Berriak

Teknologia genetiko berri batek garun osoaren mapa funtzionala egitea ahalbidetuko du

Garatu beharreko adierazle genetiko berriak seinale magnetikoa bihurtuko du garunaren jarduera, garuneko jardueraren mapa osoa egiteko aukera erraztuz.

BRAIN ekimenak, AEBetako Obamaren administrazioak bultzatu zuen zientziaren arloko proiektu nagusiak, diru-laguntza eman du UPV/EHUren Leioako campuseko ACHUCARRO zentroak ikerketa-proiektu aitzindaria gara dezan. Prozesu kognitiboei eta zenbait gaixotasuni atxikitako garuneko zirkuituen mapaketan eta jarraipenean mugak gainditu eta bide berriak jorratzea da Ikerbasqueko ikertzaile Mazahir T. Hasan doktoreak zuzendutako lankidetza bidezko proiektu honen helburua. Oinarrizko ikerketatik harantzago, asmo handiko proiektu honen bitartez, aukera berriak zabaldu nahi dira, garuneko zirkuituarekin lotutako disfuntzioak tratatu eta sendatzean, terapeutikak garun osoko zirkuituaren dinamikaren gainean duen eragina probatu eta arakatzeko, etorkizunean giza-garuneko hainbat gaixotasuni aurre egiteko potentzialtasun apartak eskainiz.

Proiektu honek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareari atxikitako hiru zentroren artean dagoen egungo lankidetza katalizatuko du, Pedro Ramos Cabrer doktorea buru duen Donostiako CIC biomaGUNE zentroa eta Jesús Cortés Díaz doktorea buru duen Biocruces Bizkaia Osasun-Ikerketarako Institutua tarteko direla. Biak Ikerbasqueko ikertzaileak dira.

BRAIN ekimena finantzatzen duen Osasunaren Institutu Nazionalak (NIH) 300.000 euroko laguntza eman du esplorazio-proiektu hau abian jartzeko, 2022aren erdialderako lehenengo emaitzak bilduko diren esperoan.

“MRI genetikoari” buruz

Garunak hainbat fenomeno neurobiologiko nola sortzen dituen ulertzeko, behar-beharrezkoa da ikasketa-prozesuan parte hartzen duten garuneko zirkuitu guztien eskala handiko “aktibazio-ereduak” argitu eta denboran zehar duten bilakaera ezagutzea. Helburu honi begira, zelula guztien jarduera arakatzea da erronka nagusia, garun oso-osoan, zeregin espezifikoak egiten diren bitartean. Egungo teknologiek ez dute helburu hori lortu.

Erresonantzia magnetiko funtzionalak (fMRI) garuneko odolaren oxigenazio dinamika erregistratzeko aukera ematen du, baina ezin ditu zuzenean neurtu jarduera neuronalaren aldaketak. Medikuntza arloko diagnostikoan erabili ohi den teknika honek ez du behar adinako sentikortasunik garuneko jarduera neurtzeko eta, horren bitartez, mapa funtzionalak egin ahal izateko. Hartara, Mazahir T. Hasan doktoreak asmatutako proiektuak garuneko jardueraren mapa osatzeko metodo berri bat sortzea du helburu, eta horretarako, etengailuak balira bezala aktibatu edo desaktiba daitezkeen genetikoki kodetutako adierazle magnetikoak erabiltzea proposatzen du.

BRAIN ekimenari buruz

BRAIN ekimena zuzendu eta finantzatzeaz arduratzen den Osasunaren Institutu Nazionala Estatu Batuetako administrazioaren jarduera zientifikoa finantzatzen duten agentzia nagusietako bat da, eta nazioarteko deialdiaren bitartez, teknologia berritzaileetan oinarritu eta giza-garunari buruzko ezagutza-prozesua eraldatzea xede duten ikerketa-proiektu berritzaileak babesten ditu. Deialdiak arras lehiakorrak dira, mundu osoko ikertzaileei irekitakoak. Mazahir T. Hasan doktorearen proiektu hau da estatuko ikerketa-zentro batetik lortu den lehenengoa, eta proiektu osoa EAEko zentro batean garatzea ahalbidetuko du, amerikarrek finantzatuta.