ozeanoen zirkulazio orokorrera iristen badira ezin baitira kontrolatu haien azken helmuga eta inpaktua”.