Berriak

Aurrerapausoak gaixotasun hepatiko metabolikoaren progresioari buruzko ikerketan

“Metabolism” aldizkarian argiratutako nazioarteko ikerlanaren zuzendariak dira Malu Martínez-Chantar doktorea, BRTAri atxikitako CIC bioGUNEko eta CIBEREHDeko Gaixotasun Hepatikoen Laborategiko Taldeburua, eta Teresa Cardoso Delgado "Ramón y Cajal" eta Ikerbasqueko ikertzailea, Biobizkaia Osasun Ikerketarako Institutuko (Biobizkaia OII) kidea, CIMUS, ISPA, CINN, IUOPA, UPV/EHU eta Erresuma Batuko UCL erakundeetako lankideekin batera. Ikerketak agerian utzi ditu gaixotasun hepatiko metabolikoan (EHmet) glutaminasa 1 (GLS) entzima hepatikoaren erregulazioari eusten dioten mekanismo potentzialak, eta GLSak gibeleko amonio-metaketan duen garrantzizko eginkizuna nabarmendu du, hauxe baita esteatohepatitisaren ezaugarri bereizgarria.

Gibeleko gaixotasun metabolikoa (EHmet), lehen gibel koipetsu ez-alkoholikoaren gaixotasuna (NAFLD) izenaz ezagutzen zena, gibeleko gaixotasun kronikorik ohikoena da mundu osoan, % 30eko prebalentzia globalarekin. Esteatohepatitisa (MASH) EHmet-en aldaera progresiboa da, zelula hepatikoen gaineko gantz pilaketa nabarmena (esteatosia), gibeleko zelula hilak (“balooining” eta degenerazioa) eta gibelaren hantura ditu bereizgarri. MASH duten pazienteek gibelarekin lotutako morbilitatea eta hilkortasuna pairatzeko arrisku handiagoa dute, baita fibrosi hepatikoa, zirrosia, gibeleko minbizia eta gaixotasun kardiobaskularrak bezalako komorbilitate metabolikoak ere. Garrantzitsua da esteatosi sinpletik MASHera igarotzeko mekanismoak eta azpiko kausak ulertzea, arriskuko pazienteak eta balizko diana terapeutikoak bereizi ahal izateko.

Ikerlan honetan, egileek frogatuta utzi dute glutamina glutamato bihurtu eta amonioa azpiproduktu toxikotzat ateratzen duen glutaminasa 1 (GLS) entzima MASHaren bereizgarria dela modelo aurreklinikoei zein EHmet duten pazienteei egindako gibeleko biopsietan. Iradoki denez, amonioa EHmet-arekin lotutako disfuntzio multiorganikoa zein gaixotasunaren progresioa eragiteko moduko faktore patogenikoa izan daiteke. Ildo horretan, nabarmentzekoa da EHmet-eko modelo aurreklinikoetan gibeleko GLSa murriztea nahikoa izan dela gibeleko amonioa ere murrizteko, eta honek argi utzi du entzima horrek eginkizun garrantzitsua duela EHmet-ean gertatu ohi gibeleko amonio-metaketa patogenikoan.

Gainera, egileek deskribatu dutenez, bakterio mota batzuen mintzean dauden lipopolisakaridoa (LPS) izeneko tamaina handiko molekulak GLSa areago dezake gibelean, eta LPSaren Toll 4 motako hartzailea (TLR4) farmakologikoki inhibituz gero, GLSa areagotzea zailtzen da. Oro har, emaitza hauek guztiak bat datoz hesteetako mikrobiotak eta produktu bakterianoek hainbat mekanismoren bitartez gibelari zuzenean nahiz zeharka eragin eta EHmet zein bestelako gaixotasun hepatikoak sor ditzaketela dioen literatura zabalarekin.

Proiektu hau gauzatu ahal izateko, funtsezkoa izan da Espainiako Gobernuko Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak (AEI), Ikerbasque Fundazioak, La Caixa Fundazioak, Carlos III Osasun Institutuak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Gilead Sciences Ikerketa arloko Bekadunen Nazioarteko Programak eta CIBERehd delakoak emandako babes finantzarioa.

Erreferencia bibliografikoa

The lipopolysaccharide-TLR4 axis regulates hepatic glutaminase 1 expression promoting liver ammonia build-up as steatotic liver progresses to steatohepatitis. Metabolism. DOI: 10.1016/j.metabol.2024.155952.