Berriak

Immunoterapia berriak egungo tratamenduei erantzuten ez dieten pazienteen minbizia tratatzeko

Bideoa ikusi

Europako Ikerketa Kontseiluak Proof of Concept laguntza eman dio CIC bioGUNE zentroari, minbiziaren tratamendurako terapia immunologikoei iraultza eragiteko moduko antigorputz bi-espezifikoak garatzeko. Ikerketa honen buru dira Ikerbasqueko ikertzaileak: Jesús Jiménez-Barbero, CIC bioGUNEko zuzendari zientifiko eta Glikobiologia Kimikoko taldeko liderra, eta June Ereño-Orbea, Minbiziaren Glikoimmunologiako Laborategiko burua.

"Bispecific Bi-paratopic Antibodies for the Treatment of Cancer" proiektuak minbiziaren aurkako immunoterapia hobetzea du helburu. Kontrol-puntuen inhibitzaileak aurrerapena izan diren arren, biriketako minbizi ez-txikia (NSCLC ingelesezko siglen arabera) duten pazienteen % 70ek baino gehiagok ez diote erantzuten PD-1/PD-L1 bezalako tratamenduei. Tumoreetako zelulek azido sialikoaren glikanoak sorraratea da horren arrazoietako bat, sistema immunologikoaren erantzuna blokeatzen baitute Siglec hargailuekin bat egitean.

Biriketako minbizi ez-txikia (NSCLC) minbizi-motarik oldarkorrenetakoa da, tratatzen zailenetakoa alegia, eta minbiziak eragindako heriotza-kausa nagusietakoa izaten jarraitzen du mundu osoan. Testuinguru honetan, CIC bioGUNEko taldea, ERC Proof of Concept bekaren laguntzaz, kontrol-puntu immunologikoko (checkpoint) hargailu beraren bi epitopori eragiten dioten antigorputz bi-espezifikoen diseinuan lan egiten ari da, haien funtzio immunosupresorea blokeatuz. Estrategia honek sistema immunologikoa suspertu eta egungo tratamenduen mugak gainditzeko ahalmena du, terapia konbentzionalekiko erresistentzia duten pazienteei alternatiba terapeutiko berriak eskainiz.

Proiektuaren barruan daude antigorputz horien ingeniaritza, egituraren karakterizazioa eta balidazio funtzionala, baita NSCLC ereduetan egindako analisi aurreklinikoak ere, haien eraginkortasuna ebaluatzeko. Gainera, ERC Proof of Concept bekari esker, garapen horren potentzial komertziala aztertu ahal izango da, antigorputz bi-espezifikoak jardun klinikora eramateko asmoz. Era berean, ikerketa-taldeak patenteak eskatzeko eta farmazia-enpresekin lankidetzan jarduteko lan egingo du, teknologia merkatura transferituko dela ziurtatzearren.

Ekimen hon bidez, CIC bioGUNEk garrantzizko aurrerapausoa eman du onkologiaren arloko ikerketan, ikuspegi berriak irekiz tratamenduekiko erresistentzia duten minbiziko pazienteen tratamendurako, bereziki biriketako minbizi ez-txikia eta bestelako tumoreak dituztenentzat.