Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak aurkeztu ditu gaur goizean, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako Sailburuordea eta Fernando Cossío IKERBASQUEko Zuzendari Zientifikoa aldean zituela, Zientzia Euskadin 2018 Txostenaren emaitzak. Txostenak ikerketa arloko langileei, zientziaren finantzaketari, emaitza zientifikoei eta transferentzia teknologikoari dagozkien Euskadiko emaitza nagusiak bildu ditu, Ikerboost Euskal Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak monitorizatutako adierazleen bitartez.
IKERBOOST, IKERBASQUEko Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak, EAEn, Estatuan eta nazioartean kontrastatutako informazio-iturrien araberako adierazleak bildu ditu, euskal komunitate zientifikoa karakterizatu eta beste herrialdeetakoekin kualitatiboki nahiz kuantitatiboki konparatzeko aukera errazteko asmoz. “Zientzialariek aldizkari espezializatuetan argitaratzen dituzte ikerketetako emaitzak, beste ikertzaileekin batera partekatzeko; Ikerbasqueko Behatokiak argitalpen horiek guztiak monitorizatzen ditu, ale-kopurua, nazioarteko eragina eta gaien araberako espezializazioa bezalako alderdiak aztertuz”, Fernando Cossío IKERBASQUEko zuzendari zientifikoaren esanetan.
Txostenari buruzko datu aipagarrienetarikoak:
- EAEko ikerketa arloko pertsonalaren lanak 6.000 argitalpen zientifiko baino gehiago eragin zituen 2017an, eta azken 6 urteotan bertako ekoizpen zientifikoak % 50eko hazkundea izan du.
- Euskadin 12.000 pertsona inguruk dihardute ikerketa eta garapen arloko jardueretan.
- Ekoizpen zientifikoaren hazkundearekin batera, nazioarteko lankidetza areagotu eta argitalpenen arloko lidergoari eutsi dio.
- Euskadi autonomia-erkidego aitzindaria da H2020 programa europarretik lortutako biztanleko itzulkinari dagokionez.
Zientzia Euskadin Txostena 2018 osoa deskargatzeko: